Txikienaren erronka handia

CICnanoGunek nanozientzia eta nanoteknologian erreferente izateko nahiarakin zabalduko ditu bere ateak. Gure kamerek instalazio hori bisitatu dute, teknologiarik txikiena non eta nola ikertuko den ezagutzeko.
Materiaren osagairik txikienera bidaiatzen hasiko gara gaur, nanomundura, eta bi egun barru Donostian inauguratuko den CicNanogune ikerketa-zentrora bisita eginez egingo dugu bidaia hori.

CICnanoGunek nanozientzia eta nanoteknologian erreferente izateko nahiarakin zabalduko ditu bere ateak, eta, helburu hori lortzeko, nazioarteko nahiz Euskal Herriko maila handiko ikerlariak han arituko dira lanean. Gure kamerek instalazio hori bisitatu dute, teknologiarik txikiena non eta nola ikertuko den ezagutzeko.

Donostiako Tolosa Hiribidean dago CICnanoGune ikerketa-zentroa, unibertsitateko kanpusean eta Parke Teknologikotik gertu. Eraikin honetan materiaren osagairik txikienak ikertuko dira, eta, aldi berean, Euskal Herriko nanoteknologiaren ikerketa koordinatuko da hemendik.

Esaten da nanoteknologia XXI. mendeko iraultza teknologikoa izango dela; ikusten da eragin handia izango duela, batez ere elektronikan, medikuntzan eta material berrietan. Pentsa liteke ohiko teknologiaren aldean duen ezberdintasun bakarra tamaina dela, baina, egiazki, teknologia tradizionalarekin antzekotasun gutxi du. Nanoteknologia zer den ulertzeko, materiaren barrura bidaiatu behar da. Gure begiek ikus dezaketena baino askoz txikiagoa da nanoteknologia. Milimetroa baino milioi bat aldiz txikiagoa. Zelulak baino askoz ere txikiagoa. Izan ere, nanometroa mundu ezberdin bateko dimentsioa da, eta mundu horretan materiak ezberdin jokatzen du. Hori da nanoteknologiaren sekretua: atomoak banan-banan manipulatzeko aukera ematen du.

JOSE MARIA PITARKE; CICnanoGune: Nano eskalara jaisten garenean ez da soilik miniaturizazio kontua, ez da soilik mikroteknologian gertatzen den bezala. Propietateak ere aldatzen dira: propietateak beste batzuk dira, berriak dira, eta esparru berri hori irekitzeak ate berriak irekitzen ditu oinarrizko ikerkuntzarako —hor mundu berri bat zabaltzen delako—, eta baita ikuspegi teknikotik ere, hainbat aplikazio sor daitezkeelako hortik.

Nanoteknologia ikertzeko eraikin berezia behar da, eta oso eskakizun tekniko zorrotzak bete behar ditu. Izan ere, zientzialarien lana bermatzeko, ezinbestekoa da ingurune-baldintza egokiak ziurtatzea eta kanpotik inolako bibrazio, interferentzia elektromagnetiko, zarata edo zikinkeriarik ez izatea. Eta horrelaxe diseinatu dute eraikina. Laborategiak sotoan kokatuko dira, metro eta erdiko lodiera eta mila eta bostehun metro karratuko azalera dituen hormigoizko lauza baten gainean; lauza honen euskarriak  bibrazioak ekiditeko kokapen geometrikoa duten piloteak dira. Aretoen arteko ateak eta hormak ere interferentzia akustiko eta elektromagnetikoak saihesteko diseinatu dira.

Gela zuri honetan, elektroi bidezko nanolitografia egingo da, alegia, elektroiak igorriz gauzatzen den inprimaketa, eta bost nanometrorainoko zehaztasuna lor daiteke bertan. Horretarako, erabat kontrolatu behar dira ezpurutasunak, tenperatura, hezetasuna eta presioa, eta airea iragazteko haizagailuak etengabe ariko dira lanean pasillo teknikoetatik.

Gizakiaren eskuetan, nanoteknologia izugarrizko erreminta da txipak eta oso tresna konplexuak diseinatzeko. Industria elektronikoan, adibidez, gero eta txip txikiagoak egiten ari dira. Dagoeneko, nanometro gutxi batzuetako zirkuitu elektronikoak egiten dira: oso tamaina txikian informazio-kantitate izugarriak kabitzen dira horrela .

JOSE MARIA PITARKE; CICnanoGune: Ez da “bururatu egiten zaigu aplikazio bat eta orduan teknologia hobetu behar dugu aplikazio hori lortzeko”. Ez; guk egiten dugu ezagutzaren sorkuntza. Eta ezagutzaren sorkuntzak nora eramango gaituen ez dakigu: halaxe da ikerkuntza.

Erronka, orain, nanozientzia laborategitik atera eta gizartearentzat erabilgarri bihurtzea da, aplikazio ugari baititu. Esaterako, merkatuan dagoeneko badaude nanoteknologian oinarriturik dauden produktuak: ura uxatzen duten materialak, superisolatzaileak,urraduren aurkako estaldurak …

JOSE MARIA PITARKE; CICnanoGune: Badirudi horrek gauza berriak ekarriko dituela, eta horregatik mundu osoko leku guztietan —edo behintzat munduko leku aurreratuenetan— halako zentroak eta iniziatibak martxan jartzen ari dira. Eta guk atzean geratu nahi ez badugu, hortxe egon behar dugu.

Nanoteknologiaren jarduera-esparruan iragartzen da hazkunde-potentzialik handiena munduan, eta hori nabaria da dagoeneko: produktu eta zerbitzu nanoteknologikoen merkatuak, egun, munduan 100.000 milioi dolarreko bolumena du. Txikienaren erronka handia da: bizitzaren arlo guztietan nabarituko ditugu nanoteknologiaren aplikazioak; izan ere, ez dago sektorerik teknologia honi etekina aterako ez dionik.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali