Zientziaren patata ideala
2011/10/27 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Penaz irakurri nuen joan den astean egunkari honek ekarri zuen izenburu bat: «Zientziaren patata ideala bizimodu tradizionalak suntsitzeko arma bat da». Emmanuel Lizcano filosofo eta matematikariaren hitzak ziren, “Nekazaritza eta modernitatea” zikloaren barruan Donostian emandako hitzaldi baten karietara esandakoak. Elkarrizketa horretatik baino ez dut ezagutzen Lizcanoren pentsamendua —ezagutu hitza erabil baldin badaiteke—; ez nintzen egon hitzaldian. Ez da, beraz, nire asmoa hark esandako ezer kritikatzea. Teknologiaren, eta, bereziki, bioteknologiaren garapenaren aurrean gizartean egon badagoen diskurtso-mota baten adierazle iruditu zaidalako aipatu nahi izan dut hemen; arrazoi askorengatik, kezka eragiten didan diskurtsoa baita.
Kontua ez da nekazaritzan aplikatutako bioteknologiaren aje askotan larrien aurrean itsu eta mutu geratzea, teknologia maltzurrak ez baina erabilera maltzurrak daudela esanez. Bizidunak genetikoki eraldatzeko teknologiak, adibidez, irauli egin du haziak eta laboreak hobetzeko gurutzaketa, pazientzia eta birkonbinazio genetikoaren esku zegoen prozesua. Goitik behera aldatu den bakarra ez da izan, ordea, teknika: globalizazioaren aterkiaren pean, halakoa izan da ekoizpen-ereduaren bilakaera ere.
Bata bestearen ondoan jarrita, ekoizpen-eredu bidegabe baten erreminta ezinbestekotzat hartzen dituzte batzuek genetikoki eraldatutako landareak, eta, beraz, sortzetiko bekataritzat. Beste batzuek, berriz, aldarrikatzen dute fokua haietan jarrita dagoen arren arazoa ez direla berez transgenikoak, gure garapen-ereduaren miseriak baizik. Eta inork galde lezake: inporta al du ba oiloa ala arrautza izan ote zen lehenago?
Joan den irailean, asko mintzatu ginen zientziaren dualtasunaz EHUren udako ikastaroetako batean. Hain zuzen ere, “Responsabilidad social de la ciencia” zen ikastaroaren izenburua, eta mintzagai izan ziren, batez ere, zuzenean gerrari lotuta garatutako teknologiak edo, min egiteko garatu ez baziren ere, gerran erabilitakoak; baita kontrako bidea egin zutenak ere. Eta, ebazteko garbiagoa iduri dezakeen gai batek hainbat ertz erakutsi bazituen, zenbat gehiago ez ote ditu izango gu guztion elikadura beharrizanak ase behar dituenak?
Dualtasunaren adibide korapilatsua dira elikagaien ekoizpenari lotutako teknologiak. Baina, hain zuzen horregatik, ezinbestekoa da bereiztea zein diren haiei zuzenean lotutako arriskuak, eta zein ekoizpen-ereduaren gaitzak. Bereiztea, ez apartekotzat tratatzeko, baizik eta justu kontrakoa egiteko: gizartearekiko arduraz, bata eta bestea ondo kudeatzeko. Esperientziak erakutsi digu ez dela aski bioteknologiaren eskutik iritsitako elikagaiak osasunarentzat eta ingurumenarentzat seguruak direla bermatzea. Nekazaritzari, eta, oro har, elikagaien ekoizpenari lotutako ereduaren mataza sozioekonomiko eta politikoak bestelako irtenbide bat behar du, baina zientzia errudun jotzea ez da irtenbidea. Zientzia gizakiok garatutako ezagutza-sistema bat da, eta ezagutza-sistema gisa, ez du inongo patata idealik. Jakintza areagotzen duten ikertzaileek, teknologia berriak garatzen dituztenek, aplikazioen segurtasuna, merkaturatzea eta zabalkundea erregulatzen duten erakundeek, haiek saldu, erosi eta kontsumitzen dituzten enpresa eta pertsonek, haien berri ematen dugunok... guztioi dagokigu —bakoitzari bere neurrian— bidezko patata ideal bat garatzea. Zientziaren patata ideala bizimodu tradizionalak suntsitzeko arma bat dela esateak ez mataza askatzen laguntzen, eta, ez dut uste gizartearekiko arduraz jokatzea denik diskurtso-mota hori hedatuz.
Berria egunkarian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia