Lorezaintza birtuala

Gureak talteak langileak lorezaintzan trebatzeko errealitate birtuala erabiltzen du, programa berri bati esker.

Arkaitzek eta Juanjok lorezaintzan dihardute egunero: belarra ebakitzen, sasiak erauzten eta lorategiak zaintzen.
Urteak daramatzate lan honetan GUREAK taldean, eta dagoeneko adituak dira, baina hasierak ez ziren hain errazak izan.

JUANJO ARRATIBEL; GOROLDI: Nik ikastaroa egin nuen Astigarragan.

ANA VISO; GITEK: Orain arte formakuntza instrukzioekin egiten zuten , eta, zuzenean parkean, makinekin, eta nahiko zaila izaten zen. Orduan erreminta edo sistema birtuala nahi genuen, heziketa hori pixka bat errazago eta segurtasun handiagoarekin egiteko.

Horrela sortu da VIRCAP deituriko proiektua. Gaitasun urrituak dituztenei irakurketak askotan sortzen dizkien ulermen-arazoak saihestea du helburu, eta tresneriaren arriskurik gabeko erabilpena erraztea.

Arkaitzek eta Juanjok parte hartu dute proiektuaren programa pilotuan, beste 13 lagunekin batera. Lehenik, tresnen funtzionamendua erakusten zuten bideoak ikusi dituzte, eta, gero, ikasitakoa ordenagailuetan frogatu dute.

Lorezaintzan erabiltzen diren 7 tresnentzako formakuntza eskaintzen zaie.

ANA VISO; GITEK: Ez genuen nahi ariketak isolatuta egotea, baizik eta irakaskuntza osoa lotuta egotea.
Ariketa batzuk bi dimentsiotan egiten dira, ukimen-pantailekin.

Ariketak oso grafikoak dira, marrazkien bidez azaltzen dituzte lan-egoera ezberdinak, eta ikasleak zuzena aukeratu behar du.

Ikasgaiak ordenagailu-joko gisa daude planteatuta, eta horrek ikasleak motibatzen ditu.

ARKAITZ ETXEBERRIA; GOROLDI: Batzuetan ataskatu egiten naiz, baina moldatzen naiz.

ANA VISO; GITEK: Oso ona izan da haientzat ere. Bukatzen dugunean, beti galdetzen digute noiz izango den hurrengo saioa etortzeko, eta nik uste dut gustura hartu dutela.

Errealitate birtuala da VIRCAP proiektuaren bihotza.

Langile-ikaslea zortzi kameraz kontrolatua dagoen lan-eremuan mugituko da.
Erabiliko dituen tresna guztiek sentsoreak dituzte; hau da, antena bidez lotutako bolatxoak. Kamerek haien posizioa eta mugimenduak hautematen dituzte, egindakoa prozesatzen, eta hurrengo pausoa erakusten. Betaurrekoen bidez, pantailan agertzen dena lan-eremu erreala bihurtuko zaio erabiltzaileari.

CARLOS REGLA; GOROLDI: Langileak tresnen erabilpenera ohitzea lortzen dugu, sentsoreak dituzten benetako makinak erabiltzen baitituzte. Horrela ohartzen dira pisuaz, tamainaz eta mugitzeko aukeraz.
Gainera, lanerako behar diren segurtasun-elementu guztiak erabiltzen dituzte: babesteko betaurrekoak, eskularruak, seinaleak...
Lorategian topa daitezkeen elementu guztiak jarri ditugu; hau da, arketak, jendea... Dena hartu behar dugu kontuan, lanerako orduan.

Arkaitzen, Juanjoren eta beste lagunen esperientzia lagungarria izan da sistema garatzerakoan, errealitateari ahal den gehien hurbiltzeko sentsazioa lortzeko.

ANA VISO; GITEK: Talde pilotu batekin egin ditugu froga guztiak; haiek izan dira esan digutenak nola egin behar genuen, eta garatu dituztenak erreminta guztiak, eta haiei esker moldatu ditugu sistema guztiak haien beharretara.

ARKAITZ ETXEBERRIA, GOROLDI: Oso desberdina da, baina uste dut ikas daitekeela. Gero, benetan belarra mozten esperientziarekin ikasten da, baina ikas daiteke. Aurreneko pausoak emateko uste dut baietz.

CARLOS REGLA; GOROLDI: Harrituta geratu gera, jendea oso ondo sartu baita paisaietan eta lan birtualetan. Ondo ulertu du zer den tresna, badaki erabiltzen eta lagundu egin digute hobetzen.

VIRCAP proiektua dagoeneko bukatu dute. Orain, plan pedagogikoari azken ukituak ematen ari zaizkio, gaitasun urrituak dituztenen artean lorezaintzan trebatzeko sistema behin betirako ezartzeko.

Momentuz, Gureak taldearen langileentzat baino ez da izango, baina aurrerago, beste erakundeei zabaltzeko asmoa azaldu dute.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali