Zerk geraraz lezake giza klonazioa?
2001/08/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Hiru faktorek utz dezakete giza klonazioa bertan behera.
Egun hauetan bi taldek esan dute giza klonazioari ekin nahi diotela. Lehenengo taldea Panos Zavos ugalkortasunean adituak zuzentzen du eta bigarrena sekta baten fundatzaileak, Rael ezizenez ezaguna den Claude Vorilhorn-ek. Zavos-en taldeari Severino Antinori ginekologoa batu zaio. Azken horrek, gainera, esan du, herri guztietako legeek klonazioa debekatzen badute, itsasontzi batean sartu eta nazioarteko uretan egingo dituela esperimentuak.
Gizakia klonatzeko saioen aurka, mota askotako argudioak plazaratu dira. Baina ez dirudi eztabaida etikoak prozesu hori geraraziko duenik. Beraz, zientzialari ospetsu askok argudio zientifikoak erabili nahi dituzte, besteak beste, Ian Wilmut-ek, Dolly ardia klonazioz sortu zuenak, eta Ryuzo Yanagimachi-k, lehen aldiz sagu bat klonatu zuen zientzialariak.
Zientziaren aldetik, klonazioaren gaurko metodologiak etekin gutxi eskaintzen duela da argudio nagusia. Izaki baten kopia egiteko bi metodo erabili dira dagoeneko: nukleoaren transferentzia somatikoa eta zatiketa zelular masiboa. Bigarrena seme-alaba bikiak sortzen diren bertsio artifiziala da, eta ezin da animalia helduaren zelula batetik egin.
Beraz, bietatik lehenengoak bakarrik balio dezake gizaki helduaren klonazioa egiteko. Oso prozesu konplexua da. Klonatu nahi den gizakiaren zelula batetik material genetikoa erauzi behar da; emakume baten obuluari nukleoko ADNa kendu eta klonatu nahi denarena bertan sartu behar da, hau da, nukleoen ordezkapena egin behar da. Dena dela, genoma arrotza obuluaren nukleoan sartu ahal izateko, korronte elektrikoz kitzikatu behar da. Azkenik, obulua emakumeari sartu, eta haurdunaldi naturalaren ondoren klona jaiotzen da.
Horietako urrats bakoitzak eraginkorra izateko probabilitate gutxi ditu eta, beraz, klon bat lortzeko ehunka obulu ernaltzen saiatu behar da. Esate baterako, Dolly ardia 277 saioetatik enbrioi arrakastatsu bakarra izan zen. Jaiotako gehienak, gainera, malformazioak direla eta, epe laburrean hiltzen dira. Malformazio horiek korronte elektrikoa aplikatzen den urratsaren ondorio direla uste dute zientzialari askok, hainbeste kostatuta sartutako ADNa elektrizitateak honda baitezake.
Hala eta guztiz ere, klonatutako animalia ez da hasierakoaren berdin-berdina. ‘Hustutako’ obuluari nukleoko ADNa ateratzen zaio klonazioa egiteko, baina ez mitokondrioakoa. Beraz, haurdunaldia izango duen emearen arrasto genetikoa ere izango du klonak. Gainera, zehazki ez dago argi zein diren heredatzen diren ezaugarriak, hau da, gizakiaren kasuan, umeak joera bera izango al du gustu, nortasun eta abari dagokionez?
Dena dela, klonazioa ez da denen gustukoa eta, adituen arabera, hiru faktorek bakarrik saihets lezakete klonak jaiotzea: prozesuaren ezusteko zailtasunak (adibidez, obulua ez bada emakumeari ezartzea lortzen), klonazioaren nazioarteko debekua sinatzen bada eta etorkizunezko balizko merkatua desagertzen bada (klona eskatzen duen gurasorik ez badago).
Ez dirudi klonen kontrako nazioarteko legedirik sor daitekeenik oraingoz. Azken batean, esparru guztietako adituek giza klonazioa zientziaren nahitaezko urratsa izango dela susmatzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia