}

Zientzilariak frantziako iraultzan

1989/04/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurten 200 urte beteko dira Frantziako Iraultza hasi zenetik. Gertakizun hark izan zituen ondorio politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalei buruz asko hitz egingo da datozen hilabeteetan, zalantzarik gabe. Nik beste alde batetik jorratu nahi nuke ordea XVIII. mendearen hondarrean mundua asaldatu zuen gertakari hura. Izan ere, 1789. urtea zientzia modernoaren jaiotza ezagutu zuen 1775. urtetik 1805era bitarteko denboraldi garrantzitsuaren erdi-erdian egoteak jakinmin berezia sortu bait dit. Nola bizi izan zituzten beren garaiko gorabehera zalapartatsuak aldi hartako zientzilariek, bereziki zientzilari frantsesek? Hauxe da, hain zuzen ere, aztertu nahi nukeen gaia.
Diderot
.

Frantziako Iraultza 1789tik 1799ra bitartean Frantzian Antzinako Erregimena suntsi erazi zuen mugimendua izan zen. Gertakari-sail honen zioa, Europa-mailan gauzatzen ari zen iraultza zabalago batean bilatu behar da zalantzarik gabe. Merkatalgoaren bidez aberastuta zegoen burgesiak agintearen kontrola irrikatzen zuen eta hori lortzeko, ordurarte boterea monopolizatu zuen aristokraziaren aurka altxa zen. Gainera, merkatalgoaren gorakadarekin 1770etik aurrera indartzen hasi zen industri iraultzari etekinik handiena atera ziona burgesia horixe bera izan zen eta aberaspide berri horrek botere-irrika areagotu egin zion. Absolutismoaren aurkako burruka bizkortuz joan zen eta 1789ko uztailaren 14ean masa paristarrek matxinatu eta Bastille hartu zuten; absolutismoaren sinbolo gorena hain zuzen. Giro honetan bizi izan ziren zientzilari frantsesen zerrenda egiten ahalegintzen bagara, izen ugari aurkituko dugu: Monge (1746-1818), Coulomb (1736-1806), Lavoisier (1743-1794), Condorcet (1743-1794), Laplace (1749-1827), Guyton de Morveau (1737-1816), Berthollet (1748-1822), Cuvier (1769-1832), Bichat (1771-1802).

Entziklopediaren eragina

Perspektiba zabalxeagoa hartzen badugu, ordea, beste bi gizon aipatu behar ditugu, 1789rako biak hilak izan arren: Diderot (1713-1784) eta D’Alembert (1717-1783). Izen biok aipatzen baditugu Encyclopédie des Arts, Sciences et Métiers obra erraldoian izan zuten partaidetzagatik eta lan horrek iraultzarekin zuen lotura hertsiagatik da noski. Giza ezagutza guztiak ordena alfabetikoan bilduko zituen hiztegi entziklopediko bat Frantzian argitaratzeko asmoa Le Breton argitaratzaileari bururatu zitzaion. Chamberse k 1728an Britainia Haundian argitaratua zen Cyclopaedia itzultzea eta egokitzea erabaki zuen 1745ean editore honek eta itzulpenaren ardura Diderot i eman zion. Diderot ordura arte artikuluxkak, nobelak, itzulpenak eta hainbat eratako idazlanak eginez nola hala bizi izana zen. Le Breton ek eskaintza egin zionean Diderot hiru hilabete gartzelan egon eta irten berria zen. Badirudi itzalera joan beharra izateko arrazoia eboluzioa hautespen naturalen baten ondorio izan daitekeela azalduz argitaratu zuen saiakera bat izan zela.

Diderot

ek gogoz onartu zuen Le Breton en eskaintza nonbait, eta lan hark ez zuela itzulpen hutsa izan behar pentsatu zuen. Frantziako jakintsu handienei zientzi gaiei buruzko artikuluak eskatzen hasi zen eta D’Alembert matematikaria hartu zuen hauek gainbegira zitzan.

Obrak guztiz gainditu zuen hasierako asmoa; itzulpen egokitua izan ordez erabat originala izan zelako batetik eta informazio hutsa ematearekin konformatu beharrean agintearen eta tradizioaren aurkako manifestu eskandalagarri eta jansenisten, jesuiten, aristokraten eta jauntxoen gorrotagai bihurtu zelako bestetik. Madame de Pompadour eta Malesherbes Liburutegiko zuzendaria, h.d. Frantzian egiten ziren argitarapenen ardura nagusia zuena, bezalako pertsonaia ahaltsu batzuen babesa izan arren, 1752an eta 1759an Encyclopedie debekatua izan zen. Haatik, erdi ezkutuan bazen ere, aurrera joan ziren lanak eta 1765ean testuak kaleratu ondoren 1772an irudiak argitaratu ziren.

D'Alembert entziklopedia irakurriz Madame Geoffin-enean.

Diderot

en lan setatsuari esker burutu zen obra eskerga hura, zeren eta bere lankide askok, D’Alembert ek berauen artean, gartzelara joateko beldurrez lana bertan behera utzi zuten. Agintariengandik debekuak ezezik editorearengandik zentsura ere nozitu zuen azkenerako entziklopediak.

Entziklopedian lankide izan zirenen eta hauen jarraitzaileen ideologiari, entziklopedismo deritzo. Administrariak, teknikariak, artistak, industriariak eta merkatariak ziren mugimendu honen alde zeudenak. Aristokrazia ez bezala produkzio-prozesuarekin erlazionatutako jendea zen.

Gizartean inposatuta zegoen dogmatismoarekiko jarrera kritikoa hartuz, zalantza metodikoari leihoa zabaldurik, iharduera intelektualak eta praktika uztartuta, jokabide berri bati ekin zioten entziklopedistek. Arimaren eta gorputzaren, fenomeno psikiko, fisiko, kimiko eta biologikoen arteko funtsezko batasunaren alde azaldu ziren. Gizakien arteko berdintasun naturala aldarrikatu zuten eta liberalismo ekonomikoaren alde egon ziren. Entziklopedia izan zen hain zuzen honela pentsatzen zutenen biblia.

Lavoisier: kimikaren oinarri

Garai honetan bizi izan ziren zientzilari batzuk burubelarri sartuta ibili ziren jokabide berri honetan. Lavoisier kimikaria, esate baterako, gogor ahalegindu zen ordenu berriaren eraikuntzan. Herriaren bizimodua hobetzeko hainbat ekintzatan hartu zuen parte. 1760an hirien argikuntza hobetzeko metodotan lan egin zuen eta 1770ean bolboraren fabrikaziorako kresala lortzeko metodo berriak asmatu zituen. Azken hauen inportantzia soziala argitzeak merezi du, zeren zientzilari hura bultzatzen zuen asmoa erakusten bait du. Garai hartan ez zen ezagutzen kresala produzitzeko metodorik eta horregatik bolbora egiteko behar zena funtzionari ofizialek nekazarien sotoetako hormetan sortzen zena biltzen zuten landetxetan mila desmasia eginez. Nekazariek nozitzen zituzten kalteak gutxitzea zen Lavoisier ikerketa haiek egitera bultzatu zuen asmoa. 1778an landetxe eredugarri bat jarri zuen eta 1780an laborantza modernizatzeko lanetan ibili zen.

Arrazoi asko daude Lavoisier kimika modernoaren aita izan zela esateko. Adibidez XVIII. mendeko kimikari askok zera uste zuten: ura lur bihur zitekeela luzaro irakin eraziz gero, egun askotan zehar berotzen zen urak hondakin solido bat uzten zuelako. Baina Lavoisier ek ura irkain eta kondentsarazi zuen behin eta berriro eta arretaz pisatu zituen ura eta ontzia saiakuntza aurretik eta bukatu ondoren. Hondakinak agertu ziren, baina uraren pisua ez zen aldatu; ontziarena aldiz bai. Argi zegoen hondakina urak ontzia jan zuelako agertu zela eta ez ura lur bihurtu zelako.

Entziklopediaren lehenengo argitarapenaren (1751) azala.

Garai hartan onartzen zen beste teoria bat Stahl ek (1660-1734) proposatutako flogistoarena zen. Erragaiak flogisto deitu zuten substantzia batean aberatsak zirela zioen mediku aleman honek eta errekuntzaren bidez hau galdu egiten zela. Horregatik ezin omen ziren erre errekuntzaren hondakinak; flogistoa falta zitzaielako. Errekuntzan aireak betetzen zuen funtzio bakarra flogistoa garraiatzea zela uste zuten. Lavoisier , hirietako argikuntza aztertzen ari zela, substantziak airetan berotzen hasi zen 1772an. Behin, beste kimikari batzuekin batera, diamante bat erosi zuen. Ontzi itxi baten barnean eta lupa batek kontzentratzen zituen eguzki-izpien eraginaren pean ipini zuen.

Diamantea desagertu egin zen eta ontzia karbono(IV) oxidoz bete zen. Diamantea ez zen erretzen. Fosforoa eta sufrea ere erre zituen eta lortutako produktuek jatorrizkoek baino gehiago pisatzen zutela ikusi zuen. Beraz airean zegoen substantziaren bat erantsi zitzaiela pentsatu zuen. Metalaren, oxidoaren eta airearen multzoak berdin pisatzen zuen ordea berotuta gero. Oxidoak pisua irabazi bazuen, aireak galdua behar zuen eta orduan ontzian hutsa sortuko zen. Ontzia ireki zuenean airea sartzen hasi zen bertan eta multzoa astunago bihurtu zen. Oxidazioa eta errekuntza ez ziren flogisto galerarenak; airearen parte baten irabazia baizik. Materiaren kontserbazioaren legeari oinarriak jarri zizkioten saiakuntza haiek.

Airea bi gasen nahastea zela erakutsi zuen horrekin Lavoisier ek. Errekuntza mententzen zuenari oxigeno deitu zion eta bigarrenari Chaptal ek 1790ean gaur ezagutzen dugun nitrogeno izenaz bataiatu zuenari berriz “azote” (bizirik gabeko). 1787an Berthollet, Fourcroy eta beste kimikari batzuekin lankidetzan Nomenklatura kimikoko metodoak izenburua izan zuen liburu bat egin zuen. Gaur erabiltzen dugun nomenklatura kimikoa printzipio haietan oinarritzen da oraindik ere.

Aurrerapen guzti hauen sortzaileari ordea, pekatu barkaezin bat egozten zioten antimonarkiko erradikalek. Milioi erdi bat libera inbertitu zituen behin Ferme generale deiturikoan bere ikerketetarako diru pixka bat irabaztearren. Ferme generale hori Gobernu frantsesarekin hitzarmena zuen baltzu bat zen. Gobernuak salneurri jakin bat jartzen zion honi zergak biltzeko asmoz. Salneurri hori ordainduta gero geratzen zen dirua, baltzuaren irabazia zen. Frantzian gorroto handia zieten laborari hauei; azkeneko sosa ere zurgatzen ahalegintzen bait ziren. Lavoisier ek ez zuen poltsikurako gorde irabazitako dirua, baina urtebetean mila libera irabazi zituen eta hori ez zioten barkatu. Gainera 1771n baltzuko buruzagi baten alaba gazte, eder eta bizkorrarekin ezkondu zen eta hori ere ez zen nonbait barkagarri.

Bestetik, Lavoisier Zientzi Akademiaren partaide zen 1768. urteaz geroztik eta 1780an Paul Marat kazetari eta sasizientzilariak erakunde horretan sartu nahi izan zuenean, Lavoisier ek ahalegin guztiak egin zituen Marati ateak ixteko, honek Akademiari eskaintzen zizkion lanak ergelkeria hutsak zirelako.

1792an antimonarkiko erradikalak boterearen jabe egin eta Frantzian Errepublika ezarri zutenean Ferme generalekoei aurka ekin zieten. Lavoisier i laborategia kendu zioten eta gero atxilotu ere egin zuten. Ordurako Marat agintari berrien artera bildua zen eta Lavoisier i egin zioten epai lotsagarrian gezurrezko salakuntzak eginez hil zezaten eskatu zuen mendekuz.

Lavoisier eta bere emaztea.

Marat

hil egin zuten 1793ko uztailean, baina kaltea eginda zegoen eta Lavoisier gillotinatu egin zuten bere aitaginarrebarekin batera 1794eko maiatzaren 8an. Buru argi hark ez zuen merezi horrelako bukaera tamalgarria.

Iraultza pil-pilean

Lavoisier

ez zen izan iraultza-garaiko basakeriak jasandako bakarra. Beste batzuek ere antzeko zorigaiztoa ezagutu zuten. Hauetako bat Marie Jean Antoine Nicolas de Caritat, Condorcet-eko markesa izan zen. Egia esan zientzi arazoez, matematikaz eta fisikaz, gaztaroan soilik interesatu zen; gero ekonomia politikoa, politika eta filosofia gehiago landu bait zituen. Nolanahi ere, Entziklopedian lankide izan zen.

Iraultzaren garaipenaren ondoren burges moderatuek erradikalen eragina moteldu nahi izan zuten. Erreakzio honen gidariak Mirabeau kontea eta batez ere La Fayette , amerikar iraultzan parte hartu zuena, izan ziren. La Fyette, Sieyes eta Bailly rekin batera Condorcet ek “1789ko Elkartea” fundatu zuen. Elkarte honetan aristokrazia liberaleko eta goi-burgesiako ordezkaririk gailenenak bildu ziren. Moderatu hauek izan ziren Estatuaren berregituraketa burgesa gauzatu zutenak. 1791.eko urriaren 1ean bildu zen legebiltzarrean, eskuin muturrekoak eta monarkiko hutsak baztertuta geratu ziren. Egin ziren hauteskundeetan gehiengoa zentruko indarrek lortu zuten.

Ezkerreko blokean aurkitzen ziren gazte bihozberoen buruzagietako bat izan zen Condorcet . Paristarren ordezkari honen talde berekoak ziren Gironde-ko departamentuko diputatuak. Horregatik girondino zeritzen ezkertiar jakobino hauei. Pariseko herriaren ideologia berdintasunzalearen aurka zeuden eta departamentuetako administrazioetan boterea zutenen eta burges negozianteen interesak defenditzen zituzten. Burgesia ilustratuaren garaipena lortu nahi zuten eta 1792tik aurrera iraultza geldi erazten saiatu ziren. Louis XVI.ak deituta 1792an haietako batzuek ministrari izan ziren, baina gauzak ez ziren ongi joan eta erregeak kendu egin zituen, nahiz eta geroago berriz haietara hurbiltzen ahalegindu.

1792ko abuztuaren 10ean monarkia suntsierazi zuen erreboltan ez zuten parte hartu girondinoek. Monarkia eratxi bezain laster legebiltzarra desegin zen eta konbentzio nazionala deitu zitzaion Biltzar berri baterako hauteskundeak egin ziren konstituzio berri bat egiteko asmoz. Abstentzioa izugarri handia, ia %90ekoa, izan zen eta iraultzaile suharrez osatutako gutxiengo batek inposatu zituen hautetsiak. Hauek monarkia abolitu ondoren errepublika sortu zuten. Biltzar horretan itzalik handieneko taldea girondinoena zen; burges ilustratuen ordezkariena, hain zuzen ere. Montagnards deiturikoak berriz Pariseko herritar soilen ordezkari ziren batipat. Bi mutur hauen artean ez batera ez bestera jotzen zuen talde bat zegoen; bere etsaiek peioratiboki “ur geldia” deitzen zutena.

Konbentzioaren historian hiru aldi bereizi ohi dira: girondinoak nagusi izan zirenekoa, 1793ko ekainaren 2a arte, montagnard-ena handik hasi eta 1794eko uztailaren 27ra arte eta termidordarra erdiko taldeak nagusigoa izan zuenekoa.

Marat 1793.ean.

Girondinoen eta montgnard-en arteko liskarrak gogorrak izan ziren Louis XVI.a gillotinara eraman zuen prozesuan zehar. Handik aurrera girondinoen buruzagiek montagnarden eraso bortitzat jasan behar izan zituzen. Condorcet , girondinoen aldeko zela eta, gartzelara sartu zuten eta han pozoituta hil zen.

Esan bezala, 1789ko Elkartearen beste fundatzailetako bat Jean Sylvain Bailly izan zen. Astronomiaren historia landu zuen honek zientzi alorrean. Antzinako astronomiaren historia (1775), Astronomia modernoaren historia (1778-1783) eta Astronomia indiar eta orientalaren historia (1787) argitaratu zituen. Politikan, berriz, 1789ko maiatzaren 12an hirugarren estatuaren ordezkari bezala Pariseko lehen diputatu aukeratua izan zen, hirugarren estatuaren lehendakari izatera iritsi zen, gero Biltzar Nazionalekoa eta baita Pariseko alkate ere, baina Condorcet bezala 1793an atxilotu egin zuten eta gainera heriotz zigorra aplikatu zioten.

Bukaera txarra izan zuen beste zientzilari bat, Nicolas Leblanc izan zen. Berez medikuntza ikasia zen, baina 1775ean Frantziako Zientzi Akademiak sodio hidroxidoa eta sodio karbonatoa sodio klorurotik abiatuz prestatzeko metodo praktiko bat asmatzen zuenarentzat sari bat eskaini zuenean, lan horri ekin zion eta saria irabazi zuen, sekula jasotzera iritsi ez bazen ere. Iraultza-denboran gobernuak sodio hidroxidoa behar zuen industria kimikoak lan egin ahal izan zezan eta Leblanc i bere metodoa ezagutzera eman erazi zion musutruk, miseria gorrian utziz. Gero 1800ean itzuli zioten fabrika, baina ez zuen dirudik hura lanean jartzeko eta etsiturik 1806an bere buruaz beste egin zuen.

Gertakari politikoek eragindako basakerien eztena bihotzaren erdiraino sartu zitzaien zientzilarien artean, Ampère aipatu beharra dago. André Mari Ampère fisikari handia izango zenari, 18 urteko gaztea zela, 1793an Lyon-en izan zen errepresio bortitzean aita gillotinatu zioten. Depresio sakonean sartu zen Ampère eta asko kosta zitzaion zama larri hura eramatea.

Ihesa salbabide

Beste zientzilari batzuek ez zuten horren gaizki pasatu Iraultzaren denboraldi hura. Coulomb , esate baterako, gaztaroan injineru militar izan zena, Iraultza hasi zenean Blois-eko herrira erretiratu zen bake bila eta han egin zuen lan.

Ordurako ospetsua zen bihurdurazko balantza bat asmatua zuelako. Tresna honek zuntz mehe eta zurrun batek jasaten zuen bihurduraren bitartez neurtzen zuen grabitatearen indarra. Elektrizitateko esperimentuak egiteko erabili zuen Coulomb ek balantza hau. Elektrizitatez kargatutako bi esferatxoren arteko erakarpen- eta aldarapen-indarrak neurtu zituen balantzan eragiten zuten bihurduraren bidez. Horrela, 1785ean zera frogatu zuen: erakarpen edo aldarapen elektrikoaren indarra, esferen kargen biderkadurarekiko zuzenki proportzionala zela, eta beraz erakarpen elektrikoaren indarrek Newton ek aurkitutako grabitazio-indarren legearen antzeko lege bat betetzen zutela erakutsi zuen.

Estatu Nagusiak.

Coulomb

i ongi irten zitzaion bada bere lanetan jarraitu ahal izateko Iraultzaren istiluetatik aldegitea. Coulomb en antzera, Vauguelin kimikaria ere ihesak salbatu zuen. 1793an eta 1794ean Izua nagusitu zenean Frantziatik alde egin zuen eta horrek gillotinaren sorbatz zorrotzari itzuri egitea ahalbidetu ziola pentsa daiteke; liskar baten ondoren, soldadu bat ezkutatu izana egotziko bait zioten bestela.

Laplace matematikaria

Beste batzuek ihesbide bat bilatu ordez jarrera politikotan moldakor izatean oinarritu zuten bakean lan egiteko asmoa. Laplace rena dateke jokabide honen adibiderik aipagarriena. Laplace familia pobre batean jaioa zen, baina modua zuten auzo batzuek lagundu zioten gazte argi hari ikasketak egiten. Hamazortzi urte zituenean Parisera bidali zuten D’Alembert entzako gutun batekin, baina honek ez zuen hartu ere egin. Laplace k ez zuen etsi, ordea, eta mekanikazko txosten bat bidali zion maisuari. Hau hain txunditua geratu zen lanarekin, non laguntza eskaini eta matematikako katedra bat eskuratzeko modua egin bait zion.

Lanean hasi eta laster Laplace k Lavoisier ekin lan egin zuen substantzia askoren bero espezifikoak neurtzen. Substantzia bat deskonposatzeko behar den bero-kantitatea, osagaietatik abiatuz hura eratzerakoan askatzen denaren berdina dela frogatu zuten bien artean 1780.an. Termokimikaren abiapuntutzat har dezakegu aurkikuntza hau.

Gero Laplace eguzki-sistemako gorputzen mekanika eta sistema honen egonkortasun orokorra estudiatzen hasi zen. Laplace k, 1787an, ilargia lehen antzemana zeukan baino gehiago azeleratzen ari zela frogatu ahal izan zuen. Azelerazio hau lurraren orbitaren eszentrikotasuna beste planeten grabitaziozko eraginaren ondorioz txikiagotzen ari zelako agertzen zela frogatu ahal izan zuen. Azelerazio hau lurraren orbitaren eszentrikotasuna beste planeten grabitaziozko eraginaren ondorioz txikiagotzen ari zelako agertzen zela uste izan zuen.

Honen ondorioz Lurrak ilargiari eragiten zion grabitaziozko erakarpena pixka bat aldatzen ari zela onartzen zen, ordurarte ez bezala, eta gainera horrek eragiten zuela ilargiaren azelerazioaren gehikuntza txiki hori. Jupiter eta Saturnoren higiduren anomalia batzuk ere estudiatu zituen, eta Lagranger en zenbait lanetan oinarrituz, atera zuen ondorioa bi planeten arteko grabitaziozko erakarpenak sortuak zirela izan zen.

Lagrange

k eta Laplace k, nork bere aldetik lan eginez, bien arteko lankidetzarik izan zen arren, zenbait egitate orokortzera heldu ziren eta, adibidez, eguzki-sistemako planeten eszentrikotasun orokorra konstante mantentzen zela frogatu zuten. Horrek honako hau esan nahi zuen: planeta baten orbitaren eszentrikotasuna handituz gero besteenak txikiagotu beharra zeukala oreka mantentzeko. Beste hainbeste gertatzen da edozien planetaren orbitaren ekliptikaren planoarekiko inklinazioarekin ere. Eguzki-sistemako planeten inklinazio edo eszentrikotasun guztien batura hain txikia da, non ezein planetari ez bait litzaizkioke aldatuko orbitaren ezaugarriak batura hori planeta horretan bakarrik metatuko balitz ere.

Eguzki-sistema isolatuta mantentzen zen bitartean, eguzkiaren izaera erabat aldatzen ez zen bitartean sistema horrek orain bezalaxe iraungo zuela mugagabeki etorkizunean frogatu zuen horrek.

Honela, Laplace k Newton en astronomi lana biribildu egin zuen planetei zegokienez eta horregatik berari Newton frantsesa deitu izan zaio batzuetan.

Laplace

k 1799tik 1825era bitartean argitaratu zen bost tomoko obra handi batean bildu zuen grabitazioari buruzko teoria. Lan horrek ez zuen ia etendurarik izan, Frantzia asaldatu zuten aldaketa politikoak egonagatik eta Laplace batzuetan politikagintzan murgilduta ibili bazen ere.

Bere itzalak eta, dena esan beharra dago, gertakizunen arabera jarrerak aldatzeko erakutsi zuen moldakortasun ez beti hain jatorrak babestu zuten. Napoleon ek gobernazio-ministrari eta geroago senatore egin zuen. Gainera, Louis XVIII.a erregetzara iritsi zenean Napoleon jausi eta gero, Laplace k ez zuen ondorio txarrik izan Napoleon-en laguntzaile izateagatik, Haüy ri eta Chaptal i gertatu zitzaien bezala, baizik eta markes izatera heldu zen. Beste ohore batzuk ere jaso zituen, hala nola, 1785ean Zientzi Akademiko kide izendatua izatea. 1816an Akademia Frantseseko kide izendatu zuten eta 1817an bertako zuzendari.

Matematika hutsean ere lan egin zuen eta 1812tik 1820ra bitartean probabilitateen teoriaz tratatu bat idatzi zuen.

Kimikariak iraultzan

Coulomb
.

Nomenklatura kimikoaren fundatzaileen artean aipatu dudan Fourcroy kimikaria ere politikari izan zen konbentzioan, ordezko kide bezala, joera oso moderatukoen artean. Honekin batera nomenklaturaren prestakuntzan lankide izan zen.

Guyton de Morveau

abokatu nagusi izan zen Dijon-eko parlamentuan 1755ean, legebiltzarreko diputatu eta konbentzioaren garaian osasun publikoko Batzordearen kide.

Lehentxeago aipatu dudan Haüy mineralogilaria, apaiza zen. Kaltzita-puska bat erori zitzaion 1781ean eta hautsi zenean zatiak laun zuzenen arabera ebakita zeudela eta plano hauek angelu konstanteen arabera elkartzen zirela ikusi zuen. Kaltzita-puska gehiago hautsi zituen eta puskak zuen jatorrizko forma alde batera utzita, zatiek beti erronboedro-forma zutela egiaztatu zuen. Kristal bakoitza gaur egun zelula unitario bezala ezagutzen ditugunen ondoz ondoko gehikuntzaz osatua zela (angelu konstanteko eta alde proportzionatuko irudi geometriko konstante batzuk sortzeko) planteatu zuen. Kristalen forman agertzen ziren berdintasun eta desberdintasunak konposizio kimikoaren berdintasun edo desberdintasunei zegozkiela baieztatu zuen gainera. Kristalografiaren oinarria jartzea izan zen hori.

Haüy

arriskutan egon zen Frantziako Iraultzakoan apaiza zelako, baina Gobernuaren aurrean bera baino egoera hobeagoan zeuden adiskide batzuek salbatu zuten eta onez irten zen, Napoleon en garaian Historia Naturaleko museoan katedratiko izatera helduz. Napoleon jausi zenean bere postua galdu egin zuen. Chaptal medikua zen, baina kimikaz arduratu zen eta jakintzagai horretako katedratiko izan zen Montpellier-eko unibertsitatean. Kimika industrian aplikatzen ahalegindu zen bereziki eta azido sulfurikoa fabrikatzeko Frantziako lehen lantegia jarri zuen Montpellier-en. Arrakasta izugarria lortu zuen eta horren ondorioz Espainia eta Estatu Batuak saiatu ziren bere zerbitzuez baliatzeko, baina ez zuten lortu.

Frantziako Iraultza hasi eta gero atxilotu egin zuten, baina gero askatu egin zuten bolbora-fabrika bateko zuzendari izan zedin. Errepublikak zientzilarien beharra izan zuen; metodo kimiko berrien garapenik gabe Frantziak ez bait zuen inguruko beste herrialdeekin zituen gerretan behar zuen bolbora guztia prestatu ahal izango. Napoleon en agintepean hezkuntz ministrari izan zen. Sistema metrikoa inposatzeaz arduratu zen eta gero konde egin zuten. Napoleon jausi zenean eta Louis XVIII.arekin monarkia zaharra berrezarri zenean Chaptal ek bere titulua galdu zuen, baina ez zuen beste kalterik izan.

Fourier matematikari ospetsu

Iraultza, Napoleonen agintaldia eta monarkia berrezarria okerrik gabe ezezik ohoreak jasoz ere pasa zuen zientzilari bat aipatzekotan, Fourier en izena etortzen zait gogora. Fourier gaztetan, bere borondatearen kontra bazen ere, apaizgorako prestatu zen. Bere benetako asmoa armadan sartzea zen, baina joskin soil baten seme zenez ez zuen gudaritza xumea baino askoz gorago igotzeko aukerarik. Iraultzak artileriako ofizialetarako ikasketak egiteko parada eman zion. Matematikarako zuen erraztasunak apur bat desbideratu egin zuen ordea bere karrera militarra.

Lagrange.

Akademia Militarrean ikasketak amaitutakoan bertan matematika-irakasle izatea proposatu ziotenean, onartu egin zuen eskaintza. Napoleon en denboran honek Egyptora eraman zuen berarekin eta han eskualde bateko gobernadore izan zen frantsesen okupaziokoan. Matematika-alorrean aurkikuntza garrantzitsuak egin ondoren 1808an Napoleon ek baroi izendatu zuen. Napoleon jausita gero ohore gehiago jaso zituen berriz agintera heldu ziren borbondarrengandik. 1822an Zientzi Akademiako idazkari egin zuten Cuvier ekin batera.

1801ean Egyptotik itzuli zenean ekin zion burubelarri zientzi lanari, han gauzak oso ongi irten ez zitzaizkiolako edo, armadan jarraitzeko asmoa baztertuz.

Gorputz batean puntu batetik bestera beroa nola komunikatzen zen jakiteak kilikatzen zuen. Arazo aski korapilotsua zen, zeren bi puntuen arteko tenperatur diferentzia, gorputzaren bero-eroankortasuna, gorputzaren forma, etab. kontutan hartu behar bait ziren.

Fourier

ek bere ezagutza matematiko guztien bilduma gaur egun Fourier en teorema deritzogunean egin zuen. Teorema honen arabera, edozein oszilazio periodiko, konplikatuena delarik ere, uhin-higidura sinple eta erregularreko serietan deskonposa daiteke eta hauen baturak jatorrizko aldaketa periodiko konplexua emango du. Teorema honen bitartez Fourier ek ospe handia bereganatu zuen eta baita baroi titulua ere esan den bezala.

1822. urtearen inguruan Fourier ek bere teorema aplikatuz beroaren fluxuari buruzko ikerketa osatu zuen eta Beroaren teoria analitikoa izenburutzat zuen liburu batean argitaratu zuen. Hemen azaldutako teoriek iradoki zioten Ohm i fluxu elektrikoaz landu zuen teoria. Liburu horretan Fourier ek aldez aurretik erabakitako unitate-sistema bat erabiltzeko premia aldarrikatu zuen eta horrekin dimentsioen analisiari hasiera eman zion.

Cuvier zoologoa

Fourier ekin batera Zientzi Akademiako idazkari izendatu zuten Cuvier ere ospe handiko zientzilaria izan zen eta kargu inportanteak eman zizkioten garai desberdinetan.

Iraultza-Batzordeko "Kapela gorria" taldeko kideak.

Hugonote-familiakoa izaki, Louis XIV.ak tolerantzia bertan behera utzi zuenean Suitza-ra alde egin beharrean aurkitu zen sendikoekin batera. Bere bizitza osoan protestante ekintzaile izan zen, baina ohore handiak jaso zituen Frantzia katolikoan eta era desberdinetako gobernuak agintean egonik. Europan inork itzalik bazuen, zientzian eta bereziki biologian, hori Cuvier zen.

Gaztetan apaizgora bideratu zuten, baina aristokrazika frantseseko familia batean tutoretza-lanetan ari zela zientziaz interesatzen hasi zen.

1795ean ikertzaile-postu bat lortu zuen Pariseko Historia Naturaleko Museoan. Arrakasta handia izan zuenez, Institutu Nazionaleko zientzia fisiko eta naturaletako idazkari iraunkor bihurtu zen.

Museoan ziharduela anatomiaz eta batipat bizidunen anatomia konparatuaz interesatu zen eta baita jakintzagai honetan goimailako leku bateraino igo ere. Gorputzaren atal desberdinen arteko erlazioak hain garbi ulertzen zituen, non zenbait hezur ezagutze hutsarekin, esate baterako, gai bait zen besteen forma igartzeko eta are animalia osoa ezari-ezarian birrosatzeko ere.

Dohain hau zenbateraino zeukan barneratua erakusten duen pasadizo bat kontatzen dute Cuvier ez. Behin batean bere ikasletako batek izutu egin nahi izan omen zuen eta horretarako beste lagun batzuekin joan omen zen Cuvier en logelara gau beltz batean deabru jantzita. Esnatu omen zuen eta esan omen zion: Cuvier, Cuvier, zu jatera etorri naiz. Cuvier ek begi bat zabalduz lasai asko erantzun omen zion: Adarrak eta apoak dituzten izaki guztiak belarjaleak direnez, nekez jango nauk eta berriro lo hartu omen zuen.

Taxonomi arazoez arduratu zen Linneo ren sistema hedatuz eta hobetuz, Cuvier ek lau tipotan banatu zituen animaliak. Ornodunak, moluskuak, artikulatuak eta erradiatuak ziren lau tipo hauek. Sailkapen hau egiteko, animaliaren gorputzaren barne-egitura izan zuen batipat kontutan eta ez kanpoko itxura. Gaur egun erabiltzen den sailkapena konplikatuagoa bada ere, Cuvier enean funtsatua da. Candolle zeritzon bere lankide gazteago batek landareen sailkapenean aplikatu zituen printzipio haiek eta Jussieu ren lana osatu zuen.

Joseph Fourier.

Cuvier

izan zen sailkapen-sistema fosiletara hedatu zuena. 1796an elefante-tipokoa zirudien fosil bat estudiatzen hasi zen. 1812an narrasti hegodun baten fosila erakutsi zuen. Pterodactylus deitu zion (hego-hatza) haren hegaletako mintza hatz handi batean zehar hedatzen zelako. Aurkikuntza hauengatik Cuvier paleontologiaren aitagoitzat hartzen da. Cuvier en akatsik handiena Genesi-ko hitzak literalki interpretatzeko zaletasuna izan zen. Begien bistan zeuzkan fosilak oso zaharrak behar zutela izan oso harri-geruza sakonetan lurperatuta aurkitzen zirenez.

Garbi zegoen, bestalde, fosila zenbat eta sakonago egon eta harria zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta alde handiagoa zuela fosilaren egiturak gaur egun ezagutzen diren bizidunekiko. Guri nabaria iduri dakiguke horren ondorioa teoria eboluzionista bat formulatzea zela eta. Lamarck batek horixe egin zuen, baina Cuvier antieboluzionista porrokatua zen. Fosilei eta hauek erakusten zuten denboran zeharreko gradazioari esplikazio bat bilatzeko Bonnet en katastrofismoan oinarritu zen. Lurbira osoa aldizka uholdepean geratua zela eta uholde hauetako bakoitzaren ondoan bizi-forma berriak sortuak zirela zioen. Azkeneko hondamendia Genesian deskribatzen den uholde handia izango litzateke bere ustetan eta horrela espezie batzuek Jainkoak babestu zituelako iraungo zuketen.

Honela, harri-geruzen azterketaren bidez frogatua zen Lurraren zahartasun handia ez legoke Genesiarekin kontraesanean; Biblia azken hondamendiaz geroztiko aroaz (hots, gizakiari bere salbamenerako axola zitzaion aroaz) besterik ez bait litzateke arduratuko. Napoleon ek 1808an Frantzian hezkuntzak zuen maila aztertzeko mandatua eman zion. Garai honetan agintetik horren hurbil ibili arren, zuen itzalari esker, borbondarren dinastia berrezarri zutenean inortxok ez zuen txintik ere atera Cuvier en aurka eta aitzitik haren jakintzaz baliatu ziren. Unibertsitate Inperiala izana zeneko errektore izendatu zuten eta Louis XVIII.aren gobernuko kide ere izan zen.

1824ean Charles X.a (Louis XVIII.aren anaia erreakzionario hutsa) erregetzara heldu zenean, Cuvier baztertuta geratu zen. 1831an, ostera, Charles X.a erbesteratu eta Louis Philippe errege jarri zenean, honek baroi egin zuen Cuvier eta hurrengo urtean Barne-ministrari izateko hautatu zuen, baina ez zen postu horretan hastera ere iritsi; lehenago hil bait zen.

Cuvier

ek bezala Linneoren lanarekin zerikusia izan zuen garai hartako beste zientzilari frantses bat ere aipa dezakegu: Philippe Pinel medikua hain zuzen ere. Pinel ek Tolosako Unibertsitatean medikuntz titulua lortu zuen 1772.an. Linneo-ren ideietan oinarrituz eritasunak sailkatu nahi izan zituen. Ez zuen deus garbirik atera, baina lan horri esker eritasun mentalez arduratu zen.

Cuvier.

Ordundaino eroak deabruaren menpean zeudela uste zen eta ez zieten ezein tratamendu aplikatzen. Gehienez ere bihurritzen baziren giltzapean sartzen zituzten. Eroetxeak beldurgarriak ziren eta ez gaixoek behar zuten sendabidea emateko leku egokiak. Pinel ek egoera hori aldatu egin nahi zuen eta burua galdutakoei gorputzeko eritasunak zituztenei bezala tratamendua jarri behar zitzaiela defenditzen zuen.

Frantziako Iraultzak tradizioak hausteko jarrera berriarekin bere asmoa betetzeko aukera eman zion. 1793an eroetxe bateko zuzendari izendatu zuten. Berehala hasi zen historialak biltzen eta lan sistematikoa egiten. Kosta zen bere metodoak aintzakotzat hartzea, baina mende-erdi baten buruan medikuntzan sarbidea izan zuten eta Freud en lanekin heldutasunera iritsi ziren.

Lagrange matematikaria

Ez nuke lantxo hau frantsesa ez izanik ere Frantziako Iraultzaren garaian herrialde honetako gertakizunak bertatik ezagutu zituen Lagrange handia aipatu gabe amaitu nahi.

Lagranger

en arbasoak frantsesak ziren, baina Italiako Piemonte-n jaioa eta hazia zen. Oso gaztetandik matematikarako zaletasun handia agertu zuen. Hamazortzi urterekin geometri irakasle zen Torino-ko Erret Artileri Eskolan. Gero Torinoko Zientzi Akademia bihurtuko zen eztabaidarako mintegi bat sortu zuen hiri honetan. Garai hartan Berlin-eko Zientzi Akademiako zuzendari zen Euler ek balio handia aitortu zien Lagrangeren lanei.

1766an Euler San Petersburg-era joan zen Errusiako Katalina Haundiak deituta eta handik berak eta D’Alembert ek eman zituzten gomendioak aintzakotzat hartuta, Lagrange , berrogei urterekin, Berlineko Zientzi Akademiako zuzendari izendatu zuten. Lagrange k Galileoren lanei segida eman zien mekanikaren sistematizazioari zegokionez. Aldakuntzen analisiaz baliatuz, mekanikako problema guztiak ebazteko balio zuten ekuazio orokor batzuk asmatu zituen.

Astronomian, berriz, Newton ek planteatuta soilik utzi zuen problema orokorrari aurpegi eman zion. Newton ek unibertsoan bakarrik zeuden bi gorputzentzat planteatu zuen grabitazio unibertsalaren legea, baina, jakina, eguzki-sisteman bertan askoz gehiago daude. Egia da Eguzkiaren eragina beste guztiena baino handiagoa dela, baina beste gorputz txikiagoek ere baztertu ezin diren eragin txikiagoak ezartzen dituzte.

Lurrak Ilargiak eta Eguzkiak edota Jupiterrek eta bere lau ilargiek osatzen dituzten bi gorputz baino gehiagoko sistemetako higidurei matematika apliaktzeko prozedura bat asmatu zuen Lagrange k. Lan honegatik bost aldi desberdinetan jaso zituen sariak Frantziako Zientzi Akademiarengandik. Fredrich II.a Prussiakoa hil ostean Parisera joan zen 1787an. Han Maria Antonieta k bere ingurura eraman zuen. Erret familiaren adiskide handia izan arren ez zioten eraso; errespetu handia ziotelako batetik eta atzerritarra zelako bestetik.

Eroetxea. Goiaren koadroa.

Iraultzak zientziari azken zerbitzu bat eskaintzeko parada eman zion. 1793an pisu- eta neurri-sistema berri bat estudiatuko zuen batzorde baten zuzendari egin zuten. Batzorde honen lanen ondorioz sistema metriko hamartarra jaio zen.

Antzinako neurriek bi alderdi txar zituzten: batetik, izen bereko unitateen balioa desberdina izaten zen lekutik lekura eta unitateen azpimultiploak ez ziren hamartarrak izaten bestetik.

1670ean Nouton abateak meridiano-gradu baten minutuaren luzera patroitzat hartzea proposatu zuen. Royal Society-ko kideek, berriz, luzera-unitatetzat segundo bateko periodoa duen penduluaren luzera hartzea pentsatu zuten.

Azkenik 1790ean Talleyrande k Biltzarrak bateratze-proiektu bat onar zezan lortu zuen.

Frantziako Zientzi Akademiak, esan bezala, Lagranger en zuzendaritzapean Borda k, Laplace k, Monge k eta Condorcet ek osatutako batzorde bat izendatu zuen asmo hura betetzeko. Honek metroa lurraren meridianoaren koadrante baten hamar milioiren bezala defini zedin proposatu zuen. Oinarri hau definitzeko Dunkerke eta Bartzelonaren arteko latitude-diferentzia neurtu behar izan zuten eta azkenik 1795ean Frantzian onartuta geratu zen sistema metriko hamartarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia