Kongo, gorilen paradisua
2009/05/27
Elhuyar
Iturria:
Teknopolis
Transkripzioa ikusi
Afrika beltzak gure planetako txoko aberatsenetako bat ezkutatzen du bere erraietan. Kongoko Errepublika Demokratikoaren gainetik hegan eginez gero ikus daitekeen parajea: bi milioi kilometro karratuko landaretza ikusgarria. Oihan izugarri honek Afrikako zazpi herrialderen mugak gainditzen ditu. Amazonakoaren ondotik, munduko handiena.
Ekuatoreak zeharkatzen du Kongoko lurraldea; heren bat Hego hemisferioan kokatzen da, beste bi herenak Ipar hemisferioan. Horregatik, urtean egiten duen euri-kantitatea bereziki handia da bertan. Klima horrek ekuatoreko baso hezearen iraupena bermatzen du.
Basoan barneratzea biodibertsitatearen erreinuan murgiltzea da. Hegazti, intsektu, narrasti, zuhaitz eta landareak. Tamaina handi eta txikiko ugaztunei ere ematen die babesa Oihanak.
Paisaia hostotsu horren babesean bizi dira espezie askotako tximino, txinpantze eta gorilak. Mendebaldeko lautadako gorilak dira horiek. Orain dela gutxiko ikerketa batzuen arabera, 125.000 gorila bizi dira Kongoko basoetan, zientzialariek aurkitzea espero zutenaren bikoitza. Gorilak nomadak dira, eta hedadura handiko lurraldeak behar izaten dituzte bizitzeko. Kongon, zehazki, 47.000 kilometro karratuko zabalunean aurkitu dituzte banatuta. 5 eta 30 kide arteko taldetan bizi dira, talde bakoitzak ar heldu bat buru duela. Fruitu eta landarez elikatzen dira, eta hiru edo lau urtetik behin ugaltzen dira.
Oihanean ez dute areriorik. Gizakia dute etsai nagusia. Deforestazioa, bizilekuaren murrizketa, eta elikatzeko edo arrazoi kulturalengatik gizakiak egiten duen ehiza dira espeziaren murrizketaren arrazoi nagusiak. Munduan desagertzeko arriskuan dauden 634 primate espezieetako bat baino ez da.