Zura EAEn; 2001
2002/09/24 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bestetik, EAEko basoei buruzko datuen eta ustiaketen egoeraren berri ere eman da aurkezpenean. Horrela jakin dugu, iaz, EAEren azaleraren % 54 basoa zela (Europako ehuneko altuenetakoa Finlandia eta Suediakoarekin batera), zuraren sektoreak 387,39 milioi € fakturatu zituela (2000 urtean baino 55 milioi gehiago) eta 3.713 lagunek egin zutela lan sektore horretan.
Aurkezpenean datu gehiago ere eman zituzten. Adibidez, jakin dugu iaz, EAEn, 205.509 Ha koniferoz osatuak zirela ( Pinus radiata : 150.019 Ha) eta 155.038 Ha hosto-zabalenak zirela. Gainera, pinudien ehunekoa apur bat jaitsi eta hosto-zabalena igo egin omen da. Dena den, kontuan izan behar da, txostenean dioten bezala, hosto-zabalen (bereziki baso atlantikoarena) ugaritzea, nagusiki, beste hainbat nekazaritza- jarduera bertan behera uztearen ondorio dela; ez litzateke, beraz, zurgintzaren sektoretik bultzatako zerbait.
Eta, 1,3 milioi zuhaitz moztu eta 8 milioi landatu zirela ere jakin dugu; hau da, moztutako 10 zuhaitzeko 61 aldatu ziren. Hori bai, kontuan izan behar da pinudi batean moztuko diren baino landare gehiago landatu behar dela zuhaitzak zuzen haziko badira. Pinudia heldu aurretik hiru bakanketa egiten dira. Beraz, ez dira botatako zuhaitzen galera konpentsatzeko landatzen, produkzioak berak horrela eskatzen duelako baizik.
Horien antzeko datuez gain, egurrak beste materialen aurrean dituen abantailak ere nabarmendu dituzte: fisiko-mekanikoak eta ekologikoak. Eta, azken horien artean, birziklagarria, biodegradagarria eta ekologikoa dela aipatu da; baita era jasangarrian kudeatzen dela ere. Dena den, kontuan izan behar da EAEn ustiatzen diren baso gehienak era industrialean tratatzen direla: basoa garbitu, kimatu, hegazkin bidez intsektizidak jaurti… eta basoa botatzeko garaian, ia beti, baso guztia botatzen da (batzuetan koniferoa ez den zuhaitzen bat geratzen da tartean) ondoren sustraiak lurretik atera, ahal denean lurra goldatu eta berriz landatzeko. Hau da, ez dira tarteka zuhaitz zaharrak bertan uzten edo errekastoen inguruan landareak uzten… eta abar, behar bezalako ustiaketa ekologiko batek eskatuko lukeen bezala.
Tira, basogintzak, bereziki EAEko isuri atlantikoko basogintzak, eta beste materialen ordez egurra erabiltzeak izan baditu gauza onak eta onuragarriak, baina ez da ahaztu behar ustiaketa erabat industriala dela, landare handi eta epe luzeagoekin jokatzen duen soro izugarri handi bat dela; eta ekologikotik askorik ez duela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia