}

Zuhaitz-igela, igeltxo txiki polita

1993/02/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Igel eta apoak aipatzen direnean, jendearengan oro har nazka eta higuina nagusitzen dira. Eta ez da harritzekoa! Hain dira hotz, heze, liskatsu eta bikortsuak! Baina zuhaitz-igela (Hyla arborea) ezagutu orduko, sentimen hauek uxatu egiten dira berehala; igeltxo bitxi hau gure Herriko anfibioen artean dotore eta lirainetarikoa baita: tamainaz txikia da, kolore bizikoa, eta azal leun, heze eta garbiz jantzia. Baina lehen begiradan ageri duen edertasunaz gainera, zuhaitz-igelak badu beste bertuterik ere, bere biologian eta bizimoduan murgilduz gero.

Jakina da igelak, oro har, bizimodu lurtarrerako moldapen-maila handia lortutako animaliak direna, atzeko hanka luze eta zaluei esker sekulako jauziak egiteko trebetasuna dutelarik. Baina zuhaitz-igelen kasuan, jauzitarako espezializazioa areagoa da: Hylidae familian sailkatu diren gainerako anuruek bezala, zuhaitz-igelak ere kopadura diskoidal bana izaten du hatz bakoitzaren muturrean substratuari hobeki eusteko. Izan ere, eta bere izenak dioenez, igeltxo txiki hau ingurune hezeetan edota hauetatik gertu kokatutako zuhaitz, zuhamuska eta sastrakaditan bizitzeko moldaturik baitago. Horregatik lurrean ez eta, batez ere adar eta adaska artean dihardu ia beti.

Apaburuek hiru bat hilabete beharko dituzte, hazi, metamorfosia burutu, eta lur lehorrera ateratzeko gai izan daitezen.

Dena dela, ur-ertzetako edo inguruetako landaredia kolonizatzeak badu higidura-sistema baino arazo larriagorik, eta harrapakariengandik babesteko bideak asmatzea derrigorrezkoa da. Horregatik, zuhaitz-igelaren epidermian txertatuta, eta beste anuru askotan bezalaxe, harrapakari gehienentzat toxiko diren substantziak jariatzen dituzten pozoi-guruinak ageri dira. Eta ondorioz, etsairen batek zuhaitz-igela ustegabean harrapatuko balu, berehala askatu beharko luke pozoiak sortutako suminduraren ondorioz.

Nolanahi ere, hobe izaten da etsaiak aurkitu ere ez egitea, eta arrazoi hau dela eta, igeltxo hauen kolorazioa disruptiboa eta kriptikoa izaten da; substratuaren kolore bera hartzeko duten gaitasunari esker, harrapakarientzat ikuskaitz bilakatzen baitira. Dena dela, zuhaitz-igelaren kolore-aldaketak ez dira beti substratuaren arabera gertatzen, eta eragiten dioten faktoreak asko izan daitezke: beldurra, umorea, hezetasun- edo tenperatura-aldaketak, zeruaren kolorea, eta abar. Eta hortik datorkio igeltxo bitxi honi, besteak beste, gizakiarengandiko harrera ona; barometro naturaltzat hartu izan delako, alegia. Esandako guztiaren ondorioz, eta normalena berdeak izatea bada ere, erraza da zuhaitz-igel arreak, grisak, jazpeztatuak, ia zuriak edo beltzak, eta urdinak ere aurkitzea.

Zuhaitz-igelaren kasuan, kanpo-ernalketa anplexu axialez burutzen da.

Aipatu bezala, zuhaitz-igelaren ezaugarri hauek lehorreko bizimodurako moldapen gisara ulertzen dira, baina hala ere, horrek ez du esan nahi, noski, urarekiko menpekotasuna erabat gainditu duenik. Ezta gutxiagorik ere! Aitzitik, igeltxo xelebre honek, gainerako anfibioek bezalaxe, nahikoa arazo izaten du bere barne-inguruneko hezetasun-maila mantentzeko, deshidratazioa arrisku larria duelarik. Arazo honi aurre egiteko ordea, eta moldapen etologiko gisara, zuhaitz-igelaren ihardueraldia arratsean hasi eta goizaldera arte luzatzen da, eta egunez ez da agerian ibiltzen, araldian ez bada behintzat. Adar edo hostoren batean itsatsita, begiak erdi itxirik egoten da ilunabarra bitartean, gorputza bilduta, aire lehorraren eraginari ahalik eta azalera txikiena erakusten saiatzen dela.

Gauez ordea, hezetasun erlatiboa handia denean, adarretik adarrera jauzika aritzen da, eta bere azalera osoa aire hezeari eskainiz, egunean zehar galdutako ura berreskuratu egiten du, hamaika espezie desberdinetako eltxo eta intsektu txikiak harrapatu eta jaten dituen bitartean. Bere harrapakinen artean diptero, lepidoptero, odonatu, eta beste ornogabe hegalari bigunak dira nagusi, inurri eta beldarrak ere jaten dituen arren.

Arren arteko lehia sexuala ahotsaren bitartez bideratzen da.

Apirila hasterako edo, eguraldia zertxobait epeltzen duenean, neguko letargia utzi, eta zuhaitz-igel arrak dotore “janzten” dira, emeei aurrea hartuz, putzu, erreka eta edonolako ur-pilotara hurbilduz. Lepapeko aho-zorroko koloreak indartu egiten zaizkie sasoi horretan, sarritan tonalitate arre ilun edota moreak dituztelarik. Zuhaitz-igelaren kasuan aho-zorroa bakarra izaten da, eta ahoan beheko barailen azpialdean dago kokatuta. Berau eratzen duen azal elastikoari esker, egitura honek kaxa armoniko ahaltsua eratzen du, eta zuhaitz-igel arraren kantua ozen entzun daiteke apiril eta maiatz osoan zehar.

Zenbait lekutan kantu hau euria datorrenaren seinaletzat hartzen bada ere, zuhaitz-igelei dagokienez behintzat bi funtzio nabarmen besterik ez ditu. Izan ere, kantua zuhaitz-igelaren abisu-deia da, eta beraz, emeei arra dagoela adierazteaz gainera, beste arrei lurraldekoitasuna aldarrikatzeko ere balio du, ar bakoitzak kantuaren bitartez bere barrutia mugatzen duelarik. Beraz, arren arteko lehia sexuala ahotsaren bitartez bideratzen da.

Egunez adar edo hostoren batean itsatsita egoten dira, gorputza bilduta, aire lehorraren eraginari ahalik eta azalera txikiena erakusten saiatzen direla.

Ugalketa uretan gertatzen da: zuhaitz-igel arra emearen gainera igotzen da, eta eskuen barneko aldean dauzkan eztei-eskreszentziei esker sendo eusten dio besoen atzealdetik, anplexu axial deritzon jarrera burutuz. Jarrera honetan daudela, jadanik garatuta dauzkan arrautzak erruten laguntzen dio emeari. Eta arrautzak kanpora doazen heinean, ernaldu egiten dira arrak jariatutako espermioaz.

Arrautza horiek bi aste inguru beharko dituzte eklosioa gerta dadin, eta bertatik jaioko diren apaburuek berriz, beste hiru bat hilabete, hazi, metamorfosia burutu, eta lur lehorrera ateratzeko gai izan daitezen.

Emeak errundako ehundaka arrautzetatik bakar batzuk baino ez dira iritsiko prozesu osoa burutzera; gainerako anuru gehienetan gertatzen den legez, zuhaitz-igelen kasuan ere arrautza eta larbetan heriotza-tasa oso handia izaten baita. Hala ere, hautespen gogorra gainditzeko gai diren ale urriak lehorrera atera, eta hiruzpalau urtean, hots, heldutasun sexuala lortu artean, ez dira berriro bertara itzuliko.

Igeltxo bitxi hau gure Herriko anfibioen artean dotore eta lirainetarikoa dugu. Tamainaz txikia da, kolore bizikoa, eta azal leun, heze eta garbiz jantzia.

Jatorri paleoarktikoa duen anfibio hau oso hedatua dago Europan, batez ere Frantzian, Europako Erdialdean, Italian, eta Balkanetan bizi delarik. Iparraldeko banaketa-muga berriz, Suediako hegoaldean du, eta ekialdekoa Kaukasoan eta Uraletan. Iberiar penintsulari dagokionez berriz, erdialdean eta iparraldean ia edonon topa daiteke, hegoaldean eta ekialdean falta delarik.

Euskal Herrian ordea, zuhaitz-igelaren banaketa bi eskualde nabarmenetan banatzen da: eskualde mediterraniarrean eskuarki aurki daitekeen espeziea dugu, uren banaketa-lerrotik hasi eta Ebroraino. Hala ere Nafarroako hegoaldean ez dago, bertan habitat aproposik ez duelako edo. Kostaldean berriz, hainbat populazio sendo bada Bizkaia eta Gipuzkoan, eta barnealderantz gehiago hedatzen ez bada, ingurune heze osasuntsurik ez duelako bide da.

Fitxa teknikoa ZUHAITZ-IGELA

Espeziea: Hyla arborea

Familia: Hilidoak

Ordena: Anuruak

Klasea: Anfibioak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia