Zer gertatu zen Permiarrean?

2003/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurraren historiako iraungitzerik handiena; dinosauroen garaikoa baino handiagoa. Duela 250 milioi urte gertatu zen eta itsasoko espezieen % 90-95 eta lurrekoen % 70 inguru desagertu zen. Zerk eraginda?

Hori eztabaidagai da. Hainbat teoria dago: Pangea sortu izanak eragin zuela, glaziazioak izan zirela, sumendiek eragin zutela edo metanoak eragin zuela.

Geology aldizkariko bi artikulu berritan azken ideia hori aipatzen da. Batean, itsas hondoetan metano izugarri metatu zela kalkulatu du Gregory Ryskin-ek. Metano hori lurrikara batek edo beste zerbaitek eraginda askatzen hasi zela, eta horrek eragindako uraren presio-txikitzeak, era berean, are metano gehiago askarazi zuela. Metanoa atmosferara iristean, leherketa handiak gertatuko ziren, gaur egungo arma nuklear guztiek batera eztanda eginda baino 10.000 aldiz indartsuagoak. Ryskinen ustez, leherketa horiek sortutako ke eta kedarrak negu nuklearra edo klimaren berotze globala eragin zuten.

Beste artikuluan, pixka bat lehenago argitaratuan, metanoa bai, baina ez zegoen leherketarik. Metanoa itsasotik pixkanaka askatu bide zen eta atmosfera arnasgaitza bihurtu.