Brasilgo Reflora ekimena; Bepi Colombo espazio proiektua; Kirola eta osasuna; Animaliak eta urtaroak

Brasilek REFLORA ekimena abiatu du, munduan zehar sakabanatuta dauden Brasilgo landare-espezieen informazioa bildu eta berreskuratzeko.

Helburua da hiru urte barru Brasildik kanpoko bilduma botanikoetan dauden miloi bat inguru landareei buruzko informazioa sarean eskuragarri egotea, dohainik.

Proiektu honi esker, Brasilgo floraren inbentario osatua egin eta galtzeko zorian dauden espezieen zerrenda berrikusiko dute.

 

2014an abiatuko den BEPI COLOMBO Merkurioko espazio-misioak lehen saiakuntza termikoa gainditu berri du ESAren ikerketa eta teknika zentroan. Europako Espazio Agentziaren eta Japoniako Jaxa agentziaren arteko proiektuak bi zunda izango ditu, agentziako bana; biak batera aireratuko dituzte, eta elkarrekin bidaiatuko dute.

Misioaren helburu zientifikoa Merkurioren azala eta barrua ikertzea da: planetaren eremu magnetikoa eta magnetosfera ikertuko du Merkurio nola sortu zen ulertzeko eta eguzki-sistemaren eraketaren puzzlean pieza bat gehiago jartzeko.

 

Urtetan erresistentzia-ariketa fisiko gehiegi egitea kaltegarria da bihotzarentzat, eta arritmiak sor ditzake, Kataluniako hiru erakundetako ikertzaileen arabera. Arratoiekin egindako esperimentuetan ikusi dute ariketa bortitza egin ondoren bihotzeko fibrosia sortzen zitzaiela, bat-batean hil diren kirolari batzuei atzemandakoaren antzekoa. Horrelakorik gerta ez dadin, adituek erresistentziako kirolariei maiz bihotz-kontrolak egitea gomendatzen dute.

 

Aberdeengo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek identifikatu du zer mekanismok erregulatzen duen animalietan hormona-ekoizpena urtaroaren arabera.

Animaliak urtaro bakoitzerako prestatzen dituen etengailu hori eguneko argiaren eta iluntasunaren zikloan oinarritzen da, eta ez du zer ikusirik klimarekin.

Ikerketak erakutsi du mekanismo horien funtzionamenduak eragin zuzena izango duela animalien egokitzeko ahalmenean, klima-aldaketaren ondorioz ustekabeko urtaro-aldaketak gertatuko baitira.

Zientzialariek uste dute animalia batzuek arazoak izango dituztela euren habitat naturalean irauteko, ezin izango baitute euren barne-erlojua tokian tokiko urtaro aldatuetara egokitu.

Brasilgo Reflora ekimena; Bepi Colombo espazio proiektua; Kirola eta osasuna; Animaliak eta urtaroak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali