Suitzako mendiak: Jungfrau-Aletsch-Bietchhorn
2010/01/01 Elhuyar
Elur iraunkorrak eta inork zapaldu gabeak, 4.000 metrotik gorako tontorrak, glaziarrak eta haranak. Jungfrau-Aletsch-Bietchhorn eskualdea da Suitzako Alpeetako paisaia txundigarrienetako bat. Berna eta Valais-eko kantoietan kokatua dago.
54.000 hektareako azalera du, eta UNESCOren gizateriaren ondare naturalen zerrendan dago 2001. urteaz geroztik. Haren edertasuna, fauna eta flora alpinoaren dibertsitatea eta aberastasun geologikoa: arrazoi horiek eraman dute gune hau zerrendara horretara. Han dago Europako glaziar handiena. Aletsch mendigunean jaiotzen da, eta tontor elurtuen azpitik egiten du bere bidea 23 km-an zehar. 900 metro sakoneko izotz-geruza du.
Eskualde honen % 95 birjina da; % 5 besterik ez du eraldatu gizakiak. Zatitxo horretan, oinezkoentzako bidexkak, eski-pistak eta teleaulkiak jarri dira. Baita orain dela hamar urte inauguratu zuten zientzia-estazio ikusgarri bat ere: Sphinx behatokia. Eraikin txiki horretan, 3.500 metroko altueran, zientzialariek glaziarren progresioa, klima-aldaketaren ondorioak eta ingurumenaren fisika ikertzen dituzte. Europan ez dago hain altuera handian eraiki den eraikuntzarik.
Neguan, elurrak zuriz janzten ditu bailarak, eta, udaberrian, kolore berde distiratsua erakusten dute. Jungfraubhan trena, ordea, lau urtaroetan da paisaiaren parte. Elur-ekaitzik bortitzenak ere ez luke XIX. mendeko ingeniaritza-obra hori geraraziko.
Eraiki zuten garaiko espirituaren isla da trenbidea. 1896an eraiki zuten, erromantizismoaren eta naturaren gorespenaren gorenaldian. Urte haietan hasi zen jendea lehenengo aldiz entzuten bidaiariek naturaren mirariei, ur-jauziei eta glaziarrei buruz kontatzen zituzten istorioak. Mendira zihoazen lehenengo turistak agertu ziren Suitzan, eta horrek eskualdearen garapena sustatu zuen. Horrela jaio zen trenbidearen proiektua. Trenak 2.000 metroko altueran hasten du bere ibilbidea, eta 3.500eraino igotzen da, Jungfraucoch-eko geltokiraino. Europako tren-geltoki garaiena da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia