Polotik polora eta itsasotik sabanara, animalia, landare eta paisaien argazki ikusgarriak ekarri dizkigu, aurten ere, Veolia Environnement Wildlife Photographer of the Year lehiaketak. Hona hemen Elhuyar aldizkarian egin dugun aukeraketa bat.

Entrenamendua (Practice run)

Entrenamendua (Practice run)

Grégoire Bouguereau (Frantzia)
Gepardo emeak gazela txikia harrapatu baina hil ez, eta bere kumeen zain gelditu zela ikusi zuen Bouguereauk. Ia hamar urte daramatza Serengetiko Parke Nazionalean gepardoak ikertzen, eta jokabide hura ezagutzen zuen: ehiza-lezioa hastera zihoan.

Arg. © Grégoire Bouguereau (Frantzia)

Izotzak inporta du (Ice matters)

Izotzak inporta du (Ice matters)

Anna Henly (Erresuma Batua)
Svalbarden, urrian, itsasontzi batean zegoen Henly, goizeko lauretan hartz hau ikusi zuenean, puskatutako izotz-plaketan zehar ibiltzen. Zalantzati zebilela zirudien, pisua non jarri oso ongi ez zekiela. Arrain-begi objektiboa erabil izuen irudi kontzeptual hau sortzeko: “goi harrapari bat planetaren goialdean, eta haren izotzezko mundua puskatzen”.

Arg. © Anna Henly (Erresuma Batua)

Elkarri neurria hartzen (Sizing up)

Elkarri neurria hartzen (Sizing up)

Klaus Tamm (Alemania)
Neriidoen familiako euli hankaluze hauen dantzarekin sorginduta gelditu zen Tamm. Arren borroka-dantza zen. Elkarren inguruan biraka hasten ziren, eta elkarri bultzaka gero. Orduak eman zituen Tammek ikuskizun hari argazkiak ateratzen.

Arg. © Klaus Tamm (Alemania)

Ihesaldia (The great escape)

Ihesaldia (The great escape)

Yves Adams (Belgika)
2012ko neguan, Itsaso Beltzaren kostaldean, Bulgarian, ehiza-garaia bukatua zen Branta ruficollis hegazti mehatxatu hauek iritsi zirenerako. Itsas arrano buztanzuriak bakarrik zituzten etsai. Hain zuzen ere, haietako baten erasoak eragindako ihesaldia harrapatu zuen Adamsek argazki honetan.

Arg. © Yves Adams (Belgika)

Gaueko arrisku-argia (Warning night light)

Gaueko arrisku-argia (Warning night light)

Larry Lynch (AEB)
Myakka River State Park-en, Floridan, sasoi lehorra zen, eta kaimanak aseta zeuden putzuetan harrapatuta gelditu ziren harrapakin errazekin. Kaiman handi honek “ez zuen presarik inora joateko —dio Lynch-ek—, beraz, tripodea eta kamera kaimanaren parean jarri, metro gutxira, eta haren begiak enfokatu nituen”. Ilunabarra zen, eta Lynch-ek minimoan jarri zuen flasha, nahikoa kaimanaren begietan isla gorri hori eragiteko.

Arg. © Larry Lynch (AEB)

Une izoztua (Frozen moment)

Une izoztua (Frozen moment)

Paul Nicklen (Kanada)
Foka leopardoetatik ihesi, pinguino enperadoreak ziztu bizian ateratzen dira, Antartikako Ross eskualdean. Uretatik bi metroko altuerako jauzia egiteko gai dira. Behin lehorrean salbu, 10 km-ra dagoen koloniara, tripa betearen gainean irrist eginez, hiru asteko bidaian bildu duten janariaz txitak elikatzera. Eta buelta berriz…

Arg. © Paul Nicklen (Kanada)

Fairy Lake-eko izeia (Fairy Lake fir)

Fairy Lake-eko izeia (Fairy Lake fir)

Adam Gibbs (Kanada/Erresuma Batua)
Vancouver uharteko mendebaldean dagoen Port Renfrew inguruan baso-mozketa handiak egin dira. Horregatik, Gibbsentzat sinbolikoa da Fairy Lake aintziraren erdian, enbor zahar baten gainean, bizi den Douglas izei txiki hau.

Arg. © Adam Gibbs (Kanada/Erresuma Batua)

Bilketa arriskutsua (Perilous pickings)

Bilketa arriskutsua (Perilous pickings)

Jenny E. Ross (AEB)
Itsaslabarrean elurrezko orbain bat zirudien hasieran, baina, gerturatutakoan, hartz zuri bat zela ikusi zuen Ross-ek. Novaya Zemlya artxipelagoan (Errusia), hartz gazte hau, labarrean behera egin nahian ari zen, ipar-martinen arrautzak helburu.

Arg. © Jenny E. Ross (AEB)

Duelua (The duel)

Duelua (The duel)

Sergey Gorshkov (Errusia)
Maiatzaren bukaeran, 250.000 elur-antzara inguru iristen dira Ipar Amerikatik Errusiaren iparraldean dagoen Wrangel uhartera. Azeri artikoentzat aukera bikaina da, baina antzarei arrautzak lapurtzea ez da erraza izaten.

Arg. © Sergey Gorshkov (Errusia)

Enperadoreak burbuila artean (Bubble-jetting emperors)

Enperadoreak burbuila artean (Bubble-jetting emperors)

Paul Nicklen (Kanada)
Argazki hau izan da aurtengo irabazlea. Gogo handia zuen Nicklen-ek irudi hau lortzeko: eguzkiak argiztatutako pinguino enperadore multzo bat, ziztu batean gorantz, atzean burbuila-arrastoak utziz. Ross itsasoan izan zen, Antartikan. Pinguinoentzako irteera-zulo aproposa izan zitekeenetik uretara sartu eta pinguinoen zain gelditu zen Nicklen, hodi batetik arnastuz eta geldirik egon ahal izateko hankak izotzari lotuta, pinguinoak beldurtu ez zitezen. Eta etorri ziren. Ez zen erraza hatz izoztuekin enkoadratzea eta enfokatzea; hain azkarrak ziren. “Ikuskizun zoragarria izan zen —dio Nicklenek—, ehunka atera ziren abiada bizian, nire gaineko izotzetara. Izugarri zorionekoa sentitu nintzen sekula ahaztuko ez dudan une hura bizi ahal izateagatik”.

Arg. © Paul Nicklen (Kanada)