Unibertso paraleloak; Geotermiaren aukerak; Ura Ilargian; Zur-zuntza nekazaritzan

Unibertso paraleloak
CERNeko LHC partikula-azeleragailuak laster unibertso paraleloak badirela egiaztatzen duten frogak aurkitzea espero da. Zientzia-fikzioa dirudien arren, toki horretan egiten ari diren energia handiko fisikako saiakuntzek berretsi egingo dute teoria horien balioa.

Geotermiaren aukerak
Geotermia Islandiarekin, Kanariar Uharteekin eta antzerako tokiekin lotu ohi da. Azkenaldian, ordea, ikusi da benetako aukera bat dela Euskal Herrian berotzeko zein hozteko instalazio geotermikoak erabiltzea. EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailak geotermiari buruzko hitzaldi-zikloa hasi du Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Hitzaldiak azaroaren 3an, 10ean eta 17an izango dira, eguerdiko 12etan, Leioan.

Ura Ilargian
NASAko LCROSS zundak baieztatu duenez, Ilargiaren hegoaldeko kraterretan ur izoztu asko dago. Iazko urrian NASAk suziri bat jaurti zuen Cabeus kraterrera, eta 20-30 metroko zabalerako zulo bat egin zuen. Ondoren, LCROSS zunda bera ere kraterraren kontra jaurti zuten. Ordutik hona egin diren azterketek diotenez, ura ez ezik, sakonera txikian mineralak era badira ilargian.

Zur-zuntza nekazaritzan
Zur-zuntza laborantza hidroponikoan substratu gisa erabiltzeko eraginkorra dela adierazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin den doktore-tesi batek. Zur-zuntza industria-jarduera baten azpiproduktua da, eta, material organikoa denez, ez du arazorik eragiten hura desegin behar denean.

Unibertso paraleloak; Geotermiaren aukerak; Ura Ilargian; Zur-zuntza nekazaritzan

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali