Burruntzien putzua

GABONETAKO ERREPIKAPENA: Ikusmen zorrotza, torax sendoa eta hegan egiteko potentzia handiko makinak dira. Burruntzi eta sorgin-orratzez ari gara. Gipuzkoan bakarrik 40 espezie daude katalogatuta. Askotan izan ditugu inguruan, baina ezer gutxi dakigu intsektu berezi horiei buruz. ASKOTAN IZAN DITUGU INGURUAN, BAINA EZER GUTXI DAKIGU INTSEKTU BEREZI HORIEI BURUZ.
Kutturruko putzua, Ikaztegieta, Gipuzkoa. Aurtengo udan, Aranzadiko Iñaki Mezquitak askotan egin du Kutturruko putzurainoko bidea. Aurreko neguan eginiko putzu artifizial bat da hau, eta, dagoeneko, bizia bor-bor dago, erabat naturalizatuta. Argazki-kamerak erabiltzen ditu Mezquitak putzuko burruntzi-espezieak katalogatzeko, baina begi hutsez ere erraz konturatzen gara jaun eta jabe nor diren putzu honetan: burruntziak dira.

Hain zuzen ere, bereziki burruntziak erakartzeko eraiki dute putzu hau.

IÑAKI MEZQUITA; Aranzadi: Hemen sakonera desberdinak daude, ezta? Orduan, animalia bakoitzak bilatzen du bere sakonera egokia. Hemen dabilen ganbelu handi hori, urdin hori, hori da Anax imperator, izena ere halakoa du, imperator, da Europako burruntzirik handiena, 10-11 cm-ra ailegatzen da gorputza, pentsa, eta normalean bere jokaera izaten da jaikitzen denetik erretiratu arte denbora guztian hegan eta besteak bidaltzen eta abar. Gero, inguruan dabiltza beste espezie txikiagoak, Sympetrum eta Orthetrum; horiek askoz ere geldoagoak dira, hegan primeran egiten dute, baina normalean bere lur-eremua zaintzen dute oso gertutik, ez dira ibiltzen hegan goian eta abar. Eta, gero, oso nekez ikusten direnak, sorgin-orratz txiki-txiki horiek ibiltzen direnak hemen bazterretan. Horiek badakite jai dutela hemen agerian ibiliz gero, eta orduan, ibiltzen dira beti bazterretan erdi-gordeta.

Hori arrei dagokienez. Emeak ere badira, noski. Baina haiek ahal den neurrian ezkutuan ibiltzen dira arrek ez ikusteko. Arrautzak uretan jartzen dituzte, ordea, eta hori da emeak ikusteko une egokia. Ikusgarriena Anax imperator emea da, bere tamainarengatik, besteak beste. Ertzetako orbelaren eta landareen gainean pausatu, eta abdomena nabarmen okertuz erruten ditu arrautzak.

Beste burruntzi-espezie batzuek bestelako estrategiak dituzte arrautzak jartzeko. Sympetrum striolatum emeak ere bakarrik erruten ditu arrautzak, hegan ari dela urari ukitu azkarrak egiten dizkio; eta ukitu horietako bakoitzean arrautzak uzten ditu uretan. Arra ez dabil urruti; emearen jarduna zaintzen du denbora guztian.

Sympetrum fonscolombiik, berriz, bikotean jartzen ditu arrautzak, tandemean. Estalketa gainerako burruntziena bezalakoa da, arrak emeari lepotik heltzen dio isatsean dituen kako antzeko batzuekin. Irudi dotorea osatzen dute bat egiten dutenean. Une aparta da hori espezie bereko arraren eta emearen desberdintasun morfologikoak ikusteko, dimorfismo sexuala, alegia. Kasu honetan, arra gorri-gorria da, eta emea arrea.
Estali eta gero, arrak ez du emea askatzen, eta bere eremura eramaten du arrautzak han errun ditzan.

Burruntziak bizitzaren zati handiena uretan egiten du: arrautzaren barruan lehenengo eta larba gisa ondoren. Oro har, urtebeteko zikloa betetzen du. Imperator-larba honek bi urte ere egin ditzake jan eta jan, hazi eta hazi, heldu arora iristerako. Uda-partean larba uretatik ateratzen da, ertzeko landare batean gora igo, eta intsektu hegoduna ateratzen da, burruntzi heldua. Kanpoko armadura gogorra bertan geratzen da. Hilabete inguruz, burruntziaren helburua ugaltzea eta irautea izango da.

Burruntziak irauteko lehia gogorra du egunero putzuan, baina mehatxurik handiena gizakiaren eragina da.

IÑAKI MEZQUITA; Aranzadi: Obra dezente egiten dira; normalean, hezeguneak dauden lekuak izaten dira oso aproposak eraikuntzarako, toki lauak izaten baitira normalean. Orduan, ustiapen horrek ekarri du dezente galtzea. Batez ere espezieak ibaietan eta bizi zirenak. Ibaiak asko degradatu dira urteetan zehar; orduan, horiek errekuperatzea askoz ere zailagoa da ur geldoetan bizi direnak baino, ze ur geldoetan bizi direnak zuk artifizialki egiten baduzu putzuren bat edo urmael bat, artifiziala izanik, baino naturalizatuta eta abar, haiek etorri egiten dira, eta ugaldu egiten dira.

Dena dela, burruntziaren egoera ez omen da txarra, ur geldoetan bizi diren espezieena ez behinik behin. Gipuzkoako 25 puntutan egindako behaketetan 40 burruntzi eta sorgin-orratz espezie katalogatu ditu Mezquitak.

IÑAKI MEZQUITA; Aranzadi: 40 espezie dezente da gurea bezalako probintzia txiki batentzat. Pentsatu behar da, zer esango dizut ba, Bizkaian parekoa dela, Nafarroan baino gutxixeago, baina Nafarroa oso handia da, biotopo oso desberdinak ditu, Pirineoak eta abar eta abar. Orduan, nik uste dut aberastasuna badagoela, zer galdu da? Batez ere, ibaietako espezie horiek. Espezie berezi eta basati diren horiek galdu egin dira. Orduan, hemen dabiltzan espezie asko dira gogorrak, ur geldoetakoak, batez ere ibaietakoa dezente galdu da.

Ur geldoetako espezieentzat bizitoki egokiak prestatzea errazagoa da. Ikaztegietako putzu artifizial honen gisakoek oso emaitza onak ematen dituzte.

IÑAKI MEZQUITA; Aranzadi: Lehenengo ekitaldia da aurtengo hau; orduan, etor daitezkeen konkistatzaile guztiak, esate baterako, etorri dira, eta beste bakarren bat, oso normala ez dena hain goiz etortzea, etorri da.
Orduan, nik uste dut oso martxa polita daramala.

Ikusi besterik ez dago berria izan arren putzu artifizial honi darion bizia, zenbat burruntzi etorri diren bertara. Eta, ikusitakoak ikusita, datorren urtean belaunaldi berriak bertan jaioko dira.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali