Zahartzaroa
Bistakoa da guztiok ez garela berdin zahartzen, batzuek diren baino zaharragoak dirudite eta beste batzuek, berriz, gazteagoak. Beraz, zahartzea ez da berdin gertatzen pertsona guztietan. Adin kronologikoaren kontuak dira horiek, urteek eragiten duten itxura-aldaketarenak.
Zahartzaroan, ordea, garrantzi handiagoa du adin biologikoak, hau da, organoen funtzionamendu-egoerak. Izan ere, gure ehun, organo eta sistema guztiak ez dira erritmo berean zahartzen.
Zelulak dira ehunen oinarria. Zahartu ahala, zelulek zatitu eta ugaltzeko gaitasuna galtzen dute. Gantza pilatzen hasten da, eta zelula askok funtzionatzeko gaitasuna galtzen dute. Horren ondorioz, ehunetan ere hondakinak pilatzen dira. Ehun konektiboak, adibidez, malgutasuna galtzen du, zurrunago bihurtzen da, eta, ondorioz, baita organoek, odol-hodiek eta arnasbideek ere. Beste ehun batzuek masa galtzen dute, atrofiatu egiten dira, eta tumoreak ere sortzen dira.
Horren guztiaren ondorioz, organoak ere aldatzen dira, baina ez guztiak une berean. Gibeleko zelulek, adibidez, berez, birsortzeko gaitasun handiagoa dute; horregatik, gibela ez da hain bizkor zahartzen. Beste organo batzuetan, zahartzaroak dakarren funtzionalitaterik eza nabariagoa da, gernu-aparatuan adibidez.
Gaixotasunik ez badago, aldaketa motela izaten da eta denbora asko behar izaten da. Esandakoa, zahartzaroak denoi eta denon organoei eragiten digu, baina bakoitzak bere moduan egiten du bidea.
Zahartzaroa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian