Aquariumak aurpegi berria

Donostiako Aquariumean moldaketa sakona egin dute: eraikinaren barrualdea berriro diseinatu eta berritu egin dute, eta kanpoaldea ere urbanizatua dago.

Donostia eta itsasoa ezinbestean eskutik joan dira historian zehar.

Arrantzaleak, ekaitzak, hondartza, turistak, estropadak eta abar, guztiak izan dira hiriaren eta itsasoaren arteko ezkontzaren lekuko. Aurrekoak bezala, itsasoari begira eta itsasoari esker bizi zen hiriaren ondorio izan zen Donostiako Aquariuma ere.

Donostiako Aquariumak 1928. urtean ireki zituen ateak. Hazia, hala ere, lehenago landatua zen. 1908an, Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoa sortu zen, eta haren lanaren ondorioz egin zen eraikina, Juan Carlos Guerra arkitektoaren agindupean.

1999. urtera arte, hasierako itxura bertsua gorde zuen Aquariumak; noski, urteak aurrera joan ahala egokitze- eta berritze-lanak eginez.

Benetako metamorfosia mendea bukatzear zegoela gertatu zen, orduan eraberritze-lan handia egin zen-eta. Azken urteotan Aquariumak izan dituen amurik erakargarrienak eraberritze-lan haren ondorioa izan dira: ozeanoarioa batetik, eta hura zeharkatzen duen tunela bestetik.

Azken hiru urteotan ere lanean aritu dira Aquariumean, eta moldaketa sakona egin dute: akuarioak hustu egin dituzte, eraikinaren barrualdea berriro diseinatu eta berritu egin dute, eta kanpoaldea ere urbanizatua dago.

Oraindik lanak ez daude erabat bukatuta, baina espero dute abenduaren lehen asterako instalazio berriak bukatuta egongo direla. Gauzak okertzen ez badira, ordurako ikusgai izango da Aquarium eraberritua.

XABIER LASAGA; AQUARIUM DONOSTIA: Hasieran zirebn bi ibilbideak handitu egingo dira; gutxi gorabehera bi kilometrora iritsiko da ibilbidea. Eta nahiko zaharkituta zeuden museoko bi solairuak, bigarrena eta hirugarrena, erabat eraberritu ditugu.

Apala eta erakusleihoetako batzuk oraindik hutsik ikusten diren arren, bistakoa da Aquariumeko museoaren barrualdean gertatu den aldaketa. 100 urtean jasotako bilduma guztiak jarriko dira ikusgai.

Sasoi batean ikur izan zen balearen hezurdura edo itsasontzien erakustokia mantendu dituzte, baina txoko eta gai berriak ere egongo dira ikusgai; adibidez, Donostiako estropadei eskainitakoa eta Bidasoa ibaiari buruz prestatu dutena.

Baina Aquariuma batez ere arrainak dira, eta hor badago berrikuntza bat baino gehiago , espezie tropikalei eskainitako gune berria egin dutelako. 14 akuario berri jarri dituzte eta mangladi bat, 18 metro luzeko erakusleihoarekin. Batean zein bestean, espezie bitxiak ikusteko aukera izango du bisitariak:

AMALIA MARTINEZ DE MURGÍA; AQUARIUM DONOSTIA: Realmente nos hemos guiado un poco por la belleza de los mares tropicales, el interés que puede tener un manglar, por que por ejemplo el manglar es un ecosistema muy poco conocido, y muy poco apreciado, y hemos intentado mostrar cosas que realmente no es fácil de ver en otros acuarios.

Batez ere itsaso tropikalen edertasuna erakustea izan da irizpidea, mangladi batek izan dezakeen interesa, ze, adibidez, mangladia ekosistema ezezagun samarra da, eta gutxi estimatzen dena. Esango nuke beste akuario batzuetan ikustea zailak diren gauzak erakusten saiatu garela.

Akuario berriek eta mangladiak solairu oso bat hartzen dute.

Espezieek, ikusgarriak izateaz gain, zainketa berezia behar dute, haien bizi-baldintzek ez dutelako zer ikusi handirik orain arte Donostian erakusten ziren arrainekin. Uraren tenperatura adierazgarria da. Animalia hauek ur epelekoak dira, batez beste 25 ºC inguruko ura behar dute bizi ahal izateko; Aquariumean dauden gainerakoak, berriz, 18 eta 20 ºC arteko uretan bizi dira.

Tenperatura bezala, argia ere kontuan hartzekoa da arrainak modu egokian bizi daitezen, eta, jakina, gainerako gorabeherak ere arrainak ekarri baino lehen hartu behar dira kontuan, diseinatzeko orduan.


AMALIA MARTINEZ DE MURGÍA; AQUARIUM DONOSTIA: Cuando se diseña un acuario o unos acuarios, lo primero que te planteas es qué vas a mostrar, qué quieres exhibir, y a partir de ahí ya desarrollas un proyecto con lo que son los decorados, con la filtración, la calidad del agua, y desarrollas una lista de espécies a tenor de los intereses que puedas tener, y a partir de ahí desarrollas el proyecto.

Akuario bat edo akuario batzuk diseinatzean, lehenengo zer erakutsi nahi duzun galdetu behar diozu zeure buruari, zer jarriko duzun. Hortik aurrera proiektu bat garatzen duzu dekoratuk kontuan hartuta, iragazpen-motak, uraren kalitatea, eta abar. Eta horrekin guztiarekin, duzun interesaren araberako espezie-zerrenda bat egiten duzu.

Balearen hezurdura lehenengo, ozeanarioa eta tunela gero, museoaren eraberritzea eta espezie tropikalei eskainitako gunea izan dira orain deigarrienak. Aurrera begira, berriz, proiektu ikaragarria du eskuartean Donostiako Aquariumak beste eragile batzuekin batera: tunidoak ikertzeko zentro bat.

Estatu Batuetan eta Japonian badira tunidoak ikertzeko bi egitura handi, baina Europan ez. Proiektuaren xehetasunetako batzuk dagoeneko zehaztuak daude. Aquariumaren eta Oteizaren eskultura dagoen lekuaren artean kokatuko litzateke.  4 milioi litro ur hartuko lituzkeen akuario bat izango luke, 72 metro karratuko leiho batekin. Tunidoak ikertzeko, beste 8 andel handi ere izango lirateke.

Horretaz gain, azken teknologiaz hornitutako laborategiak jartzea ere aurreikusten da, eta tamaina handiko espezieen garraioa errazteko sarbide-sistema egokiak. Guztira, 1.900 metro karratuko azalerako proiektua da; dirutan, berriz, 50 milioi eurotik gorako aurrekontua du.

Asmoa handia da dudarik gabe, tunidoen arrantzak duen pisua bezain garrantzitsua.

XABIER LASAGA; AQUARIUM DONOSTIA: Europan badaude hainbat zentro arrain desberdinen ikerketarako; guk, adibidez, azkeneko urtetan, antxoa dela berdela dela, ikerketak egin ditugu AZTIrekin batera, baina hutsunea nabari da Europan tunidoei dagokionez. Gustatuko litzaiguken horrena lehen zentroa izatean atunak itsasoan nondik nora mugitzen diren ikertzeko. Ugalketa, sardak, biziraupen, uraren eragina, tenperaturarena... hori guztia ezingo litzateke itsasoan ikertu, beharko litzake zentroren batera ekartzea.

Aquarium berria inauguratzen den egunean, tunidoak ikertzeko zentroaren proiektuko lehen harria jarri nahi dute.

Gauzatzen bada, denbora beharko da proiektua errealitate bihurtzeko. Bien bitartean, Aquariumean eguneroko bisita eta lanekin jarraituko dute jendaurrean: akuarioen eta berrogeialdiko andelen ikuskatzeekin, akuarioak eta andelak mantentzen, dekorazio akrilikoak garbitzen, arrainei egunero jaten ematen, eta iragazkiak garbitzen.

Aquariumaren atzealdean ere, gauzak ez dira gehiegi aldatuko: espezie berriak hazi, uraren kalitatea eta gazitasuna kontrolatu, arrainak berrogeialdean eduki ozeanoariora eraman aurretik, fitoplanktona eta zooplanktona hazteko lagungarrien kontrola egin eta abar, guztia Aquariumera doan jendeak gozatuz jarrai dezan.

Aquariumak aurpegi berria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali