Mikrofabrikazioa
Mikrofabrikazioa du helburu makinak, pieza oso txikiekin lan egitea, eta zeregin horri egokitutako ezaugarriak ditu. Horietako bat makinaren egitura da, granitozkoa izanik tenperatura-gorabeherak ondo jasaten dituelako; egonkorra da, beraz. Egituraren gainean kokatutako gidatzeko sistema, pieza hartzen duen orga alegia, marruskadurarik gabeko sistema bat da, haize-presioz mugitzen baita, lebitatzen balego bezala. Eta horrek, besteak beste, zehaztasuna eskaintzen dio makinari. Aurreko guztiarekin batera, lanean hasten denean, erremintaren abiadurak ematen du atentzioa: minutuko 120.000 bira. Lan bizkor egiten du makinak; hura egitea, aldiz, lan mantsoagoa izan da:
PEIO OLASKOAGA; Ideko ik4: Martxan jarri genuen duela lau urte, eta lau urtez ibili gara makinak zer ezaugarri izan behar zituen zehazten lehenengo, eta gero teknologiak garatzen. Bukatu dugu duela hilabete batzuk: prototipoa martxan jarri eta lehenengo probak egin ditugu.
Prototipoa eraikitzeko, makina bat proba egin dituzte Elgoibarko zentro teknologikoan, baina gutxi jendaurrean. Gaur,Teknopoliseko kameren aurrean egin beharko du lan, eta gure programaren kareta altzairuzko pieza txiki baten gainean mekanizatzeko enkargua egin diogu.
Beharrezkoak dituen aginduak jaso orduko lanean hasi da mikrofresatzeko makina. Zarata txiki bat entzuten da, beste ezer ez. Adi begiratuz gero, mugimendu apur bat ere nabaritzen da, fresa zerbaitetan ari dela nabaritzen da, baina ez dago ikusterik zertan ari den. Erreminta biraka ari dela, besterik ez da ikusten.
Makina egiten ari den lanaz hobeto jabetzeko, geratu eta kamera txiki bat jarri diote gainean. Kamerak ordenagailuaren pantailan erakusten du lana. Doitasun submikrometrikoaz lanean aritu ondoren egindako lana agerian geratzen da. Zer den doitasun submikrometrikoaz lan egitea? Begira gaudenotako bati buruko ile bat kendu eta piezaren gainean jarri dute. Orain begi bistakoa da mikrofresatzeko makinaren gaitasuna: egindako lana ez da ilearen lodierara iristen.
Jakina, ilearen proba ez da batere zientifikoa. Makinak duen gaitasunaren adierazgarria izan daiteke, oso argia begira dagoen edonorentzat. Baina teknologikoki ez da onargarria.
Zalantzarik egon ez dadin, egin den lana behar bezala burutu dela egiaztatzeko, Idekon laserrean oinarritutako neurketak egiten dituzte. Gune berezi bat dute horretarako, eta saikauntza askotan erabiltzen dute. Piezaren alderdi asko aztertzen dira neurketa horietan: zehaztasuna ardatz guztietan, mekanizatuaren kalitatea, leuntasuna, eta abar.
Mikrofresatzeko makinarekin orain arte egin dituzten probetan ikusi dutenez, prototipoaren inguruan zituzten aurreikuspenak betetzen ari dira. Beharrezko egokitzapenak eginez gero, eta mikrofabrikazioaren arloan espero den iraultza gertatzen bada, industriarentzat oso makina erabilgarria izan daitekeela uste dute.
PEIO OLASKOAGA; Ideko ik4: Erabiliko dugu pieza txikiak eta xehetasun oso txikiekin lan egiteko, zehaztasun handiko piezak lortzeko. Izan daitezke bai optika-sektorearentzat edo medikuntza-sektorearentzat edo beste arlo tradizionalagoetarako; adibidez, erlojuak egiteko edo bitxiak egiteko, eta horrelako gauzak, behar dituztenak oso xehetasun txikiak lortzea bai metaletan edo beste material batzuetan, eta, horretaz gain, zehaztasun handia eta akabera oso onak behar dituztenak.
Akabera on-onak eta pieza oso-oso txikietan. Ezaugarri horiek dituzten piezak egin ahal izateko, ezinbestekoa da, besteak beste, altzairua landu behar duen erremintaren higidurak zehatzak eta erabat kontrolatuak izatea. Mikrofresatzeko makina mugiarazteko kontrol- eta erregulazio-sistemak propio garatu dituzte, Fagor Automotion-en, Eskoriatzan.
Sistema optikoetan oinarritutako erregela-mota berri bat sortu dute mikrofresatzeko makinarentzat, higidura-sistemetako neurketak egin ditzan. Erregela berri horiek badute berezitasun bat: ez doaz makinan bertan txertatuta, itsatsi egiten zaizkie. Orain arte Fagorren garatu zituztenak baino zehatzagoak dira.
IMANOL BARRENETXEA-ARANDO; Fagor Automation: Fagor Automation: Orain arteko neurketa gehienak erabili izan dira beti mikrometrotan, milimetroaren milarenetan, eta gaur egungo teknologia honen eskariz nanometroetara pasatu behar izan dugu, hau da, doitasun mila aldiz handiagora.
Makinaren zenbakizko kontrolak ere bide berari jarraitu behar dio, hau da, programazioa nanometrotan egiten du.
IMANOL BARRENETXEA-ARANDO; Fagor Automation: Horrekin lortzen duguna da piezaren bukaerako profila izatea zehatzagoa eta leunagoa.... mekanizatzen da askoz ere hobeto, makina xuabeago doa eta hori da azkeneko etekina: gure bezeroak eskatzen digun pieza hori xuabeagoa eta gozoagoa da.
Pieza txikiak, mugimendu mikrometrikoak, eta neurri zehatzak. Altzairua edo bestelako materialak jan behar dituzten erremintek, barautsek, ideia berari jarraitzen diote.
Seguran egin dituzte barautsak, Kendu kooperatiban. Adituak dira horretan; hala ere, mikrofabrikazioan erabiltzeko moduko barautsak egitea erronka handia izan da Kenduko teknikarientzat. Propio sortu dituzte barauts berriak mikrofresatzeko makinarentzat.
JOSE MARI GEREÑU; Kendu: Zailtasun asko, guretzat produktu berri bat zen: produktu berria eta oso berezia. Horregatik, lan dezente kostatu zaigu hori lortzea, baina nik uste dut orain pozik gaudela lortu dugunarekin, Kendu barruan asko saiatu garelako hori lortzeko.
Hasi ginenean ez genekien lortuko genuen edo ez. Izan ere, munduan zehar ez daude asko hori lortu dutenik, eta Espainian bakarrak gara, ezta? Poz handia alde batetik, eta gero, bestaldetik, ireki dizkigu ate asko.
Mikrobarautsak egiteko prozesua widiazko barratxoetatik abiatzen da; hau da, altzairua eta tungstenoa nahasiak dituzten metalezko barratxoetatik. Barautsa handia edo txikia izan, funtsean berdintsua da prozesua, baina hain erreminta txikiak egiteak zailtasun handiak ditu. Mugimendu zehatz eta neurtuen bidez egiten dira mikrobarautsak, metal gogorra jateko diamantezko buruak erabiliz. Emaitza harrigarria da: aldi berean gogor-gogorrak eta oso hauskorrak diren erremintak. Hau da, erreminta horiek altzairua eta bestelako materialak ebakitzeko gauza dira, baina mugimendu oker bat eginda edo une desegokian eginda, berehala hausten dira.
Mikroskopioan ikusita, 0,1 mikrometroko lodierako barautsak are harrigarriagoak dira. Pentsatzea hain buru txikian horrelako labirinto bat egon daitekeenik ere!
Barauts guztiak ez dira mikroskopiotik begiratzen, ez dira guztiak banan-banan neurtzen, baina, tarteka, eskaera bakoitzetik sorta batzuk ondo daudela egiaztatzen dute. Barauts gehienek lan bereziak egin behar izaten dituztenez, gogortasuna eta iraupena areagotzeko, kanpora bidaltzen dira, tratamendu termikoak zein estaldura-tratamenduak jasotzeko.
Mikrofresatzeko makinaren azken helburua industria da, mikrofabrikazio-lerroetan erabilia izan dadila, baina proiektuak bestelako helburuak ere baditu.
PEIO OLASKOAGA; Ideko ik4: Proiektu hau sortu zen Idekok ikusi zuelako estrategikoki mikrofabrikazioa izan daitekeela etorkizunerako eremu oso interesgarria, bai inguruko enpresentzat eta baita guretzat ere. Orduan sortu nahi izan genuen, proiektu baten bitartez, teknologia horien guztien jabe egiteko aukera bat, eta nik uste dut alde horretatik lortu dugula. Horretaz gain, proiektuak eman digu aukera hainbat bazkide ezagutzeko, eta baita gure prototipo honekin, gure laborategia ekipatzeko, Eta hemendik aurrera, aukera izango dugu prototipo honen bitartez hainbat mekanizazio egiteko, oso zehatzak, eta eskaera oso zehatzekoak.
Makina-erremintaren zentroak Europa mailan gidatu duen proiektuaren ondorio nagusia mikrometroaren azpiko mailan lan egiteko prototipoa da, hori eta teknologia horiei buruzko jakintza eta abilezia eskuratzea. Noizbait mikrofabrikazioaren eztanda gertatzen bada, proiektu honetan parte hartu dutenek egin beharreko bidearen zati bat dagoeneko ibilia izango dute.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







