Uraren zikloa
Baina urtean kontsumitzen den ur-kantitatea halako bi biltzeko ahalmena dute, gutxi gorabehera, Euskadiko urtegiek. Ur hori hemen hain ohikoa dugun euriari esker lortzen da.
Urtegietan bildutako ura, ordea, ez da edateko ona bere horretan. Lehendabizi, arazteko instalaziora bidali behar da.
Beteluriko araztegi honetan urtegiko ura edateko ur bihurtzen dute.
ANA GARCÍA; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa: Hemendik irteten den ura Bilbo Handian edaten da, batez ere. Segundoko 3.000 litro irteten dira hemendik. Hodien bitartez banatzen da biltegietara, eta biltegi hauetatik irteten da udalerri guztietara.
Urtegietatik datorren urak ezpurutasunak izan ohi ditu: partikula solidoak, magnesioa, burdina eta bakterioak. Horiek denak kendu egin behar zaizkio urari kontsumorako banatu aurretik. Araztegian kloratze-prozesu batean ere jartzen da ura, gai patogenoetatik desinfektatzeko.
Gero, dekantazio-tangara doa. Bertan geldirik mantentzen da, ezpurutasunak hondora joan daitezen. Prozesua bizkortzeko, urari erreaktibo kimikoak gehitzen zaizkio. Erreaktibo horien eraginez, uretan dauden partikulak elkartu egiten dira, eta maluta astunak sortzen dira. Maluta horiek dekantazio-tangaren hondoan jalkitzen dira; hala, azaleko ura garbi mantentzen da. Hondoan jalki den lohia atera eta lehortu ostean, hondakindegi batera eramaten dute. Dekantatutako ura zenbait iragazkitatik pasarazi eta lodiera ezberdina duten hondar-geruza batzuetatik igarotzen da. Hondar-geruza horiek partikula txikienak atxikitzen dituzte. Kloroa gehitzea baino ez da falta banaketa-prozesuan ura edangarri bihurtu dela ziurtatzeko.
JON ANDER ETXEBARRIA; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa: Urak tratamendurik ez duela uste den arren, badu tratamendua. Izan ere, nola eliminatu mikroorganismoak? Bada, kloro-dosi batekin, gaur egun hori erabiltzen baita. Nola eliminatu burdina, beruna eta zinka bezalako metalak? Bada, koagulazio edo plantan ikusi duzuen dekantazio-prozesu batekin. Erabat beharrezkoak dira prozesu horiek guztiak. Eta hala ere, urak okerrera egingo balu, leku geografikoagatik okerrera egiteko baldintzarik ez duen arren, organikoak eliminatzeko tratamenduak ere eduki beharko lirateke; eta baditugu: ikatz aktiboen bidezko filtrazioa edo bestelako tratamenduak.
Araztegiko laborategian uraren kalitate-parametroak aztertzen dira prozesu guztian zehar: urtegi, ibai eta iturrietatik hasi, eta banaketa-sareraino.
Kontrol-lana, berriz, automatizazio eta teleaginte bidez egiten dute.
Baina uraren ibilbidea ez da etxeko kanilara iristen denean bukatzen. Ura, erabili ostean, berriro bildu behar da tratamendua eta arazketa egiteko. Izan ere, ur erabilia ezin da bere horretan ibai eta itsasora isuri, aurretik garbitu egin behar da.
Herri bakoitzeko hondakin-urak araztegietaraino kanalizatzeko, kolektore-sistema konplexu bat dago. Deustuko Unibertsitateko sifoi hau, adibidez, ingeniaritza-lan konplexua da, eta ur zikina Bilboko itsasadarraren alde batetik bestera eramateko erabiltzen da, araztegira bidean.
Sestaora goaz orain, Galindoko hondakin-uren araztegira.
Egunero 350 milioi litro hondakin-ur garbitzen dira hemen. Izan ere, segundoko 12.000 litro arazteko ahalmena du instalazio honek.
Uraren tratamendua tamaina handieneko hondakin solidoak kenduz hasten da. Ondoren ura tanga batera eramaten da. Hemen, hondarrak hondoan gelditzen dira. Koipea azaleratu, arraspaz kendu eta hondoan metatu den hondakina ponpa bidez ateratzen da.
Tanga hauetan, uretan dagoen materia organikoa hondoan jalki eta lohiak sortzen dira.
Ondoren, tratamendu biologikoa egiten diote urari. Upel batzuetan bakterioei ugaltzen laguntzen dien oxigenazio-sistema bat dago. Organismo horiek materia organikoz elikatzen dira, eta, horren ondorioz, uretan disolbatutako materia gehienak desagertu egiten dira. Organismook bigarren dekantazio batean atxikitzen dira.
ALEJANDRO DE LA SOTA; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa: Fase bakoitzean daukagun arazte-portzentajea aztertzen ari gara. Eta tratamenduaren azken prozesua den prozesu biologikoaren ondoren, urak ingurune hartzailera isurtzen dira: estuariora. Beraz, ur horiek estuariora isurtzeko kalitate-eskakizunak betetzen ari ote garen zaindu behar dugu.
Uraren dekantazio-prozesuetan ateratako lohiari dagokionez, loditzeko tratatu ondoren, lehortu egiten dira eta labe batzuetara eramaten dira, errausteko.
ANA GARCÍA; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa: 850 ºC-an erretzen dira, ura berotzen du, 400 ºC-ko lurruna ekoizten da, eta bi turbinetara eramaten da. Turbina hauen bitartez argindarra sortzen da. Argindar hau Iberdrolari saltzen diogu alde batetik, eta zuzenean hemen ere erabiltzen dugu, Galindoko araztegi honetan.
Hondakin-urak araztegietan garbitu ondoren, ibaira isurtzen dira. Horrela ixten da uraren zikloa. Itsasora iritsi ostean, berriz hasiko da zikloa: ura lurrundu, laino eta euri bilakatu, urtegiak bete, araztegietara eraman, kontsumorako banatu, isurketak bildu, hondakin-urak garbitu, ibaira isuri...
Elhuyar Zientzia
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian