Txapa-konformazioari buruzko Workshop-a / Bidaiak denboran Google Earth-en eskutik / Eguzki-paneldun etxeak Japonen / Multimedia gida interaktiboa Bilboko turistentzat.

Txapa-konformazioari buruzko Workshop-a / Bidaiak denboran Google Earth-en eskutik / Eguzki-paneldun etxeak Japonen / Multimedia gida interaktiboa Bilboko turistentzat.

Txapa-konformazioari buruzko Workshop-a
Datorren asteazkenean, hilaren 26an, txaparen konformazioa egiteko teknologiei buruzko tailerra edo workshopa izango da Garaia Berrikuntza Poloan, Mondragon Unibertsitateak eta Tecnalia Automocion-ek antolatuta. Han erakutsiko zaizkio industriari metalak modelatzeko dauden teknologiarik aurreratuenak, hala nola, hidrokonformazioa, laser bidezko konformazioa, konformazio elektromagnetikoa, beroko estanpazioa, konformazio adimenduna eta beste hainbat teknika. Haien guztien aplikazioak ikusteko aukera ere izango dute tailerrera hurbiltzen direnek.

Bidaiak denboran Google Earth-en eskutik
Google Earth, orain arte sateliteko 3 dimentsioko irudiak erabiliz mapa-zerbitzua emateagatik ezaguna zenak, aukera berria eskaintzen hasi da orain: denboran atzera bidaitzeko aukera ematen du. Antzinako Erromara egin daiteke bidaia, birtualki bada ere. Hala, nahi izanez gero Imperial Forum-era joan eta Giulia Basilikan sar zaitezke, edo Circus Maximus-era joan eta Ben Hur imaginatu…

Baina ez da arkeologia han aurkituko duguna. 3 dimentsiotan egindako Erromako errekreazio historikoa da, eta berau sortzeko iparamerikar eta italiar adituek egindako arkitektura birtualean oinarritu dira. Google-en arabera, Italiara bidaia erreala egitea bezain aberasgarri izan daiteke.

Eguzki-paneldun etxeak Japonen
Ota hiri japoniarra da hau, Tokiotik 80 km-ra dagoena. Han, 550 etxek baino gehiagok doaneko eguzki-panelak jaso dituzte gobernuaren eskutik, komunitatean eguzki-energiaren iturriak erabilita energia elektrikoaren etenaldiak gertatzea eragozteko proiektu baten barnean.

Etxe hauetan, aplikazio elektriko guztiak eguzki-energiak elikatuak dira. Eta, inolako soberakinik izanez gero, elektrizitate hori hango konpania elektrikoari saltzeko aukera dute. Proiektu honek, hortaz, eguzki-panelak dituzten etxe pribatuetako elektrizitate-soberakinaren arazo tekniko asko konpontzeko ere balio izan du.

Multimedia gida interaktiboa Bilboko turistentzat
Pasa den hilabetean esperientzia berri bat jarri zen martxan Bilbon. Dómine Hotelean ostatu hartu zuten turistek multimedia gida interaktibo bat izan zuten haien esku, Bilbon zehar ibiltzeko. GPS bat du gidak eta turistak nahi bezala antola ditzake bere ibilbideak, beti ere hiriari buruzko informazio ugari eskura duela: agenda kulturala, erosketak non egin, farmaziak, jatetxeak, ibilbide interesgarriak… Gida sortu duten K 2000 eta Úbiqa enpresak pozik azaldu dira emaitzarekin, eta etorkizunean berriz ere turisten esku jartzeko asmoa azaldu dute.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali