}

Zientzialariak, pertsona

2010/10/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Oraindik ez da apaldu Gliese 581g exoplanetaren inguruan sortu den iskanbila. Duela hilabete eskas, Kaliforniako Unibertsitateko Steven Vogtek eta Carnegie Institutuko Paul Butlerrek prentsaurreko handi bat eman zuten. NSF Estatu Batuetako Zientzia Fundazioaren eta NASAren babesarekin, harrotasunez aldarrikatu zuten Gliese 581 izarraren inguruan beste bi planeta daudela, eta litekeena zela haietako batean bizidunak egotea, edo horretarako aukerak bazituela, behintzat.

Gliese 581g izena zuen exoplaneta hura (exoplaneta deitzen zaie eguzki-sistematik kanpoko planetei) berehala bihurtu zen komunikabideen izenburu nagusien protagonista. Bizi extralurtarraren substratu izan zitekeen! Gure urruneko bizilagunen bizileku! Izenburua emateaz gain, komunikabide askok, astronomoen hitzetan oinarrituta, exoplaneta haren ezaugarriak azaldu zituzten luze edo labur , eta, batez ere, Lurrarekin izan zitzakeen antzekotasunak nabarmendu zituzten.

Argazkikoa Gliese 581 izarra da. Hori, seguru. Zalantzazkoa da, ordea, haren inguruan Lurraren antzeko exoplanetarik ba ote den.
(Argazkia: ESO)

Zalantzarik gabe, gaia erakargarria da, eta batzuek zentzuzko azalpenak ematen zituzten bitartean —zer diren exoplanetak, nola detektatzen diren, zer ezaugarri izan behar dituen exoplaneta batek bertan bizia sortzeko—, beste batzuek bizidun haiek nolakoak izan zitezkeen asmatzen hasi ziren.

Batzuk zein besteak isilarazteko moduko berri bat zabaldu zen, ordea, handik egun gutxira: HARPS espektrografoaren azken datuen arabera, Gliese 581g exoplaneta ez da existitzen. Hala jakinarazi zuen HARPSarekin lan egiten duen Francesco Pepe astronomoak. Eta Vogt eta haren lantaldea HARPSak 2008ra bitartean jasotako datuetan oinarritu ziren, exoplaneta haiek detektatzeko. Orain jakin dute, baina, datu haiek ez zirela oso fidagarriak.

Dagoeneko kendu dute Gliese 581g exoplaneten zerrenda ofizialetik, baita bestea ere, Gliese 581f. Litekeena da datuak berriro aztertu eta azkenean Vogtek esandakoa baieztatzea, baina aditu gehienek uste dute Vogt gehiegi aurreratu zela haien berri ematean, seguru asko beldur zelako Peperen lantaldeak aurrea hartuko ote zion. Izan ere, ez da ohore makala bizia izan dezakeen lehen exoplanetaren aurkitzailea izatea!

Adibide gehiago laborategietan

Alabaina, halakoak ez dira urriak zientzialarien artean. Izan ere, adimentsuak dira, oso; haien neuronek gureek baino azkarrago eta hobeto egiten dute lan ezagutzen eta ikertzen dituzten gaietan. Gainerakoan, baina, besteok bezalakoak dira. Hori frogatzen duten hamaika adibide daude zientziaren historian.

Urrutira joan gabe, oraintxe epaitu dute Michigan Unibertsitateko ikertzaile bat, Vipul Bhrigu, bere lankide Heather Amesen lana saboteatzeagatik. Minbiziari buruzko doktoretzako ikerketa egiten ari zen Ames, eta emaitza onak izaten ari zen. Duela urtebete, baina, gauza arraroak gertatzen ari zirela sumatu zuen: zelula-kulturetako etiketak nahasita azaltzen ziren, egon beharko ez zuketen proteinak eta antigorputzak agertzen ziren kulturetan... Norbait bere lana saboteatzen ari zela susmatu zuen, baina inoiz ez zuen pentsatu bere lankide eta adiskide Bhrigu izan zitekeenik saboteatzailea.

Susmoak zentzuzkoak zirela iritzita, bi kamera ezkutu jarri zituzten laborategiko zuzendariaren aginduz. Haiek jasotako irudietan garbi ikus zitekeen Bhriguk Amesen kulturak manipulatzen zituela. Poliziak galdekatu zuenean, Amesen lana oztopatu zuela aitortu zuen Bhriguk. Inbidia omen zion. Berez, ez ziren arlo berean ari lanean, eta, beraz, ez ziren lehiakideak. Baina jeloskor zegoen. Orain epaitu egin dute, eta erruduntzat jo dute.

Iruzurrak, lapurretak, gezurrak, bekaizkeriak, zapalketak... denetik aurki daiteke zientzialarien artean. Zientzialari ez direnen artean bezalaxe.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia