Zurrunga kronikoa
2001/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Apneak zurrungak eta arnas etenak eragiten dizkie gaixoei lotan daudela. Gaixoa ehunka aldiz esna daiteke gauean eta, egunez, edozein unetan lokartzeko joera izaten du. Zenbait kasutan ebaketak egiten dira faringea zabaltzeko, aire gehiago pasa dadin biriketara, baina kasuen % 50ean egoerak ez du hobera egiten.
Valentziako Unibertsitate Ospitalean erresonantzia magnetikoa erabili dute ebakuntzak zergatik ez duen funtzionatzen ikusteko, eta emaitza interesgarriak lortu dituzte. Lotan gaudela, faringearen goialdeko zatia asko estutzen dela ikusi dute, bereziki apnea sufritzen dutenen artean. Horiengan, hodia esna daudela baino % 85 estuagoa da lotan daudenean. Bestalde, faringearen paretaren gogortasunak ebakuntzetako huts egiteetan zerikusi handia duela ikusi dute. Hau da, nahiz eta faringea ebakuntza bidez zabaldu, muskuluen egitura eta portaera kontuan hartu behar direla ebakuntzetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia