}

Zientziaren izenean

2014/03/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientziaren erabilera okerrei buruzko adibidez beteta dago historia. Azkena Ugandako lehendakari Yoweri Musevenik eman du, zientzian oinarrituta atera duen homosexualen aurkako legearekin.

Erabakiak hautsak harrotu ditu eta, beste komunikabideen artean,Science zientzia-aldizkari ospetsuak ere argitaratu du artikulu bat auziari buruz. Haren arabera, Musevenik zientzia erabili du lege homofoboari zilegitasuna emateko. Izan ere, Musevenik berak adierazi duenez, Osasun Ministerioko batzorde berezi baten ondorio zientifikoek eraman dute jokabide homosexualak zigortzera. “Erabateko adostasunez ondorioztatu dute homosexualitatea, nik lehen uste nuenaren kontra, jokabidezkoa dela, eta ez genetikoa. Ikasia da, eta desikas daiteke”, idatzi zion AEBko lehendakari Barack Obamari, hark legea ez sinatzeko eskatu zionean.

Alabaina, Musevenik batzorde zientifikoaren ondorioak desitxuratu dituela aldarrikatu dute batzordean parte hartu zuten zientzialariek. Adibidez, haietako batek, Paul Bangirana psikologo klinikoak goitik behera ezeztatu du Musevinik beraien txostenaz egin duen irakurketa: “Txostenak ez du inon ondorioztatzen homosexualitatea ez dela genetikoa, eta guk ez dugu esan desikas daitekeela”.

Baringanaz gain, beste hamar adituk osatu zuten batzar berezia, tartean, Osasun Ministerioko kide batzuek. Homosexualitatearen jatorriari buruzko ikerketak aztertu eta ondorioak ateratzea zen haien ardura. Hala, txostenean, ondorioztatu zuten ez dagoela homosexuala izatea dakarren generik. Inguruneko eragileez, berriz, esan zuten zenbait faktorek, hala nola kulturak edo inguruko pertsonen presioak, nolabaiteko eragina izan zezaketela homosexuala izatean. Bestalde, jokabide homosexuala, eta baita heterosexuala ere, biak, arautu behar zirela iritzi zioten, “ahulena babesteko”.

Musevinik eta Parlamentuko kideek txosten hori jaso zutenean, ordea, beren erara irakurri zuten. Haien iritziz, txostenak argi zioen homosexualak ez direla halakoak sortzez, gerora bilakatzen direla homosexual. Beraz, haientzat zilegi da, eta komenigarria, jokabide homosexualak zigortzea. Eta hala adierazi zuen Parlamentuak, prentsa-ohar bidez.

Scienceren artikuluan, Bangirana kexu da prentsa-oharrean nahasi egin dituztela txostenean esandakoak. Esaterako, txostenean baieztatu zuten homosexualitatea ez dela gaixotasun bat, ezta ezer anormala ere. Aldiz, prentsa-oharrean beste hau azaltzen da: “Homosexualitatea ez da gaixotasun bat, baizik eta portaera anormal bat, bizi-esperientzien bitartez ikas daitekeena”. Horren aurrean, Bangiranak garbi utzi du haiek ez zutela esan homosexualitatea anormala denik.

Batzarreko beste kide batzuk ere prentsa-oharrean esandakoaren aurka agertu dira, eta hasieran idatzitako txostena aldatzera ere iritsi dira. Hain zuzen, jokabideak arautzeari buruzko aipamena kendu dute, interpretazio okerrak egitea saihesteko.

Alferrikakoa izan da, ordea: Musevenik ez du lege homofoboa atzera botatzeko inolako asmorik. Jokabide homosexuala duten pertsonek jasango duten  (eta jasaten duten) jazarpenaz gain, legeak badu beste ondorio bat ere: zaildu egiten du hiesaren aurkako borroka. Nazio Batuen Erakundearen UNAIDSek jakinarazi du Ugandan helduen % 7 inguruk duela hiesa, eta gizonezko homosexualek infektatzeko 13 aldiz arrisku handiagoa dutela besteek baino. Egoera horretan, homosexualak baztertzeak haien osasun-eskubideak urratzea dakarrela ohartarazi du UNAIDSek. Hori ere, zientziaren izenean.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia