Nazio Batuek 2011. urtea Basoen Nazioarteko Urtea izendatu duten honetan, Conservation International erakundeak munduko 10 baso mehatxatuenen zerrenda argitaratu du. Jatorrizko habitataren % 90 edo gehiago galdu dute baso horiek, eta, gutxienez, 1.500 landare-espezie endemiko dituzte. Gainera, Conservation Internationalen arabera, bilioi bat pertsona inguru bizi da 10 baso hauetan edo haien inguruan, basoetako baliabideak zuzenean edo zeharka ustiatuz.
Txinako hego-mendebaldeko mendiak
Mendi hauetan bizi da panda handia, kontserbazioaren ikur ezaguna, eta baita haren lehengusu txikia ere, panda gorria (argazkian). Gainera, bertako ibai-sistema izugarri aberatsa da espezietan. Bertan dago munduko zentral hidroelektrikorik handiena ere, Three Gorges Dam, eta ibai nagusi gehienetan presak egitea dago planifikatuta.
Kaledonia Berria
Bost landare-familia endemiko daude Kaledonia Berriko basoetan. Han hazten dira ezagutzen den konifera parasito bakarra eta munduko araukaria-espezieen bi herenak, denak endemikoak. Gaur egun, jatorrizko basoaren % 5 baino ez da gelditzen.
Hego Amerikako baso atlantikoa
Brasilgo, Paraguaiko, Argentinako eta Uruguaiko baso tropikaletan 20.000 landare-espezie inguru daude, % 40 endemikoak; eta desagertzeko arriskuan dauden dozena pare bat ornodun.
Kaliforniako basoak
Sekuoia erraldoien eta azken Kaliforniako kondorren bizilekua. Behinola bertan bizi izan ziren grizzly hartzak desagertuak dira dagoeneko lur hauetatik. Nekazaritza komertzialak kendu dizkio lur gehienak basoari; bertan ekoizten da AEBn kontsumitzen diren barazkien erdia.
Madagaskar eta Indiako Ozeanoko irlak
Isolamenduan eboluzionatu duten espezieen adibide ugari biltzen dituzte baso hauek, endemismo-maila izugarriarekin. Afrikatik gertu egon arren, espezie erabat desberdinak bizi dira irla hauetan, Madagaskarko 50 lemur-espezieak kasu. Nekazaritza, ehiza, egurraren industria eta meatzaritza hazten ari diren mehatxuak dira.
Afrikako ekialdeko mendiak
Arabia Sauditik hasi eta Zimbabwera bitartean dauden mendiek antzeko flora dute. Han daude munduko lakurik harrigarrienetako batzuk ere. Laku handi horietako biodibertsitatea izugarria da; besteak beste, 617 arrain-espezie endemiko daude.
Afrikako ekialdeko kostako basoak
Zanzibarko kolobo gorria amu turistiko bihurtu da. Baso hauetako hiru tximu endemikoetako bat da. Jatorrizko basoaren % 10 baino ez da gelditzen, eta gelditzen dena oso fragmentatuta dago.
Indo-Burma
Indiako ekialdean eta Txinako hegoaldean jatorrizko baso tropikalen % 5 baino ez da gelditzen. Hango ibai eta padurek ekosistema aberatsak osatzen dituzte; bertan bizi dira munduko ur gezatako arrainik handienetako batzuk. Padurak suntsitu dira arroz-soroak egiteko, ibaietan presak egin dira elektrizitatea sortzeko, eta mangladiak ganba-haztegi bihurtu dira.
Filipinak
Munduko lekurik aberatsenetako bat, biodibertsitateari dagokionez. Espezie endemikoz beterik daude Filipinetako basoak: besteak beste, 6.000 landare-espezie eta hainbat hegazti, hala nola Filipinetako arranoa (Rhacophorus pardalis), munduko bigarren arrano handiena.
Sundaland
Borneo eta Sumatra uharte handiak dira nagusi eskualde honetan. Hango basoetan soilik bizi dira orangutanak. Basogintza industriala (kautxua eta palma-olioa, besteak beste) eta animalien trafikoa dira mehatxu nagusiak.