}

Zirkulazio-istripuen eredu berria

2001/02/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Legegileek eta auto-gidariek segurtasuneko abiadura-mugari buruz eztabaidatzean fisikariekin egin dute topo. Taiwango Unibertsitateko Huang eta Wu fisikariek zirkulazio-istripuak aztertzeko eredu informatiko berria asmatu dute. Beraien arabera, auto-istripu gehienak ez dira gehiegizko abiaduran gidatzeagatik gertatzen, baizik eta ibilgailuen artean behar adinako segurtasun-tartea gordetzen ez delako.

Eredu berri honetan, abiadura aldatuz ondorio harrigarriak ikusten dira. Oso abiadura txikietan, istripuak nabarmen urritzen dira, eta abiadura handitzean istripu-kopuruak ere gora egiten du. Baina asetasun-efektu baten antzekoa gertatzen da, eta horren arabera, abiadura batetik aurrera asko azeleratu arren, istripuak ez dira maila berean ugaritzen.

Dena dela, segurtasunez gidatzeko gaitasunean hainbeste faktorek eragiten dutenez, oso zaila da aurreikuspen ziurrak egitea. Hala ere, ereduek zirkulazioaren portaera ulertzen laguntzen digute. Nagel eta Schreckenberg fisikariek 1992an garatutako eredua hainbat hiritan erabiltzen da zirkulazio-mugimendua minutuoro aurreikusteko. Eredu hori gidariaren ohiko jokabidean oinarritzen da. Eragozpenik ezean, gidariak gustukoen duen abiadurara iritsi arte azeleratuko duela aurreikusten du, baina beste ibilgailuetara hurbiltzean, bere jokabidea aldatuko du: talka egitea eragozteko abiadura txikiagotuko du, aurreko autoarekiko segurtasun-tarte bat utziz.

Gidariek beti horrela jokatuko balute, ez litzateke istripurik gertatuko. Alabaina, Huang eta Wuren eredua ez da hain ideala eta besteek kontuan hartu ez dituzten faktoreak sartzen dituzte. Haietan, adibidez, talkak zirkulazioa astuna zenean besterik ez ziren gertatzen, eta egiazko autobideetan ibilgailu gutxi dabiltzanean ere gertatzen dira.

Huang eta Wuren ereduan gidarien ustekabeko jokabideak ere izaten dira kontuan. Espero zitekeen bezala, zorizko jokabide hauek dira istripuak eragiten dituztenak bai abiadura nola zirkulazio-dentsitatea handitzen denean.

Harrigarriena, ordea, hau da: zirkulazioa benetan astuna denean, istripu bat izateko aukerak gutxitua egiten dira, ibilgailuak astiro eta bateratuago mugitzera behartuta daudelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia