}

Zientziaren 2008ko uzta

2009/01/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Zer eman du 2008. urteak zientzia-gaietan? Zer ikerketa, aurkikuntza eta aurrerakuntza egin zituzten zientzialariek munduan iaz? Jakina, ezinezkoa da denak bat-banaka aipatzea; horretan hasiz gero, zalantzarik gabe, kanpoan utziko genituzke hainbat eta hainbat. Garrantzitsuenak aipatu nahiko bagenitu ere, buruhauste bat baino gehiago izango genuke. Zein sartu? Zein utzi kanpoan?
Partikulak azeleratzeko munduko tresnarik handiena gelditu behar izan zuten martxan jarri eta bederatzi egunera. (Argazkia: CERN )

Dena den, horrek ez digu ezinezko egiten iazko berrien bildumatxo bat egitea. Zer irizpideri jarraitu, ordea? Bada, berri entzunenei erreparatuko diegu, eta gizartean oihartzun gehien izan duten ikerketa batzuk aipatuko ditugu.

LHCaren gorabeherak

Zientzia-gairen bat ibili bazen iaz ahoz aho, hori LHC famatua izan zen. Partikulak azeleratzeko munduko tresnarik handiena, ahaltsuena eta garestiena eraikitzen bukatu, eta irailaren 10ean inauguratu zuten.

Tresnarik ahaltsuena izateak bakarrik eragin zezakeen urteko berri entzunenen artean egotea LHCa. Baina, horretaz gainera, batek baino gehiagok alarma-oihua bota zuen. Han eta hemen zabaltzen joan zen partikulen azeleragailua arriskutsua zela, partikulak azeleratzean zulo beltz txiki bat sortzeko arriskua zegoelako. Zulo beltz horrek Europaren zati bat irentsi eta desagerraraz zezakeela esaten zuten.

Egia esan, ez zen modurik egon horrelakorik gertatuko ote zen jakiteko, martxan jarri eta bederatzi egunera akats elektriko bat izan baitzuen, eta gelditu egin behar izan baitzuten, akats hori konpontzeko.

2009ko udarako prest izango dute berriz ere, nonbait. Dena den, ez dadila inor larritu. Ez dago aipatutako arrisku sentsazionalista horren beldurrik izan beharrik. Zientzialariek ez dakite zulo beltz txikirik era daitekeen eta eratuko den. Baina eratuko balitz ere, iragarpen guztien arabera, sortu eta hurrengo segundoa igaro baino askoz lehenago desagertuko litzateke, lurrundu egingo litzateke.

Izarraren inguruan (irudiko hainbat koloretako zirkulua) hiru planeta ikus daitezke; zirkuluaren inguruko puntu gorriak dira. (Argazkia: C. Marois/NRCC )

Espazioan hamaika kontu

Espazioko gaietan ere egon zen iaz zientzialarien eremutik harago iritsi zen berririk. Lehen aldiz, astronomoek lortu dute zuzenean ikustea planetak gurea ez den izar baten inguruan biraka. Dozena erdi bat exoplaneta deskribatu dituzte azkeneko hilabeteetan, eta, Science aldizkariaren arabera, urteko bigarren berri nabarmenena izan da lorpen hori.

Ez da batere erraza astronomoentzat beste izar batzuen inguruko planetei antzematea. Batetik, tamaina aldetik hautemateko zailak dira guregandik urrun dauden planetak, eta, bestetik, izarrak planetak baino askoz argitsuagoak direnez, estali egiten dute inguruan biraka dituzten planetek islatzen duten argi apala. Hortaz, teknika bereziak garatu behar izan dituzte zientzialariek izarren distira nolabait estaltzeko.

80 bat urteko emakume baten larruazaleko zelula batzuk hartu zituen, eta zelula horiek neurona bihurtzea lortu zuen.

Zelulak denboran atzera eraman

Iazko beste berri garrantzitsu bat biologia zelularrean gertatu zen. Lehenengo aldiz lortu zuten pertsona heldu batzuen gorputzeko zelula jakin batzuk hartuta beste gorputz-atal bateko zelulak balira bezala aritzea. Adibidez, horrelako berri bat eman zuen lehenengo taldeak 80 bat urteko emakume baten larruazaleko zelula batzuk hartu zituen, eta zelula horiek neurona bihurtzea lortu zuen.

Zelulak birprogramatzea esaten diote teknika horri. Azken finean,zelula batek ordura arte zituen funtzioak betetzeari uztea lortzen dute, eta zientzialariek nahi duten funtzioan lanean jartzea.

Dozena bat taldek lortu zuten zelulak birprogramatzea, baina oraindik ez dute lortu argitzea zer prozesu dauden birprogramazio horren atzean. Estreinatu berri dugun urte honetan bide horretatik joko dute, seguru asko, zientzialariek.

Zelulez gainera, izango dugu, iaz bezala, nabarmentzeko moduko berririk edo aurkikuntzarik. Horretarako, ordea, lanean utzi beharko ditugu zientzialariak. Urtebete emango diegu, eta ea zer berri dakarten!


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia