Putreak azkenaldian egunkarietan maiz agertu dira, jarrera erasokorra hartu dutelakoan. Animalia hauen erasoei arrazoi bat topatu nahian, errua, nagusiki, saientzako bazkalekuak ixteari egotzi zaio, agindu hori eman baitzuen Europako Batasunak behi eroen krisiak eraginda. Horrek saiak goseak egotea eragin omen du eta, ondorioz, animalia biziei erasotzen hasi dira, elikatzeko. Hori da oihartzun gehien izan duen teoria, baina guztiak ez daude ados arrazoibide horrekin, eta gainera, ez da teoria bakarra. Teknopolisen hainbat ate jo ditugu auzia argitu nahian eta ikuspuntu desberdinak jaso nahian.

Putreak azkenaldian egunkarietan maiz agertu dira, jarrera erasokorra hartu dutelakoan. Animalia hauen erasoei arrazoi bat topatu nahian, errua, nagusiki, saientzako bazkalekuak ixteari egotzi zaio, agindu hori eman baitzuen Europako Batasunak behi eroen krisiak eraginda. Horrek saiak goseak egotea eragin omen du eta, ondorioz, animalia biziei erasotzen hasi dira, elikatzeko. Hori da oihartzun gehien izan duen teoria, baina guztiak ez daude ados arrazoibide horrekin, eta gainera, ez da teoria bakarra. Teknopolisen hainbat ate jo ditugu auzia argitu nahian eta ikuspuntu desberdinak jaso nahian.
SAIAK ERASORA?

AURKEZPENA:
Putreen erasoek sortutako arazoari buruz hitz egiten hasiko dugu gaurko Teknopolis, azkenaldian egunkarietako tituluetan maiz agertu den gaiari buruz, hain zuzen.
Animalia hauen erasoei arrazoi bat topatu nahian, errua, nagusiki, saientzako bazkalekuak ixteari egotzi zaio, agindu hori eman baitzuen Europako Batasunak behi eroen krisiak eraginda. Horrek saiak goseak egotea eragin omen du eta, ondorioz, animalia biziei erasotzen hasi dira, elikatzeko.
Hori da oihartzun gehien izan duen teoria, baina guztiak ez daude ados arrazoibide horrekin, eta gainera, ez da teoria bakarra. Teknopolisen hainbat ate jo ditugu auzia argitu nahian eta ikuspuntu desberdinak jaso nahian. Dena den, hasi aurretik, ezagut ditzagun hobeto protagonistak: saiak.

Bideoa: Sai arrea hegazti handia da: 2 metro eta erdi baino gehiagoko hego-zabalera izan dezake. Baina, hegotzar horiei eragin ordez, planeatu egiten du ia beti. Lehenengo, goranzko aire-korronteren bat baliatzen du altuera hartzeko, eta, ondoren, planeatuz joaten da batetik bestera.
Negu-neguan jartzen dute arrautza bakarra, urtarrilean edo otsailean, eta txitak abuztu inguruan hasten dira hegan.
Mediterraneo ingurutik hasi eta Himalaia bitartean bizi da. Gurean, nahiko sedentarioa da, baina migratzailea ere izan daiteke. Kolonia inguruan 50-100 kilometroko erradioan sakabanatzen dira jatekoaren bila.
Animalia sarraskijalea da. Atzaparrak ikusgarriak izan arren, saiak ez du indarrik animalia biziak azpian hartu eta menderatzeko; mugimenduetan ere ez du aparteko trebetasunik. Mokoa, ordea, indartsua du, animalien larrua zulatu eta jatekora iritsi ahal izateko. Animalia hilak eta erditu berrien karenak ditu elikagai nagusiak.

AURKEZLEA:
Saien erasoek egonezin eta kezka handia sortu dute artzainen eta abeltzainen artean. Kaltetuetako bat Jesús Etxezarreta izan da. Segurako artzain honek Urbian ematen ditu beti udak, baina azken uda hau, ezin izango du inoiz ahaztu.

IRITZIAK: Jesus Etxezarreta, Artzaina. Joxerra Aihartza, EHU. Olate Arrarte, EHNE. David Campión, Gestión Ambiental de Navarra

Bideoa: Badirudi hor dagoela koska. Garai batean, saiek hilotzak eta animalia bizien karenak soilik jaten zituztela eta, gaur egun, karena jaten hasi eta, bide batez edo, jaioberriei eta haien amei ere heltzen dietela. Esan liteke horraino badagoela adostasuna eragile guztien artean, hori gertatu, gertatzen dela. Baina hor hasten da ikuspuntua urruntzen. Artzain eta ganaduzaleek diote etzanda edo neurri batean ahulduta dauden animaliei ere erasotzen dietela, saiek eraso ezean arazo askorik izango ez luketen animaliei, alegia. Ingurumen-teknikariek diote, aurrez bizirik zegoela uste arren kasu askotan animalia hilak zirela, azken orduetan edo azken egunean artzainek bistaz galdutakoak. Eta animalia biziei erasotzen dietenean ere, nahiko gaixo eta ahulduta edo ataka zailen batean zeuden animaliak direla; alde egin ezingo luketenak.


IRITZIAK: Jesus Etxezarreta, Artzaina. Joxerra Aihartza, EHU

Bideoa:. Datu objektiborik eza da arazoaren inguruan aurkitzen den gabezietako bat. Badira kasu nabarmen-nabarmenak, bizirik baina zaurituta zeuden animaliena, baina, gehienetan, ez da hala gertatzen. Hilotza besterik ez da geratzen, eta informazio gutxi dago saiak jaten hasi aurreko egoera zehazki zein den azalduko dutenak. Dena den, Nafarroan hasi dira datuak biltzen. Hala, azken urtebete inguruan, nekrosiak egiten dituzte salaketa jasotzen dutenean; aztertu egiten dute hildako animalia. 50 salaketa inguru jaso zituzten.

IRITZIA: David Campión, Gestión Ambiental de Navarra

Bideoa:. Gipuzkoan ere, martxotik irailera jasotako 19 salaketetatik lauzpabost kasutan baieztatu da zalantzarik gabe animalia aurrez bizirik zegoela.

AURKEZLEA:
Zer gertatzen da, orduan? Ganaduzaleek esaten dute erasoak ugaritu egin direla, eta oso ziur daude horretaz; beren begiekin ikusi dute. Salaketen ugaritzeak eraginda eta hainbat kasu baieztatu egin direla ikusita, Aranzadi Zientzia Elkarteak jardunaldi teknikoak antolatu zituen joan den astean.

Katalunia, Nafarroa, Frantzia eta Espainiako adituak gonbidatu eta euren datuak eta esperientzia azaldu zituzten. Ondorioa? Oso datu gutxi dago diagnostiko fidagarririk egiteko. Nabarmen geratu zen saien populazioa gehitu egin dela; baita erasoak gertatu gertatzen direla eta oihartzun mediatiko handia dutela; baina ez daude hain ziur askoz animalia bizi gehiago jaten dituztela baieztatzeko orduan. Ziurgabetasun horretan, Katalunian gertatzen dena, esaterako, deigarria da. Sai gutxien bizi den eskualdeetan jaso dira salaketa gehien, eta, era berean, animaliak gutxien zaintzen diren eskualdeak dira.

Polemika honen ardatzetako bat saien bazkalekuena da. Zenbaitek oso argi du: behi eroen gaitzaren ondorioz, bazkaleku asko itxi ziren 2006an, eta horrek saiak goseak egotea eragin du. Kaltetu askoren iritziz, irtenbideetako bat bazkaleku horiek berriz irekitzea litzateke.

Bideoa:. Bazkalekuei dagokienez, Nafarroako datuen arabera, joandako hamarkadetan saiek bazuten nahikoa jateko bazkalekurik gabe ere eta populazioen gorakada gehiago izan da saien kontrako zuzeneko erasoak gutxitu direlako. Gainera, erasoen salaketak bazkalekuak itxi aurretik hasi ziren. Dena den, onartzen da bazkalekuek lagundu egin dutela txitak bizirik iraun dezaten, eta, azken bi urteotan, bazkalekuak ixtean, ugalkortasunean eragin negatiboa duela ere onartzen da.

IRITZIAK: Joxerra Aihartza, EHU. Jesus Etxezarreta, Artzaina. Olate Arrarte, EHNE

Bideoa: . Zergatietan adostasunik eza, eta irtenbideetan ere ez. Edonola ere, administrazioak hasi dira zerbait egiten. Europako Batasunak, esaterako, malgutu egin du bazkalekuak ixteari buruzko agindua. Ondorioz, Bizkaian esaterako, berriz irekitzen hasi dira. Iparraldean ere jarraitzen dute bazkaleku txikiekin, eta Nafarroan ere irekitzekoak dira. Eta kalte-ordainak ere ordaintzen hasiak dira Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan; ez Bizkaian edo Iparraldean.

AURKEZLEA:
Ikusi duzuenez, putreena oso gai eztabaidatua da, ertz ugari eta oso desberdinak dituen arazoa: alde batetik oihartzun mediatikoa dago, baita ganaduaren kudeaketan izan diren aldaketak... beste alde batetik, ezin dezakegu ahaztu saien populazioa handitu egin dela, ezta haientzako hainbat bazkaleku itxi direla ere. Artzainek eta abeltzainek erantzun bat behar dute, baina adituek esaten dute ez dagoela datu nahikorik behin betiko konponbide bat planteatzeko. Mementoz, beraz, itxarotea baino ez zaigu geratzen. Guri dagokigunez, espero dugu arazo honen inguruan jakintza apur bat zabalagoa izaten lagundu izana.

Sai Arrea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali