Dinosauroak, lau hankako narrastien ondorengoak; Euskaldunak eta europarrak, genetikoki ezberdinak; Estatistika euriteak epe laburrean aurreikusteko; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa
Dinosauroak lau hankako narrastien ondorengoak direla ondorioztatu dute Texasko Unibertsitateko paleontologoek. Horrek dinosauroen jatorriaren inguruko usteak aldatuko lituzke; izan ere, paleontologo gehienek uste zuten dinosauroen aitzindariak bi hankako haragijaleak zirela. Berriki aurkitutako fosil batzuen arabera, badirudi dinosauroen antz handia duen eta 25 milioi urte lehenago bizi izan zen espezie bat lau hankatan ibiltzen zela, eta batik bat belarra jaten zuela ondorioztatu dute hortzen formagatik.
Euskaldunak eta europarrak, genetikoki ezberdinak
CIC bioGUNE zentroak zuzendutako ikerketa baten arabera, euskal herritarrek, Hego zein Ipar Euskal Herrikoek, talde homogeneoa osatzen dute genetikoki, Europako beste herrietatik ezberdina. Human Genetics aldizkarian eman dute ikerketa horren berri. Ikerketa horretatik ondorioztatzen da Europa taldetan banatzen dela, eta talde horietako bat euskal herritarrek osatzen dutela. Hegoaldean eta Iparraldean bizi diren euskal herritarren banakako datu genetikoak eskala handian biltzen dituen lehen ikerketa da hau.
Estatistika euriteak epe laburrean aurreikusteko
Euriteak 3 eta 24 ordu arteko tartearekin aurreikusteko eredu estatistiko berritzailea probatu du Alejandro Fernández fisikariak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarean. Eredua downscaling edo eskala-murrizketa izeneko teknikan oinarrituta dago. Mundu osoan edo Europan aurreikuspenak egiteko balio duten hainbat metodo konbinatu ditu ikertzaileak, eta, haien eskala txikitu eta gero, Bilboren neurrira egokitu ditu. Emaitza lur-radarrak eta sateliteak erabiltzen dituzten zenbait eredu sofistikatu bezain fidagarria da, fisikariak proben bitartez egiaztatu duenez.
ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa
Martxan da ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa. Donostia International Physics Center-en 10. urteurrena dela eta, Elhuyar Fundazioak eta DIPCek zientzia eta teknologia dibulgatzeko bideo amateurren lehiaketa antolatu dute. Gaia guztiz librea da, eta bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izan beharko dute. Lehen hiru sarituek, hurrenez, hurren, 3.000, 2.000 eta 1.000 euro irabaziko dituzte. Lehiaketan izena emateko, beste bideo batzuk ikusteko edo lehiaketari buruzko informazio gehiago lortzeko, hauxe da webgunea: www.onzientzia.tv
Dinosauroak, lau hankako narrastien ondorengoak; Euskaldunak eta europarrak, genetikoki ezberdinak; Estatistika euriteak epe laburrean aurreikusteko; ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian