Zerk zabaltzen ditu begi-niniak?
2003/01/13 Elhuyar Zientzia

Argiaren intentsitatea aldatzen denean, begi-niniak zabaldu edo itxi egiten zaizkigu. Orain, mugimendu horien arduraduna melanopsina izeneko proteina dela aurkitu dute.
Harrigarria da: orain arte mugimendu hori kono- eta zilindro-itxurako zelulek eragiten dutela uste zuten biologoek. Baina melanopsina ez da zelula horietan adierazten, seinalea garunera garraiatzen duten beste batzuetan baizik. Kono- eta zilindro-itxurakoek ere parte hartzen dute begi-niniak kontrolatzean, baina ez dira prozesu horren eragile nagusiak.
Esperimentuak Londresko Imperial Colledge-ko biologoek egin dituzte. Sagu batzuei melanopsina adierazten duen genea kendu diete eta ikusi dute saguek ez dituztela begi-niniak behar bezala ixten bat-batean intentsitate handiko argia jasotzen dutenean. Zientzialariek melanopsinaren genearen ordez proteina koloretsu batena jarrita lortu dute jakitea zein zelula-motatan adierazten den genea.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia