}

Zientziaren sorrera grezian (K.a. IV mendean)

1986/08/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzia grekoa lehen aro oparoan gailurrera, eskola atomistikoen garaian igo zen. Ondoren, geldiunea izan zen.

Sarrera

Platon.

Zientzia grekoa lehen aro oparoan gailurrera, eskola atomistikoen garaian igo zen. Ondoren, geldiunea (edo hobeto esanda, atzeratze bat) izan zen. Behar bada, Atenas Estatu demokratiko agertu zenean hiritarren ardura nagusia, Natur Zientziak alde batera utzirik, erretolikaren eta politikaren bideetatik abiatu zelako izan zen hori. Hau dela eta, filosofoek etika eta ekonomia lantzeari ekin zioten, bereziki.

Atzerapen honetan, atomistek beraiek ere errua izan zuten. Hauek, nahiz eta errealitatea materiari zegokiola onartu, kanpoko munduaren errealitatearen informazioa emateko gure zentzuen gaitasuna zalantzan jartzen zuten. Beste muturrean, nahiz eta beren etsaien eritziz benetan zegoen bakarra zentzazioa izan, zalantza edo eszeptizismoa zen nagusi.

Giro honetan, Sokrates handia sortu zen. Sofisten, politikoen eta filosofoen emaitzak sakonki aztertu ondoren, ezjakintasuna, harrokeria eta txorakeria aurkitu bezain laster gogor salatzen zuen gizona dugu Sokrates. Bere eritziz adimena da guztien nagusi, zentzuek hurbilketa bat baino lortzen ez duten bitartean; benetazko eta idealak diren itxurak adimenak, eta ez bestek, aditzen bait ditu eta.

Horregatik, Sokratesen ustetan ikertzea merezi duen gauza bakarra adimena da, eta honela, benetako nia ez da nire gorputza; nire arima baizik. Filosofia honen eraginez, gizakien ardura Naturatik urrundu egin zen. Hala eta guztiz ere, Aristotelesen eritziz, Sokratesek Zientziari oso garrantzi handiko bi emaitza eskaini zizkion: definizio unibertsalak eta arrazonamendu induktiboa.

Sokratesen ikasle zen Platonek -K.a. 428-348- idealismoa gailurreraino eraman zuen; beregan eszeptizismoa mistikarekin nahasten da eta. Beren Naturari buruzko ideiak gizakiaren beharretatik eta nahietatik aprioristikoki ateratzen zituen. Horregatik bere ustez aprioristikoki esfera itxura perfektua da. Beraz, Unibertsoak esferikoa behar du izan. Jainkoak ortzeko gorputzei higidura zirkularra eman die, eta honela ari dira denboraz ziklotan.

Lehengaia espazioa da. Horregatik, lau elementuak (airea, sua, ura, lurra) ez dira alfabetoaren letrak; izatekotan silabak izango dira. Platonengan itxurari eta zenbakiari buruzko doktrina pitagorikoaren eragina ondo ikus daiteke. Baina, astronomiarekiko bere emaitzak pitagorikoenak baino atzerakorragoak direla esan behar da; bere eritziz izarrek, beren arimen eraginez higiturik, espazioan libreki flotatzen dute. Hala ere, Lurraren inguruko Eguzkiaren irudizko higidura adierazteko Platonen zikloak erabil zitezkeen (sistema astronomiko hau geroago Hiparkok eta Ptolomeok garatu egin zuten) nahiz eta dirudienez, Platonek berak, bere zahartzaroan, mugitzen zena Lurra zela esan bazuen ere.

Platonen fisika eta biologia, antropomorfikoak dira eta bere alde etikoa ere badutela esan daiteke. Bere kosmoa egitura bizia da: bere gorputz, arima eta adimenarekin. Oinarri honetan funtsaturik, Naturaren eta Unibertsoaren egituraren nahiz giza-fisiologiaren teoria bat ondorioztatzen da. Honen arabera, kosmoaren eta gizakiaren artean, makrokosmoaren eta mikrokosmoaren artean, ametsezko analogia ezarri zuen.

Ideia guzti hauek direla eta, Platonen Zientzia gehienbat ametsa baino ez da izan. Ikerketa mekanika edo arte doilor bezala hartuz erabat arbuiatzen zuen.

Aristoteles.

Aldiz, matematika zientzia guztiz deduktiboa zenez gero, oso gogokoa zuen. Platonek berak zenbaki negatiboen ideia plazaratu zuen, eta lerroa puntu batetik isurtzen den zerbait bezala kontsideratu

ideia honen barnean gero hain garrantzi handia izan duten kalkulu diferentzialaren eta integralaren hazia dago

Guzti hau kontutan hartuta, Platonek "itxura ideialen" teoria egituratu zuen. Honen arabera, "itxurak" edo "ideiak" izatearen osotasuna eduki dezakete eta ez ale edo gauza bakoitzak. Gero teoria hau sailkapenaren arazoan erabili zen. Naturan oso antz handiko talde desberdin asko ikus dezakegu; alde batetik, triangeluak, adibidez, bestetik animaliak edo landareak. Honelako sailkapena egin ondoren, talde bakoitzak ez zeukan zerikusirik besteekin eta talde bakoitzeko elementuen arteko aldez aurretik onartutako antzekotasunaren ikerketaz arduratzen ziren platonistak.

Antzekotasun hauek adierazteko Platonek eredu baten esistentzia suposatu zuen. Gero, gauza bakoitza prototipotik hurbilago ala urrunago izango litzateke. Naturako gauza guztiak eten gabe aldatzen ari dira. Ereduek (eta ez besterik) dira errealak eta aldaezinak. Hemendik atera zuen Platonek bere idealismoa, nahiz eta gero "errealismo" bezala bataiatu, zeren teoria honen arabera ideia platonikoek benetazko esistentzia bait daukate. Gehiago oraindik, errealitate bakarra berak dira eta, beraz, ikerketa arrazionalaren gai bakarra.

Eskola platonikoak urtetan iraun zuen eta Akademia izenez ezagutu da. Bere sortzaile Platon bera da, eta bertan ikerketa metafisikoak izan dira nagusi. Hala ere, zientziaren arloari emaitza bat edo beste eman dio. Behar bada, hauen artean Znidoko Eudoxo aipatu behar dugu. Hau hasiera-hasierako ikaslea da eta kosmologia esperimentalaren sortzaile dela kontsidera daiteke. Astronomiaren arloan Ziziko Kalipo eta Heraklides Pontiko ditugu.

Azkeneko honek Lurrak bere ardatzaren inguruan hogeitalau ordutan biratzen zueneko hipotesia plazaratu zuen. Baita Merkurio eta Venus Eguzkiaren inguruan satelite gisa jira-biraka dabiltzanarena ere. Atenaseko Akademia bederatzi mendez bizi zen eta K.o. 529. urtean Justiniano enperadoreak ixtea agindu zuen.

Aristoteles

Kaltzidika penintsulako Estagiran K.a. 384. urtean jaio zen eta 322an Kaltzisen hil zen. Nikomako, bere aita, Filipo Mazedoniako erregearen mediku izan zen. Horregatik Aristotelesengan gaztaroan eragin jonikoak, mazedonikoak eta medikoak ikusten dira. Hamazazpi urterekin Atenasera estudiatzera bidalia izan zen eta han hogei urte iragan zituen ikasten. Bertan, batzuren ustez, Platonen ikasle jarraitu zuen urtetan. Beste batzuren ustez aldiz, Platonetik at beste irakasle batzuetara ere jo zuen Aristotelesek. Dena dela, Atenasen filosofi eskola berri bat sortu zuen; peripatetiko izenekoa, hain zuzen. Lizeoko lorategietan klaseak ematen ari ziren bitartean irakaslea eta ikasleak batera paseatzen zirelako deitzen zaio horrela.

Aristotelesek, giza jakintzaren alderdi guztiak ukitu eta ikertu ditu. Bera da antzinako munduko ezagueraren biltzaile eta sistematizatzailerik handiena. Zientziaren historian daukan meriturik gorena, zera da: bere garaitik Aro Modernorarte garaiko ezagupenez gorputz oso eta harmonikoa berak bezain ongi egin duenik beste inor ez izatea. Zer esanik ez, tartean Zientziaren arlo batean edo bestean emaitza handiak lortu dituenik egon badago, baina jakinduriaren gorputz osoa osatu gabe. Erdi Aroaren hasieran, Aristotelesen lan guztiak ez ziren ezagutzen Europan, eta ikerlariak handik eta hemendik lortutako zatiei esangura lortzen saiatzen ziren.

Geroago, bere lana osorik ezagutu zenean, antzinako munduko jakinduriaren benetazko entziklopedia zenaz konturatu ziren eta fisika eta astronomia alde batera uzten baditugu, Aristotelesek ukitutako arlo guztiei aurrerapausoa eman ziela esan daiteke. Bestalde, metodo induktiboaren fundatzailea izateaz gain ikerkuntzaren egituratzearen ideiaren aita dugu. Hala ere, bere osperik handiena bere ezagupenen zientziari buruzko lanetatik eta sailkatzetik datorkio.

Bere lanetako bat, Fisika izenekoa dugu. Bertan, Naturari buruzko filosofia, esistentziaren printzipioak, materia eta irudia, higidura, denbora eta espazioa, etengabe higitzen den ortzearen kanpo aldeko esfera eta horretarako behar den higitzen ez den motorea aztertzen ditu. Aristotelesen ustez gorputz baten higidura mantentzeko, higiduraren kausak etengabe jarraitu behar du. Platonek aldiz, eta dirudienez, kausa horrek gorputza bere bide zuzenetik desbideratzerakoan soilik aritu behar zuela pentsatzen zuen.

Bere "Ortzeari buruzkoa" izeneko lanean, Aristoteles goitik behe aldera, hots, material eta hilkorra denera jaisten da, eta bidaia honetan gauzen sorreraz arduratzen da. Bere eritziz, binaka kontrakoak diren beroa eta hotza, lehorra eta hezea printzipioen bitartez, lau lehengaiak sortzen dira: sua, lurra, ura eta airea. Lau elementu lurtar hauei Aristotelesek eterra gehitu zien. Hau zirkularki higitzen da eta honela perfektuak eta ustelezinak diren Ortzeko gorputzak sor daitezke.

Bere "Meteorologia" izeneko lanean, Ortzearen eta lurraren arteko espazioaz arduratzen da. Espazio honetan planetak, kometak eta meteoroak aurkitzen dira. Bertan ortzadarrari, ikusmenari eta koloreei buruzko antzinako teoria batzuk biltzen ditu. Laugarren liburuan, kimikari buruzko antzinako ideia batzuk plazaratzen dira, baina dirudienez, liburu hau ez zuen Aristotelesek idatzi; Estraton bere ondorengoak baizik.

Lurrean giltzaperatuta bi hats-mota daude: batak, lurrinak edo hezeak, metalak sorterazten ditu eta besteak, keak edo lehortasunak, haitzak eta mineralak sortuko ditu. Solidotzeaz eta urtzeaz, sorreraz eta ustelketaz, eta gorputz konposatuen berezitasunez ideia batzuk ematen ditu. Aristotelesen meteorologia guretzat, bere biologia baino maila eskasagokoa da. Hala ere Ertaroan eragin handia izan zuen.

Ezpairik gabe Zientziaren arloan Aristotelesen emaitzarik oparoena, Biologiari dagokio. Eremu hau bere "De anima", "Historia animalium", "De partibus animalium", "De motu animalium", "De incessu animalium" eta "De generatione animalium" lanetan garatu da. Lan guzti hauetan dagoen informazio-piloa, ikaragarria da. Pentsa daitekeenez, informazio honen parterik handiena gaur egun onargarria ez bada ere, gainontzekoan dagoena bere sakontasunagatik guztiz harrigarria da. Esandako lanetako informazio-kopurua dela eta, lagun bakar batek jasotzea ezinezkotzat jotzen da. Horregatik, Aristotelesek bere lankideen eta ikasleen materialak ere hartu zituela onartzen da gaur egun.

Biologian bizia, "autoelikadura eta berezko hazkuntzarako, eta endekatzeko kemena" izango da Aristotelesen ustez. Zoologia hiru partetan zatitu zuen: a) Animalien biziari buruzko fenomeno orokorrak, hots, historia naturala. b) Animalien zatiak, beren organoak eta funtzioak, hots, anatomia eta fisiologia c) Animalien ernalketa eta ugalketa, eta enbriologia. Bostehun animaliatik gora aipatzen ditu; batzuk zehaztasun ikaragarriz, eta horietako berrogeitamarretan, disekzio bidez lortutako ezagumendua adierazten du, diagrama eta guzti.

Lehen esan dugunez, material ikaragarri honetan gauza baztergarri asko egon badago, baina baita azkeneko mende hauek arte berregiaztatu ez diren asko eta asko ere: Baleak bibiparoak direla egiaztatu zuen; arrain kurruskatsuak eta ornodunak bereiztu zituen; txitaren umeki-egoeraren garapena ikertu zuen (ikerketa honetan bihotzaren egituraketan eta oskolaren barnean zegoen bitartean taupadak aztertu zituen).

Enbriologian ere oso ideia egokiak plazaratu zituen. Antzinako ideien arabera, bizi-sorterazlea arra bakarrik zen; emeak, lekua eta elikadura baino ez zion ematen. Ideia hau guztiz onartua zegoen garai hartan eta usadio patriarkal batzuren oinarri finkoa zen (gaur ere bai?) Aristotelesek ernalketan emeek zuten papera adierazi zuen. Bere ustez, umekia emearengan lotan dagoen zerbait da eta abiatzeko iratzarri baino ez du egin behar.

Animalien sailkapenean, bere aurreko joera edo ohitura batzuk baztertu behar izan zituen. Bere aurretik dikotomiaren printzipioa guztiz onartuta zegoen. Honen arabera animaliak edo hegadunak eta hegagabeak, etab, etab. Aristoteles zeraz konturatu zen: printzipio horren arabera oso oso hurbileko diren animaliak aurkako taldetan sartu behar zirenaz, hala nola inurri hegadunak eta hegagabeak. Horregatik, sailkapena egiteko esandako printzipio hori baztertu egin zuen eta beste zenbait berezitasun kontutan hartuz, gaur eguneko sailkapenarekin askoz ere adosago dagoen beste sailkapena egin zuen.

Fisiologiaren arloan, nahiz eta askotan berak ateratako ondorioak okerrak izan, bere ikerketa-bideak aurrerapen handia izan ziren. Dirudienez bibisekzioa ere erabili zuen. Honela, adibidez, arnasketari buruzko bere aurrekoen ideiak eman ondoren, zera adierazten du: "ikertzaile hauek gertaerak ondo ez adieraztearen arrazoia, barneko organuen ezagupena ez edukitzean eta Naturak egiten duen guztiak bere helburua baduenaren doktrina ez onartzean datza. Animalien arnasketaren helburua ikertzerakoan benetako arrazoia errazago aurkitzeko aldez aurretik organuen (zakatzen eta biriken, adibidez) funtzioa ikertu beharko lukete".

Organuen funtzioei buruz inolako teoriarik egin aurretik, egitura anatomikoaren azterketa sakona egitea beharrezkoa dela esatea aurrerapen handia da. Honen arabera, Aristoteles zenbait animaliaren egituraz eta beren zakatzen edo biriken funtzionamenduaz arduratu zen. Zoritxarrez, ondorioak ateratzeko unean, garai hartan kimikari buruzko ezagutza-mailaren apaltasuna zela eta, laguntza txikia izan zezakeen: alde batetik ezagutzen zen gas bakarra airea zen eta bestetik honek egin zezakeen bakarra berotu ala hoztu zela onartzen zen.

Horregatik Aristotelesek atera zezakeen teoriaren arabera, arnasketaren helburua, odola hoztea baino ez zen. Nahiz eta gaur egun hori hutsa dela jakin, garaia kontutan hartuta eman zitekeen arrazoirik logikoena dela onartu behar dugu. Bestalde, harrigarria bada ere, Alkmeonen eta Hipokratesen teorien aurka (bi hauek adimenaren kokagunea garunean ipini bait zuten) Aristotelesek adimen-lekutzat bihotza hartu zuen. Honek eta landare-sexualitatearen ukapenak, alor honetan nolabaiteko atzerapena ekarri zuen.

Lehen esan dugunez, Fisikaren arloan (eta astronomian ere bai) biologian baino okertxeago ibili zen Aristoteles. Teoria atomistaren aurka borrokatu zuen eta baita irabazi ere. Baina, borroka honen sustraia ez zen egiaztatutako; fenomeno bat edo beste, Naturari buruzko bere teoriarekin ados ez etortzea baizik. Horregatik, teoria zuzena (atomista adibidez) fenomeno esperimentaletan oinarritua izan beharrean adimenaren ideia hutsean funtsatuta badago, hankaz gora botatzea erraza dela argi eta garbi ikusten dugu.

Demokritoren teoria atomistaren arabera hutsean pisu handiko gorputzak arinak baino abiadura handiagoz erortzen zirela esaten zen. Aristotelesek, aldiz, hau ukatu egin zuen: hutsean, pisu handikoak nahiz txikikoak, abiadura berdinez eroriko ziren..., baina hau ezinezkoa denez gero, ondorioz EZ DAGO HUTSIK!. Hutsa baztertzerakoan, berari lotuta dauden teoria atomistaren kontzeptu guztiak baztertu behar izan zituen: Gauza guztiak azkeneko elementu berdinez osatuta baleude, denek pisua eduki beharko lukete eta berezko gauza arinak, hots, berez gorantz doazenak, ez lirateke esistituko.

Platonen Akademia.

Honela suzko edo airezko masa handi batek lurrezko puska batek baino pisu handiagoa izango luke eta gainera lurra nahiz ura ez lirateke airean edo sutan murgilduko, murgiltzen diren bezala. Aristotelesek ez zuen dentsitatearen kontzeptua ezagutu. Honetarako Arkimedes arte itxaron beharko da eta haren ustez, Platonen ustez bezalaxe, gorputzek beren berezko orekara iritsi nahiz norantza baterako joera zeukaten.

Bestalde, Aristotelesek teoria geozentrikoa onartu zuen.

Honen arabera Lurra Unibertsoaren zentrua da. Zoritxarrez, nahiz eta Aristarkok teoria heliozentrikoa postulatu bazuen ere, Aristotelesen ospea zela eta urtetan eta urtetan astronomoek azkeneko teoria hau ez zuten onartu. Dena dela, Aristotelesen eritziz Lurra esferikoa zen.

Teoria atomista baztertzean, Aristotelesek antzinako ideia pitagoriko batzuk onartu zituen. Hauetako bat, materia lau lehen oinarrizko berezitasunez osatuta egotea izan zen, hauek binaka eta aurkakoak izatea: beroa eta hotza, lehorra eta hezea. Lau berezitasun hauek binaka elkartzen dira lau elementuak sorterazteko: lurra, ura, sua eta airea. Azkenik, hauen bitartez ezagutzen ditugun gainontzeko gorputz guztiak sortuko dira: ura, hezea eta hotza da; sua beroa eta lehorra, etab.

Zientziaren alor desberdinetako lana alde batera utzirik, Aristotelesek gai filosofikotan lan handia egin zuen, baina lan honetan horiei buruz ez gara arduratuko. Hala ere, Aristotelesen kontuak bukatu aurretik, logika formalaren asmatzailea ere badugula esan behar dugu. Hau dela eta, bere izena giza pentsakeraren gailurrean ipintzeko arrazoi faltarik ez dago. Bide hau zientziaren alorrean erabili zuen; matematika-gaietan bereziki eta geometrian berizikiago. Zoritxarrez, logika formalak leku txikia du zientzia esperimentalen eremuan; hauen helburua ez bait da aldez aurretik onartutako premisetan oinarritutako ondorioztatze formala.

Gure garaiko zientzilariak zorionez, esperimentuen munduan murgildurik ez dira gehiegi kezkatu logikaren arau formaletaz. Baina Aristotelesen itzala zela eta, zientzia grekoa nahiz Ertarokoa askotan guztiz eta zeharo egiazko premisen bila ibili zen, gero bide induktiboa besterik gabe erabiltzeko. Eta jokabide honen emaitza guztiok ezagutzen dugu ongi.

Hala ere, eta nahiz eta gauza batean edo bestean ondo asmatu ez, giza pentsakeraren alorrean (zientzia barne) Aristotelesen emaitza handienetakoa dela ongi eta garbi aitortu behar dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia