}

100 tonako onddoa

1992/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Balea urdina baino gehiago pisatzen duen eta 20 futbol-zelai baino gehiago okupatzen duen onddoaren izena "Armillari Bulbosa" da eta Iparramerikan Superior lakuaren hegoaldean dagoen Michigan estatuan aurkitu dute.

Adina 1.500 eta 10.000 urte-bitartekoa da eta bere jatorria espora xehe bat izan zen. Espora hau lurrazpian garatuz joan da eta 150.000 metro karratutan zehar zabaldu da.

Datu hauek Toronto-ko unibertsitateko Botanika-Saileko James Anderson irakasleak eta Myron Smith ikasleak 1988. urtean hasitako ikerketei esker bildu dira. Onddo hau, beste guztiak bezala, zirkulua osatuz zabaldu da eta garatuz joan da mizelioak bertako ongarriak kontsumitu arte. Ikerlariek diotenez, onddoa bere tamaina maximora iristear dago, zeren eta inguruan beste onddo batzuek hesia osatzen bait dute.

Orain arte "Armillari bulbosa"z estalitako inguruan landare asko zeudela pentsatzen zen, baina berriki egindako ikerketek, onddo hau hazi bakar baten ondorio dela frogatu dute.

Kalifornian dagoen Berkeley-ko unibertsitatekoa den Thomas D. Bruns ikerlariak honakoa dio: "Jendeak, onddoak izaki txikiak direla pentsatzen du, baina, oro har lurrazpian garatutako hazi baten ondorio dira".

Onddo-espezie hau gorrixka da, baina alerik zaharrenak beltxaxkak dira. Jangarria da eta "ezti-txanpinoi" da bere izen arrunta. Anderson ikerlariak dioenez, jangarria izateaz gain oso zapore onekoa omen da.

Berri hau zabaltzearekin batera, antzeko beste berri batzuk ere jakin dira. Adibidez, Washington-go estatuan 6.000.000 metro karratu hartzen dituen eta bertako zuhaitzez elikatzen den "Armillaria bulbosa" bat aurkitu omen dute.

Zer esanik ez, naturako fenomeno honek basoa ustiatzen duen konpainiari arazo larriak ekar diezazkioke; zuhaitzik gabe gera bait daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia