}

Zergatik bizi dira luzeago emakumeak?

2010/11/20 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Emakumeak gizonak baino luzeago bizi direla ez da berria. Egun, batez beste, bospasei urte gehiagoz bizi dira; 85 urteren bueltan dabiltzan sei emakumeren aurrean lau gizonezko aurki genitzake, eta, 100 urteei begira jarriz gero, aldea are nabarmenagoa da. Zergatik, ordea? Azkenaldian indartzen ari diren hipotesien arabera, azalpena gure biologiaren sakonean dago.
Munduko hamar lagun zaharrenetatik bakar bat baino ez da gizonezkoa.

Gizonezkoak lehenago hiltzeko joeraren oinarrian askotan aipatu dira, arrazoi gisa, haien lan-jarduera gogor edo estresagarriak. Baina azken urteotan indargabetuz joan da teoria hori, nolabait, emakumeek egun lan-munduan (etxetik kanpo zein barruan) duten presentzia eta ardurak direla eta.

Beste hipotesi baten arabera, emakumeak luzeago bizi dira, gizonek, oro har, joera handiagoa dutelako ohitura osasungaitzak izateko (tabakoa eta alkohola, kasu); elikadura ez dutela horrenbeste zaintzen ere maiz aipatu izan da. Baina teoria horrek badu kontraesanik: besteak beste, emakume erretzaileen kopuruak gora egin du, askok alkohola kontsumitzen dute, eta bada elikadura asko zaintzen ez duenik ere.

Gainera, luzeago bizi diren arren, zergatik izaten da kaskarragoa emakume adindunen osasuna adin bereko gizonena baino? Eta gainerako animalia gehienetan ere emeen biziraupena hobea izatea kasualitate hutsa al da? Bada, dirudienez, bizimodua eta ohiturak baino harago doan zerbaitetan bilatu behar da horren guztiaren azalpena.

Newcastle Unibertsitateko Tim Kirkwood gerontologo eta irakaslearen ustez, gure unibertso biologikoaren sakonean dago azalpena; bizi-itxaropenari dagokion ezberdintasuna jenero bakoitzaren konposizio genetikoari zor zaiola uste du. Alegia, Kirkwoodek dioenez, gizonezkoen gorputzeko zelulak ez daude genetikoki programatuta hainbeste urtez bizirauteko. Nolabait esatearren, eboluzioaren ikuspegitik “beharrezkoagoak” direlako bizi ohi dira emakumeak luzeago.

Kirkwooden teoriaren arabera, emakumeen organismoa hobeto dago prestatuta kalteei aurre egiteko, batik bat ugalketaren arduradunak haiek direlako.
Manuel Allende

Erabili eta botatzeko soma

Kirkwooden planteamendua Scientific American aldizkariak plazaratu du. Baina ez da berria, haren mamia 1977an azaldu baitzuen egileak, “Teoria del Soma Desechable” (“Erabili eta botatzeko somaren teoria”) izenburupean. Ugaltze-zelulak ez diren organismoko gainerako zelulen multzoa da soma (germenari kontrajarria).

Gizakia zergatik ez den betierekoa azaltzen du teoria horrek. Bada, germena hilezkorra da (belaunez belaun irauten baitu), eta soma, berriz, “erabili eta botatzekoa”, ezberdina belaunaldiz belaunaldi. Egoki funtzionatu ahal izateko, gure gorputzak etengabeko mantentzea behar du; organismoek eskura dituzten baliabideak erabili behar dituzte bizirauteko eta ugaltzeko. Baina somaren garapenak, mantentze-lanek eta konponketek (zeluletan agertzen diren kalteenak, kasu) energia-kantitate handia eskatzen dute; azkenean, zenbait urteren buruan, pertsona hil egiten den arte. Teoria haren arabera, emakumeen organismoa hobeto dago prestatuta kalteei aurre egiteko, batik bat ugalketaren arduradunak haiek direlako. “Genetikoki, gizona gehiago da `erabili eta botatzeko modukoa´ emakumea baino”.

Emakumeen biziraupena luzeagoa da, baina emakume adindunen osasuna adin bereko gizonena baino kaskarragoa izan ohi da.

“Zelulak mantentzen eta konpontzen oso eraginkorrak dira gorputzeko mekanismoak, baina ez perfektuak. Gorputzak akatsak egiten dituelako zahartzen gara —dio Kirkwoodek—. Geneek epe laburrerako ibilgailu bihurtu zituzten gure gorputzak: ibilgailu hori nahiko ondo mantentzen da hazteko eta ugaltzeko, baina ez, ordea, luze irauteko”.

Duela urte batzuk, Kirkwooden laborategian ikusi zuten luzeen bizi diren animaliek sistema hobeak dituztela mantentzeko eta konponketak egiteko. “Azkarragoak dira, edo ihes egitea ahalbidetzen dieten eboluzio-egokitzapenak garatuz joan dira (hegoak, kasu). Era berean, organismoko kalteak emeen zelulek arrenek baino hobeto konpontzen dituztela ere zientifikoki egiaztatuta dago”.

Bere teoria berrestera datoz iaz Japonen egindako ikerlan baten emaitzak ere: gizonen biziraupena laburragoa izatearen “ardura” espermako RasgrF1 genearena izan litekeela ondorioztatu zuten. Bi arratoi amaren material genetikoa baliatuta, bi kume eme sortu zituzten (horretarako, obulu baten DNA eraldatu zuten, espermatozoideek bezala jardun zezaten). Bada, bi arratoi ama haien kumeek ar eta eme baten artekoek baino 186 egun gehiago biziraun zuten.

Beste espezie gehienetan ez ezik, gizakion artean ere oso garrantzitsua da emakumeen gorputzaren egoera ugalketaren arrakasta bermatzeko: “umekia amaren umetokian hazten da, eta amak eman behar izaten dio gero bularra. Beraz, amaren gorputza larregi kaltetua egotea arriskutsua da ondorengo osasuntsuak izateko. Gizonek ugalketan betetzen duten funtzioa, berriz, ez dago hain lotua osasun-egoerarekin. Gainera, testosterona-kantitate handiek gizonen ugalkortasuna handitzen dute, baina kaltegarria da luzaroan bizirauteari dagokionez”.

Ortzadar-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia