Hunkitzen duen basabizitza
2015/12/01 Elhuyar
Don Gutoski kanadarrak azeri gorri bat ikusi zuen elurretan animalia zuri baten atzetik. Gerturatzean, konturatu zen azeri zuri bat zela. Animalia handienak txikia harrapatu, eta ase arte jan zuen. Nahikoa jan zuenean, honela azaldu zen azeri gorria, zuriaren gorpua arrastaka zeramala.
Argazkian, Lurraren berotze globalak Kanadan utzi duen aztarna geratu da agerian. Azeri arrunta iparraldera zabaltzen ari den honetan, bere kide txikiagoa den azeri artikoarekin egiten du topo gero eta sarriago. Azeri artikoen lehiakide bihurtu da orain, baita haren predatzaile nagusi ere. Don Gutoskiren argazkia bada nahikoa adierazgarri!
Natural History Museum-ek eta BBC Worldwide-k urtero antolatzen duten Wildlife Photographer of the Year 2015 lehiaketako irabazle suertatu da argazkia. Don Gutoski larrialdietako medikua da berez, baina gaztetatik zaletu zen basa bizitzaren argazkilaritzan. 40 hektareako lursaila du bere gozamenerako; bere horretan —basati— mantentzen saiatzen da, eta hamaika argazkitarako aitzakia ematen dio.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia