Zientzia.net entzun egin daiteke
2014/04/02 Elhuyar Zientzia
Zientzia.net entzun egin daiteke orain, Elhuyarreko Hizkuntza-Teknologien sailak eta EHUko Aholab taldeak garatutako teknologiei esker.
Ahots teknologiak ez dira berriak eta gaur egun nahiko aurreratuak daude, baina garapen maila ez da berdina hizkuntza guztietan: ingelesaren, gaztelaniaren, txineraren… kasuan oso aurreratuak daude teknologia hauek, baina gainontzeko hizkuntzetan askoz atzerago daude. Hala ere, Igor Leturiak Elhuyar aldizkarian dioen bezala, “euskara ez da, zorionez, azkeneko bagoian doazen horietakoa”.
Lan horretan aitzindari den EHUko Aholab ikerketa-taldeak kalitate oso oneko ahots sintetiko neutroa lortua du. Orain, Aholabekin elkarlanean, Elhuyarrek webguneak irakurri beharrean entzuteko teknologia garatu du, eta Zientzia.net-en eta Elhuyar aldizkariaren webgunean jarri. Zientzia.net-eko edozein testuzko edukitan “play” botoi bat dago orain. Hori sakatuta, artikulua entzuten hasiko gara. Entzuketan nabigatu ahal izateko botoiak ere badaude, eta gizonezko edo emakumezko baten ahotsa, bolumena zein abiadura alda ditzakegu. Probatu!
--> "Irakurri beharrean, entzun", Igor Leturia garatzailearen artikulua teknologiaren xehetasunez
Mugikorretara egokituta
Zientzia.net entzungai egitea ez da berrikuntza bakarra. Izan ere, webgunea mugikorretarako guztiz egokitzen ere bukatu dugu.
Iaz atera genuen m.zientzia.net-en lehen bertsioa. Artikuluak eta agenda erakusten zituen, gaikako nabigaziorako aukera eskaintzen zuen, eta baita edukiak bozkatzeko, iruzkinak egiteko, eta sare sozialetan partekatzeko ere. Orain, beste pauso bat eman dugu, eta falta ziren edukiak dagoeneko m.zientzia.net-en daude. Batetik, hasiera-orria eta menua moldatu ditugu eduki berrietara egokitzeko, eta bestetik liburutegia, zientzia-irratia, zientzia TB eta argazki-galeriak eta bilatzailea gehitu ditugu.
Orain inoiz baino gehiago goza dezakezu zientzia.net-ez edozein unetan eta lekutan!Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia