Zuntz optikoak 40 urte
2006/03/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zuntz optikoa beira edo plastikoa luze-luze eginda lortzen da. Zuntz hori gardena eta malgua da; eta argia mutur batetik sartuta, beste muturreraino igortzen da. Hain zuzen ere, ezaugarri hori erabiltzen da informazioa igortzeko: kobrezko harian elektrizitatea igortzen da, eta zuntz optikoan, berriz, argia.
Barne-islapenaren bitartez joaten da argia zuntzaren mutur batetik bestera; zuntzaren horman errebotatuz egiten du aurrera. Informazioa argi-pultsutan kodetzen da
Etorkizuna argiaren bidetik
Baina, hasiera batean, argia ez zen oso urrun iristen zuntzean. Zuntz optikoa 1966an aurkeztu zioten zientzia-komunitateari Charles Kuen Kao eta George Hockham ingeniari gazteek. Beirazkoa zen, eta etorkizun handia zuela azaldu zuten; inor gutxik sinetsi zien, ordea. Informazio asko bidal zitekeen beira-zuntz hartan, baina sartu eta metro gutxira informazioaren erdia galdua zen.
Oztopo gaindiezina zirudien hark. Baina hara non konturatu ziren argi-galera hura ez zela beiraren beraren ondorioa, baizik eta materialaren inperfekzioen ondorioa zela. Handik aurrera, inperfekzio gutxiagoko beira-zuntza izan zuten helburu. 70eko hamarkadan lortua zuten beira 'puru' hura. Eta, handik aurrera, inork ez zuen zalantzan jarri zuntz optikoaren etorkizuna.
Pentsa, garai hartan lortu zuten zuntz optikoa gehiegizkoa ere bazen, nolabait esateko: behar zuten baino informazio gehiago transmititzeko gai zen. Erabilera berehala eman zioten, ordea. Izan ere, Internet mundu osoan zabaltzear zegoen, eta sareen sareari ezin hobeto zetorkion euskarria zen zuntz optikoa.
Kobretik beirara eta plastikora
Hasierako zuntz optikoa beirazkoa zen, eta gaur egun ere beirazkoa da gehien erabiltzen den zuntz optikoa. Baina plastikoz ere egiten da. Hori bai, plastikozkoak kapazitate txikiagoa dauka, eta tenperatura altuetan hondatu egiten da. Erabileraren arabera, ordea, plastikozko zuntz optikoa egokiagoa izan daiteke arinagoa delako, batetik, eta merkeagoa delako, bestetik.
Kobrezko hariarekin alderatuta, berriz, zuntz optikoa hobea da zentzu guztietan; guztietan, ekonomikoan izan ezik. Aurrez eginak dauden kobrezko instalazioak zuntz optikoarekin ordezkatzea oso garestia da, kablea bera garestiagoa da, eta, gainera, kilometro asko dira. Japonian, esate baterako, egina dute aldaketa hori.
Autoetan ere aurrerapen handia ekarri du zuntz optikoak. Kontuan izan geroz eta osagai elektroniko gehiago dituztela autoek. Beraz, kable asko izaten dute. Bada, kableak zuntz optikozkoak izanez gero, askoz auto arinagoa lortzen da: berrogeita hamar bat kilo arinagoa. Abantaila nabarmena da. Noski, prezioa ere asko igotzen du horrek, eta, oraingoz, gama altuko autoek bakarrik daramate kable optikoa. Dena dela, nork daki, etxe askotara iristen da telebista eta telefonoa zuntz optikoaren bidez; posible da auto guztietara ere uste baino lehenago iristea.
7K-n argitaratua.