}

Zertan dabil Kimika Fakultatea?

2000/09/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jadanik hogeita bost urte igaro dira Donostiako Kimika Fakultatea ireki zenetik. Epe horretan irakaskuntza eta ikerketa izan dira bertako jarduera nagusiak. Gaur egungo egoera hainbat izen ospetsurekin lotzen dugu, baina fakultate oso bat ez da pertsona edo lorpen gutxi batzuetara mugatzen. Zertan dabil Kimika Fakultatea gaur egun?

Fakultateak gutxi gorabehera 80 irakasle eta 900 ikasle ditu. Kimikako karrera bost mailatan burutzeko aukera eskaintzen da. Azken bietan ikasketa espezializatuak irakasten dira. Ikasleek bi espezialitate dituzte aukeran: oinarrizko kimika eta kimika makromolekularra. Lehenengo espezialitatea hautazko irakasgai anitzetan oinarrituta dago. Horrela, ikasleak berak aukeran dauka ikasteko jarraitu nahi duen esparrua.

Bigarren espezialitatea polimeroen kimika da. Urteetan fakultatearen berezitasun nagusia izan da aukera hori. Izan ere, molekula horien sintesia askotan petroliotik isolatutako substantzietatik egiten denez, garai batean "petrokimika" izena zabaldu zen espezialitatea nahiz fakultate bera aipatzeko.

Gaur egungo fakultatearen ekintza nagusiak irakaskuntza, ikerketa eta kanpo-harremanak dira. Ekintza bakoitzean aipagarriena azaltzea merezi du.

Irakaskuntza: polimeroak

Karrerako lehen hiru ikasturteetan ikasleek oinarrizko irakasgaiak jasotzen dituzte. Kimika ez ezik, Fisika, Matematika, Biologia eta Geologia ere irakasten da ikasturte horietan. Kimikaren oinarrizko kontzeptuak hiru urteko ikasgaietan jaso ondoren, ikasleak aukeratu beharrean daude. Esan bezala, fakultatearen berezitasunik nabarmenena polimeroak dira. Izan ere, Gonzalo Martin Guzman fundatzailearen espezialitatea zen, eta esparru hori lantzeko jarri zuen fakultatea martxan. Beraz, azken bi ikasturteko espezializazioan polimeroen ezaugarri garrantzitsuenak ikasteko aukera dago, produkzioaren, analisiaren, propietate mekaniko eta kimikoen azterketaren eta aplikazioen ikuspuntuetatik.

Donostiako Kimika Fakultatea berezi bihurtzen du ikasgai horrek, Estatuan ez baitago espezialitate hori eskaintzen duen beste fakultaterik. Gainera, gaur egungo industria kimikoan polimeroek garrantzi handia dute. Kasu askotan metalei eta aleazioei lekua hartu diete.

Material berri asko polimeroak dira edo polimeroak eraldatuta sortzen dira.

Baina zer dira polimeroak? Molekula txikiak (monomeroak) elkarri lotuta eratutako molekula erraldoiak dira (polimeroak). Horrela, kate edo sare molekularrak sor daitezke. Egitura berezi horiek oso ezaugarri fisiko eta kimiko bitxiak dituzte. Konposizio kimiko berarekin, molekulen luzeraren arabera, ezaugarri mekanikoak asko aldatzen dira. Egoera solidoaz eta likidoaz gain, batzuk "gel-egoeran" ere izaten dira. Bestalde, gehigarri batzuk nahastuz gero, plastiko bilakatzen dira.

Baina plastikoak ez ezik, gure bizitzan ohizkoak diren material asko ere polimeroak dira. Erretxinak, itsasgarriak eta pinturak dira arruntenak. Medikuntzan zein ingeniaritzan dituzte aplikazioak. Ia esan daiteke ezaugarri fisiko eta kimiko bakoitzak bere polimeroa duela. Aparteko ikasketak behar dituzte polimeroek, oro har, ez baitute beste molekulek bezala jokatzen.

Ikerketa: etekin handiko taldeak

Eusko Jaurlaritzak urtero unibertsitateko etekin handiko ikerketa-taldeak izendatzen ditu. Horretarako, Estatuko ikertzaileez osatutako sekretupeko epaimahaia aukeratzen du. Epaimahai horren betebeharra Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateko taldeen lana aztertzea da. Izan ere, ikerketaren kalitate-neurketa da.

Ikerketa ebaluatzeko irizpidea bi ezaugarritan oinarritzen da: lan-talde bakoitzak argitaratutako artikulu zientifikoen kopuruan eta argitalpen horien inpaktu-indizean. Artikulu-kopurua eta gutxieneko kalitatea gaindituz gero, talde hori "etekin handiko taldea" kontsideratzen da. Hori onartzeak proiektu berrietarako dirua eskatzean, hainbat lehentasun ematen dio taldeari.

Etekin handiko talde-kopurua egindako ikerketaren arabera aldatzen da urtetik urtera. 1999. urteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan guztira hemezortzi taldek jaso zuten izendapena. Hemezortzi horietatik zazpi Donostiako Kimika Fakultateko taldeak ziren, hau da, % 39 fakultate bakarrekoak ziren. Datu hori bertan egindako ikerketa-mailaren adierazgarria da.

Izendatutako taldeen zuzendariak honako hauek izan ziren: J. M. Asua (Ingeniaritza Kimikoa), P. M. Etxenike (Fisika Teorikoa), J. Colmenero (Solidoen Fisika), C. Palomo (Kimika Organikoa), T. Fernandez (Elektrokimika), J. M. Ugalde (Kimika Kuantikoa) eta F. P. Cossío (Kimika Organikoa).

Kanpo-harremanak: Donostia International Physics Center

Fakultateko Fisika Sailak ospe handia du. Izan ere, saileko bi buruak, Pedro Miguel Etxenike eta Juan Colmenero, garrantzi handiko ikertzaileak dira.

Etxenikek, besteak beste, Espainiako Principe de Asturias eta Alemaniako Max Plank Institutuko sariak jaso ditu bere lanarengatik. Colmenero jaunak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ematen duen Munibe saria iaz jaso zuen. Etxenikek proposatuta, bien artean Donostia International Physics Center (DIPC) proiektua jarri dute martxan. Apirilaren 27an izan zen zentroaren inaugurazioa. Orduan, Heinrich Rohrer-ek, 1986ko Fisikako Nobel saria jaso zuenak, hitzaldia eskaini zuen.

Babesle ekonomikoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Kutxa eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira. Hasierako aurrekontua 60 milioikoa da, baina urteak pasa ahala erakundea hazi egingo dela espero da.

Triesteko Eskolan eta antzeko beste batzuetan oinarritutako proiektua da. Helburu nagusia fisikarien arteko nazioarteko harremanak sustatzea da. Horrela, hemengo ikertzaileak kanpora joateko eta kanpokoak hona etortzeko laguntzak eskura jarriko ditu. Horren eskutik, kanpoan ikerketan aritzen diren hemengo zientzialariek itzultzeko aukera izango dute.

Zentroaren sorrera goraipatua izan da. Abantaila handiak ditu. Adibidez, egoitza Donostiako campusean kokatuta dago. Modu horretan unibertsitatearekin harreman zuzena izango du. Hori hitzaldiak eta kongresuak antolatzeko garaian egokia suerta daiteke. DIPCk, bestalde, unibertsitateko azpiegitura erabili ahal izango du. Oraindik hazte-fasean dago eta emaitzak ikusteko zain daude. Dena den, oso proiektu ausartatzat jo behar da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia