}

Zorioneko mutanteak

2005/05/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiesa gaur egungo izurri ikaragarrienetakoa da. Mundu osoko populazioa dago birusaren mehatxupean, baina europarren % 10ek nolabaiteko babesa du. Hain zuzen, odoleko globulu zurien mutazio bati esker, hamarretik bat ez da gaixotzen, mutazioak zelula infektatzea galarazten diolako birusari. Zein da mutazio hori? Noiz sortu eta hedatu zen? Mutazioa Erdi Aroan izandako izurriren bati esker hedatu zela susmatzen dute ikertzaileek. Izurria zein izan ote zen, hor dago eztabaida.
Zelularen azaleko proteina baten mutazioari esker, birusek ezin dute zelulan sartu.

Hiesa eragiten duen birusa, GIBa, erasotzaile gogorra da. Giza gorputzak dituen defentsarako zelulak infektatzen ditu, globulu zuriak; hala, gorputza inolako defentsarik gabe uzten du. Horregatik da hain ikaragarria: defentsak suntsitu eta gero, gorputza babesik gabe gelditzen da, edozein infekzio-eragileren mende.

Europarren hamarretik batek, ordea, mutazio bat du globulu zurien proteina batean, CCR5 izeneko proteinan. Proteina hori ez bada ohikoa, birusak ezin du globulu zurira sartu, eta, beraz, ez du zelula infektatzeko aukerarik. Argi dago mutante izateak abantaila ematen duela hiesarekiko, ezta?

Ikertzaileek ez dakite zergatik duen hainbeste jendek mutazio hori Europan. Izan ere, munduko beste tokietan mutazioa askoz ere arraroagoa da. Zientzialarien iritziz, aukera bat izan liteke mutazio horrek beste gaixotasun batetik babesten duela, eta horregatik zabaldu dela. Alegia, garai batean beste gaixotasun batetik babesten zuenez, mutazioa zutenek aurrera ateratzea lortu zuten, eta baita haien ondorengoek ere. Horrek mutazioa hedatzen lagunduko luke.

Hipotesi hori ontzat hartuta, zer gaixotasun izan zen gakoa jakin nahi izan dute ikertzaileek. Mutazioa duela 2.500 bat urte azaldu zela ikusi dute, hiesa agertu baino askoz ere lehenago. Eta Erdi Aroko izurriren batek lagundu zuen, nonbait, mutazioa hedatzen, ordutik handitzen baita mutazioaren frekuentzia.

Erdi Aroan bihurtu zen ohikoagoa mutazio babeslea.

Ikertzaileak detektibe-lanetan

Britainia Handiko Liverpooleko ikertzaileen ustez, Izurri Beltzaren erruz —edo hari esker― zabaldu zen mutazioa. Izurri Beltzak europarren % 40 hil zuen 1347-1350 urteen artean, eta orduan hogei mila pertsonatik batek zuen mutazioa. Hau da, oso-oso arraroa zen. Gerora, berriro izan ziren gaitzaren agerraldiak, eta azkena Londresko Izurri Handia izan zen, 1660an. Garai hartan, mutazioa zutenen proportzioa asko handitu zen. Hortaz, badirudi mutazioak Izurri Beltzetik babesten zuela neurri batean, eta, horri esker, mutazioa zutenek aurrera egin zutela, eta baita haien ondorengoek ere. Ondorioz, mutazioa hedatu egin zen.

Londresko beste ikertzaile batzuk, ordea, ez datoz bat Liverpoolekoekin. Haien ustez, Izurri Beltzak ez zuen zerikusirik izan, baizik eta baztangak egin zuen ohikoagoa mutazioa. Baztanga oso gaixotasun larria izan zen XVII. mendetik aurrera, eta heriotza asko eragin zituen. Eta, batez ere, baztangaren eragilea birus bat da, eta Izurri Beltza, berriz, bakterio batek sortzen du, Yersinia pestis bakterioak, hain zuzen. Londresko zientzialarientzat, logikoagoa da pentsatzea hiesaren birusetik babesten duen mutazioak beste birus batetik babesten zuelako zabaldu dela. Eta birus hori baztangarena izan daiteke.

Izurri Beltzak europarren % 40 hil zuen hiru urtean.

Baina, Izurri Beltzaren teoriaren aldekoen esanean, baztanga ez zen izurri izanXVII. mendera arte, eta ez zaie iruditzen ordutik hona mutazioak zabaltzeko denborarik izan duenik. Nolanahi ere, Londreskoek erantzuna prest dute, eta, haien esanean, baztangak haur txikiei eragiten dienez batez ere, gaitzaren eragina zenbaterainokoa izan zen ez da kontuan hartu mende horretara arte; horrek ez du esan nahi, ordea, lehenago ere ez zenik izurritzat hartzeko modukoa.

Aldeko eta kontrako argudioak

Liverpoolekoek, hala ere, ez dute etsitzen, eta beste argudio batzuk ematen dituzte. Esate baterako, Izurri Beltza arratoiek transmititzen zuten, eta horrek eragina izan zezakeela uste dute. Horretaz gain, badute beren aldeko beste zantzu bat: gai dira azaltzeko zergatik den mutazioa ohikoagoa Europaren iparraldean hegoaldean baino.

Europaren iparraldean, mutazioa dutenen proportzioa % 16koa izatera iristen da.

Izan ere, Eskandinavian eta Errusian populazioaren % 16k du mutazioa; aldiz, hegoaldean ez dago hain zabalduta; Sardinian, adibidez, % 4k besterik ez du globulu zurien proteinaren mutazioa. Zergatik dago hainbesteko aldea? Liverpooleko ikertzaileen arabera, Europaren iparraldean XIX. mendera arte izan ziren Izurri Beltzaren agerraldiak, eta gaitza denboran luzatu izanak eragin du han mutazioa ohikoagoa izatea.

Ez da argudio makala. Dena dela, ezinezkoa da jakitea nork duen arrazoia. Agian denborarekin bilduko dituzte aztarna gehiago, eta bi teorietako bat indartuko da, edo beharbada beste bat sortuko; nork daki.Nolanahi ere, gutxienez deigarria bada jakitea duela mende batzuk benetan hilgarria zen gaixotasun batek lagundu zuela orain batzuk, Europarren hamarretik bat, beste batetik babestuta egoten. Mutante horiek bai zorionekoak!

7K-n argitaratua.