Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Zubiak


Zientzialarien eta gizartearen arteko zubi-lana egitea da Elhuyar aldizkariaren xede nagusietako bat. Helburu horrekin, harreman zuzena dugu hainbat ikertzailerekin, eta haiek egindako ikerketen berri emateko ez ezik, beste zientzialari batzuek egindakoei buruzko iritzia jasotzera ere jotzen dugu haiengana.

Dena dela, garbi dugu hori ez dela nahikoa. Zubiek bi ertz lotzen dituztenez, beste norabidean lana egitea ere badagokigu: gizartetik zientziara. Horrek behartzen gaitu etengabe bilatzera zer kezka eta behar dauden gizartean, eta haiei erantzuteko zer egin dezakeen eta egin behar duen zientziak. Adibideak hainbat dira: osasuna, energia, klima, biodibertsitatea, ekitatea… Gai horietan guztietan, kontua ez da nola gerturatu zientzia gizarteari, baizik eta nola egin etorkizuneko estrategiak elkarrekin diseinatzeko. Eta, antza denez, jendeak ez du uste zientzialariek nahikoa hartzen dituztenik aintzat gizartearen kezkak eta beharrak.

Hain zuzen, iritzi hori azaleratu da zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioaren FECYT erakundearen azken inkestan (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa). Bi urtez behin egiten du FECYTek galdeketa hori, eta, azken horretan, partehartzaileen % 37,2k bakarrik uste du ikertzaileek nahikoa izaten dutela kontuan gizartea, eta % 36,3k baino ez du uste egoki komunikatzen dituztela lanaren emaitzak. Are gehiago, erdiak baino gehixeagok uste du zientzialarien emaitzak ordaintzen dietenen araberakoak izan daitezkeela.

Argi dugu, beraz, badugula zeregina komunikazioa hobetzen, gardentasunez eta zintzotasunez. Ikertzaileen eta zientzia-sistemaren hutsuneak ez ezkutatzea da printzipioetako bat. Hain justu, frogatu dute jendea gehiago fidatzen dela akatsak edo emaitza negatiboak aitortzen dituzten zientzialariez, beti arrakastatsu ageri direnez baino. 

Guretzat, sinesgarritasuna eta konfiantza funtsezko balioak dira. Horren gainean eraiki dugu zubia. Eta zubi hori sendotzen jarraitzeko, berrikuntzak eskaini nahi dizkizuegu, eduki zientifiko-teknologiko gehiagorekin, formatu gehiagotan. Laster izango duzue horren berri!

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali