Giove B satelitea / Txip belaunaldi berria / Kometa erraldoia erabiltzen duen itsasontzia
Galileo sare europarra osatuko duen bigarren satelitea, Giove B satelitea, ia prest dago espaziora bidaltzeko, uste zena baino urte bat beranduago. Bigarren satelite hau Galileo sarearen balioa frogatzeko funtzionamendu-sistema batez osatua dago. Galileo-sarearen lehen satelitea 2005eko abenduan jaurti zen. Aste batzuk beranduago, orbitan kokatu ondoren, lehen seinaleak igorri zituen.Ordudanik satelitearen seinaleak lurreko hainbat estaziotan jaso dira, eta ikusi dute sistema fidagarria dela. Beraz, sarea osatuko duen bigarren satelitea ahalik eta bizkorren jaurtitzeko moduan da. Bigarren satelitea jaurti eta gero, beste lau bidali beharko dira espaziora sistema behar bezala aztertzeko. Dena uste bezala badoa, Galileo lurretik kontrolatutako 30 sateliteko komunikazio-sare publikoa izango da.
AMD, Toshiba eta IBM enpresek bat egin dute txip-en belaunaldi berri bat garatzeko. Txip-ak 32 nanometroko zirkuituak izango dituzte eta, horri esker, gaur egungo transistoreen bezainbesteko lana egin ahal izango dute, baina bizkorrago eta energia gutxiago kontsumituz. Txip berriek aplikazio ugari izango dituzte, jokoak erabiltzen dituzten etxeko ordenagailuetatik hasita, konputazio-botere handia behar duten lekuetaraino. Teknologia berrian oinarritutako txipak 2009an bukaera aldera merkaturatuko dira.
Motorren lanari laguntzearekin batera, puntako teknologiadun kometa erraldoia erabiltzen duen lehen itsasontzia, Hanburgon uretaratu dute. Kometaren laguntzari esker, MV Beluga itsasontziak erregai gutxiago erabiltzen du eta emisio gutxiago igortzen ditu atmosferara. Urtarrilaren hasieran Atlantikoa zeharkatu eta Venezuelara joango da inaugurazio-bidaian.SkySails sistema 300 metroko altueran dabilen haizearen indarra erabiltzeko aukera duen kometa batean oinarritzen da. Diseinu berriarekin erregai-gastuak % 20 murrizten dira eguneko, 1.100 euro inguru, eta karbono-dioxido emisioak ere maila berean gutxitzen dira. 2009 urtean SkySails sistema MV Beluga baino bi aldiz handiagoak diren bi itsasontzietan jarriko da. Sistemaren bultzatzaileek diotenez, gaur egun itsasoan ibiltzen diren 100.000 barku komertzialetatik 60.000 inguruk sistema berria erabili ahal izango lukete.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



