}

Zorioneko pilulak

2002/01/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur egungo gizarteari dena berehala eta ahaleginik egin gabe lor dezakeela sinetsarazi zaio. Arazo bakoitzak irtenbide azkarra du, eta osasun-arazoa bada, tori dagokion pilula!
Antsietatea, estresa, depresioa... Horren guztiaren aurkako erremedioa omen dira pilulak.

Aukera zabala eskaintzen da, kolore eta itxura guztietakoak, espezifikoak edo denetarikoak, bularreko umeentzat eta zaharrentzat, gizonentzat eta emakumeentzat... denak daude salgai. Noski, ez dira musu-truk. Zer uste zenuen bada? Badakizu: diruak zoriontasuna ez badakar ere, erosteko ahalmena ematen du. Eta zoriona piluletan saltzen da.

Gorputzeko gaitz arrunten aurkako sendagaiak aspalditik ezagutzen dira, eta berriak asmatzeko ikerketek pausoz pauso egiten dute aurrera. Arimaren edo gogamenaren gaitzen aurkako sendabideak, aldiz, orain dela gutxi arte ezin ziren pilula batean bildu. Tristura, nahigabea, urduritasuna eta beldurra apaizarekin aitortuta arintzen ziren; inpotentzia isilean gordetzen zen, eta sendatzeko, sorginak emandako sendabelarrak hartzen ziren edo santuei errezatzen zitzaien; eta akats fisiko bat zuenak besteen isekak pairatu behar zituen.

Garaiak aldatu egin dira, ordea, eta dagoeneko piluletan aurki daiteke arazo horien guztien irtenbidea. Mirarizko eta orotariko pilulez gain, azken urteotan modan jarri dira osasun-ikuskaritzaren kontrolpean eta eragina zientifikoki frogatuta merkaturatzen diren pilula batzuk.

Gaur egungo gaitzak: depresioa eta estresa

Gaur egungo gizartean gorputz perfektuak goraipatzen dira; ondorioz, gizenak alboratuta sentitzen dira.

Hori dela eta, farmazia-industriek gizentasuna, depresioa, inpotentzia, estresa, eta burusoiltasuna bezalako arazoen aurkako sendagaien salmentatik irabazi handiak lortzen dituzte. Era berean, pilula horiei esker jende askok irtenbidea aurkitu duela ukaezina da. Adibidez, Estatu Batuetan 1988an sortu zen Prozac antidepresiboa depresioa, bulimia eta nahaste obsesibo-konpultsiboak tratatzeko oso eraginkorra da. Sendagilearen aginduak jarraituta hartuz gero onuragarria bada ere, duela urte batzuk modan jarri eta "zoriontasunaren pilula" moduan zabaldu zen, ordura arte Valiumak zuen ospea gaindituta. Eta albo-ondorioak orain ari dira azaltzen: poltsikoa asko arintzeaz gain, buruko minak, erekzioari eusteko arazoak eta libidoaren jaitsiera sumatzen dira. Hala ere, albo-ondorio larriena sortzen duen dependentzia psikologikoa da.

Orfidal, Tranquimazin eta Lexatin bezalako lasaigarrien arazo nagusia ere horixe da: pilulak hartuta ongi sentitzen denez, dependentzia psikikoa eta fisikoa sortzen dute. Hala eta guztiz ere, mina kentzeko sendagaien ondoren gehien kontsumitzen diren pilulak dira estatu espainiarrean. Antsietateari, estresari, lotarako arazoei, urduritasunari eta estutasunari aurre egiteko hartzen dira. Arazo horien eragileak atzematea eta konponbidea bilatzea baino askoz errazagoa baita pilula bat hartzea.

Ispiluaren aurrean

Pilulak hartzekotan, hobe sendagilearen aginduei jaramon egitea.

Farmazia-industrien beste izarretako bat argaltzeko pilulak dira. Jateko ohitura berrien eta ariketa fisikorik ez egitearen ondorioz, gizentasun kronikoak gora egin du. Horrekin batera, gizarteak gorputz perfektuak goraipatzen ditu; beraz, kilo gehiegi dituzten asko nolabait baztertuta sentitzen dira. Baina, pisu egokia lortzeko, gehienetan bizimodua eta ohiturak guztiz aldatu behar dira, eta gutxi dira horrelako "sakrifizioa" egiteko prest daudenak. Ezerezen trukean argaldu nahi dutenei zuzenduta merkatuan hamaika erremedio dago: gerriko bereziak, uhin elektromagnetikoak, mirarizko pomadak eta, nola ez, pilulak. Baita sendagilearen errezetarekin hartu beharrekoak ere.

Xenical izeneko pilulak hesteetan koipea xurgatzea eragozten du, eta kaloria gutxiko dietarekin batera, gizentasun kasu larriak tratatzeko erabiltzen da. Dirudienez, ordea, neurriz kanpoko kontsumoa dago, eta digestio-aparatuan arazoak eragiteaz gain, kontsumitzaileek ez dute espero adinako emaitzarik lortzen. Izan ere, gizentasun larria gaixotasun kronikoa da, eta tratamendu luzea behar du.

Propecia ere irudiarekin lotutako beste arazo bati erantzuteko azaldu zen: burusoiltasuna. Gizentasunarekin gertatzen den bezala, ia burusoil adina erremedio dago, baina Propecia ren eraginkortasuna zientifikoki frogatu da. Hori bai, emakumezkoentzat ez du balio eta ezta gizonezko kasu guztietarako ere. Gainera, ugalkortasunari eragiten dioten albo-ondorioak izan ditzake (zailtasunak erekzioan, libidoa gutxitzea eta eiakulazio-bolumena jaistea). Hala ere, 1999an merkaturatu zenetik, milaka gizonezkok hartu du.

Gizonezkoei zuzendutako pilula ospetsuen artean ospetsuenetakoa da Viagra . Erekzio arazo jakin batzuei aurre egiteko aproposa bada ere, beste kasu askotan ez da gomendagarria. Albo-ondorioak kontuan hartzeko modukoak dira eta prezioa ere ez da txantxetakoa. Horregatik, harritzekoa da lortu duen arrakasta, pilula antisorgailuaren ondoren gizartean oihartzun handiena izan duena baita.

Aipatutako pilula horiek guztiak sendagilearen errezetarekin saltzen direnez, itxura batean bestelako pilula magikoek baino salmenta kontrolatuagoa dute. Dena dela, farmazia-industriei ematen dizkieten irabaziak kontuan izanda, zalantza pizten da: benetan al dira beharrezkoak? Arazoei ezin al zaie beste era batera egin aurre? Agian, konponbide azkarrena ez da beti onena, eta norberaren baitan egon daiteke irtenbidea. Pilulak hartzea erabakiz gero, berriz, hobe sendagileak aginduta izatea.

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia