Zientzialari gazteen arteko 'Parekoen topaketa'

2017/03/31 Elhuyar Zientzia

Bigarren Hezkuntzako berrogeita hamar ikaslek UPNAko ikertzaile gazteen aholkularitza jaso dute Planetarioan. Ikasleak zientzia- eta teknologia-proiektuekin lanean ari dira, maiatzean Bilbon aurkezteko, Elhuyar Fundazioak antolatzen duen Zientzia Azokan.
Arg. Elhuyar

Nafarroako lau ikastetxetako DBH eta Batxilergoko berrogeita hamar bat ikaslek (Leitzako Amazabal BHI, Iruñeko Julio Caro Baroja BHI, Noaingo Elortzibar BHI eta Zizur Txikiko San Fermin ikastola) Zientzia Azokan parte hartu dute gaur, martxoak 29, asteazkena, Iruñeko Planetarioan. Elhuyar Fundazioaren ekimen bat da; unibertsitateko atarian dauden ikasleek proiektu zientifiko edo teknologikoak sortzen dituzte ikasturtean zehar, taldeka, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen aholkuak jasoz. 12 eta 18 urte arteko nafar ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) sail desberdinetako (besteak beste, Kimika Aplikatua, Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Natura Ingurunearen Zientziak) 18 ikertzaile, bekadun eta doktoregai gazteren aholkularitza jaso dute. Laguntza hori baliagarri izango zaie beren lanak azoka batean jendaurrean erakusteko Bilboko erdigunean, maiatzaren 6an, EAEko ikasleekin batera. Hortik dator Zientzia Azoka izena. Ekimen honek Foru Erkidegoaren, Unibertsitatearen, Planetarioaren eta Zientziaren Lagunen Klubaren laguntza du.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek beren proiektuei buruz hitz egin ahal izan dute, soziologiari, informatikari, kirolari, mikrobiologiari, osasunari eta ingurumenari lotutako proiektuei buruz, UPNAko ikertzaile gazteekin, eta, hala, ikerketarekiko konpromisoa areagotu dute.

"Parekoen topaketa" izeneko saioaren inaugurazioan izan dira, besteak beste, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Ramón Gonzalo García UPNAko ikerketako errektoreordea, Joaquín Sevilla Moróder UPNAko Ezagutzaren Dibulgazioko arduraduna, Javier Armentia Fructuoso Planetarioko zuzendaria, Silvia Díaz Lucas Zientziaren Lagunen Klubeko lehendakaria eta Aitor Etxarte Berezibar Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria, bai eta Aitor Lacasta Zubero Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ebaluazio, Kalitate, Trebakuntza eta Bizikidetzako zuzendaria eta Carlos Astrain Goñi Nafarroako Gobernuko Trebakuntza Ataleko burua.

Lau erakunde antolatzaileen (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Kluba) helburua da ikerketarekin konprometitutako Bigarren Hezkuntzako zentroen sare bat sortzea foru-erkidegoan, unibertsitatearen atarian dauden ikasleen trebakuntza eta gaitasunak hobetzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia