}

Zenbatekoa da CD-ROM baten erabilera beteko bizitza?

2000/05/24 Elhuyar Zientzia

CD-ROM baten erabilera beteko bizitza zenbatekoa den zehaztu gabe dago oraindik, hori kalkulatu edo neurtu ahal izateko CD-ROMak berriegiak baitira.

Batetik CD-ROMak duela urte gutxiko asmakuntza dira eta ikertzaileek ez dute nahiko denbora izan CD-ROMen degradazio-mekanismoak ikertu eta ulertzeko. Bestalde, CD-ROMei egin zaizkien test bortitzek ez dute argitu zenbatekoa den iraupen-bizitza hori. Polikarbonatoa eta aluminioa dira CD-ROMen osagai nagusiak eta hauek modu askotara honda daitezke; esaterako, argi ultramoreak polikarbonatoaren propietate optikoak alda ditzake; edo polikarbonatoaren propietate mekanikoak berez aldatu egin daitezke, edo bestela, aluminioa oxidatu egin daiteke.

Baina hala ere, CD-ROMen arrisku nagusia ez da hondatzea, zaharkituta geratzea baizik. Izan ere, teknologia berriak hain azkar garatzen diren garai honetan, litekeena da urte gutxitan CD-ROMak zaharkituak geratzea; eta DVDak dira horren lekuko.

Nahiz eta oraindik merkatuan ez duten indar handirik, DVDak dira CD-ROMen mehatxurik handiena. DVDak CD-ROMak bezala funtzionatzen du, baina edukiera da bereizten dituena: espazio berean askoz ere informazio gehiago gorde dezake DVDak.

Guztia ezin aldekoa izan eta, DVDak ere baditu arazoak: CD-ROM irakurgailuek ez dute balio DVDentzat, eta DVDa erabili nahi izanez gero aparteko irakurgailua beharko luke. Alderantziz, ordea, posible da; hau da, DVD irakurgailuak CD-ROMak irakur ditzake.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia