}

Zigarro transgenikoak: kalterik gabeko tabakoa

2002/04/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela gutxi Andaluziako Juntak demanda gogoangarria aurkeztu du, Europan lehenengo aldiz jo baitu instituzio batek enpresa tabakogile handienen aurka. Hain zuzen, Andaluziako Osasun Publikoak 300 milioi euro eskatzen ditu tabakoaren ondorioz sortutako gaixotasunek eragiten duten gastuaren ordainetan.

Osasun Administrazioko arduradunen esanean, erretzearen eta hainbat gaixotasunen artean lotura zuzena dago (biriketako eta bihotzeko gaitzak eta minbiziak, batez ere), eta hori frogatzeko 300 pazienteren historial klinikoak aurkeztu dituzte. Gainera, haien asmoa ez omen da tabako-kontsumoaren aurkako kanpaina egitea, baizik eta enpresa handi horiek beren irabazien zati bat ematea sortzen duten osasun-kaltea ordaintzeko.

Bestalde, deigarria da Espainiako gobernuak Europako Batasunaren erabaki baten aurkako jarrera azaltzea demanda aurkeztu eta gutxira. Hain juxtu, tabako-kontsumoa gutxitzeko neurrien artean, Europako Batasunak tabako-ekoizleei diru-laguntza txikiagoak ematea proposatzen du. Gobernuari, antza, ez zaio oso ideia ona iruditu; kontuan izan behar da tabako-ekoizpenetik 6.000 familia bizi direla Extremaduran, hau da, Andaluziatik oso gertu.

Nolanahi ere, borroka judiziala gogorra eta beroa izango da, aurkariak ez baitira nolanahikoak: Altadis (garai bateko Tabacalera), Philip Morris Spain, Tabacos Canary Island, British American Tobacco España, CITA eta J.T. International. Alabaina, epaia Andaluziako Osasun Publikoaren aldekoa bada, soka luzea ekar dezake.

Agian banakoen eta gobernuen balizko demandei aurre egiteko, edo, besterik gabe, merkatua zabaltzeko, AEBetako Vector Tobacco enpresak nikotinarik eta minbizi eragilerik gabeko tabako transgenikoa aurkeztu du.

Tabako light-aren kontsumoak gora egin du

Biriketako eta bihotzeko gaixotasun asko erretzeari lotuta daude.

Lehen ere, badaude merkatuan sustantzia kaltegarri gutxiko eta nikotina-kantitate baxuko zigarroak, tabako light-a alegia. Sendagileek tabakoaren aurka gero eta froga gehiago dituztela eta, kontsumitzaileen kezka handitu egin da azken urteotan. Hala ere, askok eta askok ez diote tabakoari uko egin nahi, eta horientzat sortu zuten tabako light-a.

Tabakoaren ospe txarraren erantzule nagusien artean hidrokarburo polizikliko aromatikoak (HPA), katekolak eta nitrosaminak daude; hirurak minbizi-eragile indartsuak. Lehenengo biak materia organikoaren konbustio osatugabearen ondorioz sortzen dira eta, beraz, erretzeari uztea ez da nahikoa horiek ekiditeko: sutondoan goxo-goxo gaudelarik ere horrelakoak arnasteko arrisku handia dago (berriro ere plazerraren eta osasunaren artean aukeratu behar!). Gainera, HPA familiakoak ugariak dira eta edonon daude: poluitutako lurretan, barazkietan eta frutetan eta parrillan erretako janarian, besteak beste. Nitrosaminak, aldiz, tabako-hostoak ontzeko prozesuan sortzen dira.

Substantzia horiek eta nikotina gutxitzeko asmoz, tabakoari tratamendu fisiko-kimikoa ezartzen zaio. Horrela, tabako light-ak arruntak baino gutxiago kaltetzen duelakoan saltzen dute ekoizleek, nahiz eta besteak bezala paketean osasun-agintaritzaren oharra eramatera behartuta dagoen. Hain zuzen, tratamenduak ez dira guztiz eraginkorrak eta substantzia kaltegarriak ez dira erabat desagertzen. Bestetik, eta tratamenduen ondorioz, tabakoak berezko zaporea eta usaina galtzen ditu neurri batean.

Tabako transgenikoaren abantailak

Vector Tobacco enpresaren esanean, ordea, garatu duten prozesu katalitikoari esker, minbizi-eragile horiek ia guztiz desagerrarazten dituzte. Dena dela, berrikuntza handiena nikotina kentzeko erabili duten metodoan datza.

Parrillan erretako janariek ere eritasun larriak eragiten dituzte.

Nikotina tabakoak berez duen alkaloidea da. Hainbat landarek dituzten beste alkaloideen modura, gizakietan eragin farmakologikoa du, eta, bide batez, erretzailea tabakoaren morrontzapean jartzen du, mendekotasuna sortzen baitu. Tabako landarearentzat, berriz, guztiz onuragarria da: sustraietan sortu eta hostoetan metatzen da, eta bertan landarea intsektuetatik babesten du.

1994an Ipar Karolinako Estatu Unibertsitateko biologo batek tabako-landareak nikotina ekoizteko giltza aurkitu zuen. Nikotinaren ekoizpenarekin lotutako genea zein zen ikusi zuen, baina gene hori landarearen beste funtzio batzuetarako ezinbestekoa denez, ezin zen hola-hala erauzi. 1999ko hasieran, Vector Tobacco enpresak ikerketetan parte hartzea erabaki zuen, eta landarearen iraunkortasuna kaltetu gabe eta zaporea galdu gabe, gene hori kentzera zuzendu zituen ikerketak.

Batzuetan, ikerketak laster iristen dira beren helburuetara: 1999ko erdialderako prest zuten Vector Tobaccoren berotegietan nikotinarik gabeko lehenengo tabako transgenikoa. Proba askoren ondoren, haziak ereiteko baimena lortu dute AEBetan eta iaz 1.200 Ha. ekoitzi zituzten.

Extremaduran 6.000 familia bizi dira tabakoaren ekoizpenetik.

AEBetako Osasun Departamentuak tabako transgenikoaren ekoiztu eta saltzea baimentzen badu, kontsumitzaileek izango dute azken hitza. Europan kontsumitzaileek genetikoki eraldatutako elikagaiei errezeloz begiratzen badiete ere, AEBetan, hasi goizeko zerealetatik eta iluntzean telebistaren aurrean irensten dituzten krispetetara, horrelako produktuak jatera ohituta daude. Hortaz, ez dirudi tabako hori transgenikoa izateak atzera botako dituenik.

Bukatzeko, galdera bat: tabako horrek nikotinarik ez badu, nola lortuko dute erretzailea katigatzea? Erantzuna luze gabe iritsiko da AEBetatik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia