Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zientzialariak bideo-kontsolen zelatan

2010/01/30 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

XBOX, PS3 eta Google Earthen teknologian oinarrituta, aurrera egin dute zientzialarien ikerketek.

Xbox 360ren grafikoak prozesatzeko unitatea (GPU) erabiltzen dute ikerketetako datuak prozesatzeko.

2008an, 29 milioi bideo-kontsola eta 200 milioi bideo-joko saldu ziren Europan. 15.000 milioi euro inguru mugitu zituen bideo-jokoen merkatuak. ADESEk (Aisialdirako Softwarearen Banatzaile eta Editoreen Espainiako Elkarteak) urteko txostenean jaso dituen datuak dira. Erabiltzaileak azken nobedadeak ezagutzeko irrikan izaten dira. Erabiltzaileek ez ezik, ordea, zientzia-komunitateak ere adi-adi jarraitzen ditu bideo-kontsola eta aplikazio berriak. Ez dira jostailu hutsak, ikerketa- eta garapen-lan handiaren emaitza izugarriak dira, zientzialariak ere zur eta lur uzten dituzte, eta haiek probetxua ateratzeko modua ere ikusten dute.

Erresuma Batuko Warwickeko Unibertsitateko ikertzaileak gustura daude euren Xbox 360 kontsola berriarekin. Ez dute kafe-orduan Halo jokoan jarduteko erosi, lanerako baizik. Xbox 360ren grafikoak prozesatzeko unitatea (GPU) erabiltzen dute ikerketetako datuak prozesatzeko. Orain arte normalean ordenagailu-sareak erabiltzen zituzten halako operazioak egiteko, baina, unitate hori erabilita, asko azkartu dute prozesua.

Hain zuzen, Xboxaren siliziozko txipak modu merkean eta paraleloan prozesatzen du; hala, sistema tradizionala bezain eraginkorra eta merkeagoa da. Warwickeko Unibertsitatean, gaitasun hori beren ikerketetan aprobetxatzea erabaki dute, eta horrela lortu dute, esaterako, bihotzeko zelula kaltetuen inguruan seinale elektrikoa nola mugitzen den azaltzen duen eredu bat egitea.

Munduko ordenagailu komertzial azkarrenak, PlayStation 3ren prozesatze-teknologian oinarritutako prozesadorea darabil. .

Ez da kontsolak eta bizitza erreala gurutzatzen diren lehen aldia: IBM Roadrunner ordenagailuak, munduko ordenagailu komertzial azkarrenak, PlayStation 3ren prozesatze-teknologian oinarritutako prozesadorea darabil.Amerikako Estatu Batuetako gobernua da Roadrunnerren jabea. Segundoko hiru trilioi eragiketa egiten ditu. Horretarako, PS3ak erabiltzen dituen 12.240 txip eta 6.562 zerbitzari dual konektatzen dituen 278 zerbitzari erabiltzen ditu.

Adituek ez dute uste kasualitatea denik. Ibon Aizpurua Elekako informatika-ingeniariak dioenez, "askotan, bideo-jokoak eta haien ingurunea ez dira gai seriotzat hartzen. Baina kontuan izan behar da oso merkatu lehiakorra dela; eta, beraz, edozein faktorek sekulako garrantzia hartzen du. Horren adibide garbia dira bideo-kontsolen prezioak, ahalik eta ezaugarri hoberenak emanda azken zentimora arte estutzen baitira".Hortaz, prozesamendurako gaitasun handia duten makinak bihurtu dira bideo-kontsolak. "Horretaz konturatuta, komunitate zientifikoa bere ikerketetarako txip horietaz baliatzea bi munduen arteko sinergiak lotzea da. Hala, prozesamendu paraleloko makina ahaltsuak eraiki ditzakete askoz prezio murritzagoan".

NASA Googleri begira

Bideo-kontsolez gain, bada aisialdirako erabiltzen dugun eta zientzialarien arreta erakarri duen beste aplikazio bat: Keyhole-k sortu eta Google handiak

Ikerketa- eta garapen-lan handiaren emaitza izugarriak dira bideo-kontsolak (Argazkia: Ian Wilson) .

erosi zuen Google Earth. Google Earth planeta hiru dimentsiotan erakusten duen programa informatiko bat da. Etxetik mugitu gabe astronauta sentiarazten du erabiltzailea, espaziotik munduko bola erakutsi eta nahi beste gerturatzeko aukera ematen baitu. Horretarako, satelite-irudiak, mapak eta Googleren bilaketa-motorra konbinatzen ditu. Berriki, Google Earthek zientzia-emaitzak erakusteko antolatu zuen aplikazio-lehiaketa irabazi zuen karbono dioxidoaren maila erakusten duen aplikazio batek. Atmosferaren geruza ezberdinetan dagoen CO2-maila erakusten du. Lehiaketa irabazi eta Google Earthen integratzeaz gain, NASAren txalo beroak ere jaso dituMichigan Technology and Research Institutek. NASAk berak erreportajea eskaini dio bere webgunean: "Google Earthen aplikazioak karbonoaren bidea mapeatu du". Erabiltzaileak eta zientzialariak hezi nahi ditu aplikazioak, karbono dioxidoaren emisioak aurkitzen erakusteko. Hasteko, NASA konkistatu du.


Ortzadar-e n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia