Katerik gabeko bizikletak

Azkenaldian bizikletaren merkatua zerbaitek aztoratu badu, katerik gabeko bizkletak dira.

Bizikletarekin zerikusia duten aurrerapenak oso erakargarriak izan ohi dira, asmatu zenetik funtzionatzeko moduari alternatiba handirik ikusi ez zaiolako. Material berriak agertu dira, aldagailuetan ere berrikuntza ugari atera dituzte, eta osagaien erosotasunean ere irabazi da, baina bizikletaren oinarriak ez dira aldatu.

Posible al da bizikleta-eredu berria garatzea, sinpletasuna, funtzionalitatea eta estiloaren oinarriak galdu gabe?

Aurreko galdera horren ondorioa da Bicymple, bizkleta kontzeptuaren aldaketa ekar dezakeen azken berrikuntza: katerik garraio berria.

Bizikleta honen geometria bakarra da, eta ikusteaz bat monoziklo bat ekarriko dizu gogora. Monozikloa bai, baina aurrealdean gurpila jarrita, kuadro nimiño batez lotua. Bizikletaren oinarrizko modeloak ez du aldagailu-sistemarik ez eta osagarri gehiegirik ere. Egitura berritzailea du oinarrian, bizikleta gainean jartzen denari esperientzia bitxia eskainiko diona, ez dagoelako trakzioari eraginkortasuna gehitzeko diseinatua. Ondo pasatzeko diseinatu dute.

Aldagailurik ez duenez, beste batzuekin alderatuz gero, bizikleta oso geldoa da. Baina hain ixura minimalista izanda, gurpiletako ardatzen sistema berezia edukita, katerik ez edukita, eta oso arina eta estetikoki zeharo ezberdina izanda, bizikleta hau ikuskizun hutsa bilakatzen da.

Atzeko eta aurreko gurpilak lerro berean ez egoteak, katerik gabeko bizikleta honen erabilera bitxia eragiten du, kurba itxi-itxiak hartzean edo oztopoak gainditzerakoan begibistan geratzen dena. Eta arriskua hortxe agertzen da. Izan ere, bizikleta honetan pedalak atzeko gurpilean daudenez, grabitate-zentroa tokiz aldatzen da. Eta horrek oreka-arazoak eragin ditzake.

Josh Bechtl du izena bizkleta berriaren asmatzaileak, eta hiru Bicymple modelo iragarri ditu. Xumeenak bi gurpilak lerrotuta izango ditu eta aurrean eramango du balazta-sistema. 600 eurotan salduko da. Beste bertsio batean bi gurpilak ez dira ardatz berean lerratuko eta bi gurpiletan izango du balazta-sistema. 825 eurorengatik eskuratu ahal izango da. Azkena izango da garestiena, 2.000 euroren bueltan ibiliko delako. Beste biek duten guztiaz gain, bi abiadurako aldagailua jarriko diote.

Bicymple ez da katerik gabeko lehen bizikleta, baditu aurrekariak. Garai berrietako katerik gabeko lehen bizikleta, aitzindaria trakzio-sistema alternatiboetan, StringBike bizikleta izan zen. Bizikleta hartan, grasaz betetako katea altzairuzko kableez eta potentzia sortzeko disko batez ordezkatu zen.

StringBike berritzaileari, Footloose bizikletak hartu zion txanda. Katerik gabekoa izateaz gain, tolesgarria zeb. Horrela errazago gorde edo eraman zitekeen.

Bicymple iritsi da orain merkatura, indarrez. Ez da azken asmakizuna izango, ziur, bizikletaren mundua egunero birsortzen da-eta.  

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali