}

Zenbat pisatzen du gorputz batek erortzean

2000/01/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Igogailu batean zaudela, jaisten hasten denean ez al duzu inoiz sentsazio berezi bat hauteman? Pertsonak amiltzean nabaritzen duen ezohizko arintasunaren antzerakoa da. Hori, berez, ez da grabitaterik ezaren edo grabitatea txikiagotzearen sentsazioa baino.

Hasiera-hasieran, igogailuaren zorua jaisten abiatzen denean, eta guk gelditzetik abiatzeagatik ez dugu oraindik haren abiadura lortu, gure gorputzak ez du ia presiorik egiten zoruaren gainean eta, beraz, gure pisuaren sentsazioa ohizkoa baino txikiagoa da. Baina, behin abiatu ondoren sentsazio berezi hori desagertu egiten da eta gure gorputzak igogailua baino (hau higidura uniformez jaisten da) azkarrago joan nahi duenez gero, zoruaren gainean presioa egiten du, hots, bere ohizko pisuaren sentsazioa berreskuratzen du.

Eseki dezagun dinamometro baten gakotik pisutxo bat eta dena batera oso azkar jaisten denean begira dezagun orratza norantz desbideratzen den. Higidura hori gertatzen ari den bitartean, orratzak adierazten duen pisua pisutxoarena baino txikiagoa dela ikusiko dugu. Eta dinamometroa guztiz libre eroriko balitz (eta guk orratzaren emaitza ikusteko bidea izango bagenu) erortzerakoan orratzak zero markatzen duela ikusiko genuke, hau da, pisutxoak pisurik izango ez balu bezala.

Pisua duten gorputzek erortzerakoan pisua galtzen dutela esan dezakegu. Baina, hau nola? Horretarako, aldez aurretik, "pisua" hitzarekin zer ulertzen dugun argitu beharko dugu. Ohizko hizkeran gorputz baten pisua honako hau da: eusten dion azalari egiten dion presio-indarra edo, zintzilik badago, gakotik tiratzen duena. Baina, gorputzak, erortzerakoan, ez du dinamometroaren gakotik tiratzen, ez eta, beraz, honek bere malgukitik ere, denak erortzen hasi dira eta. Horregatik, orratzak zero baino ez du markatuko.

Mekanikaren nolabait sortzailea den Galileok XVII. mendean bere "iscorsi e dimostrazioni matematiche in torno a due nuove scienze attenenti alla meccanica e i movimenti locali" hauxe idatzi zuen: "Guk geure sorbaldaren gainean zama sentitzen dugu, zama horren erorketa ekiditzen saiatzen garenean. Baina, gure sorbaldaren gainean dagoen zamak behera aldera daukan abiadura berdinez hasten bagara jaisten, nola da posible honek presioa edo ondoeza egin diezaigula? Hori eta gure aurretik gure abiadura berdinaz, korrika doan bat, eskutik askatu gabe, lantza batekin zauritu nahi izatea bezala da".

Esandako guztia esperimentu erraz baten bitartez egiazta dezakegu. Beso-balantza baten platertxo batean intxaur-kraskagailu bat jar dezagun ondoko era honetan: kraskagailuaren beso bat platertxoaren gainean dagoen bitartean, bestea, hari batez, balantzaren gakotik lotuko dugu.

Hori egin ondoren, balantzaren oreka lortzeko, beste platertxoan behar diren pisuak ipiniko dira. Orduan hariari poxpolo piztu bat hurbiltzen badiogu, hariak sua hartzen duenean, kraskagailuaren besoa platertxoaren gainean eroriko da.

Zer gertatuko da balantzan? Kraskagailuaren besoa erortzen ari den bitartean bere platertxo hori igo, jaitsi ala orekan geldituko da? Lehen adierazitako guztia ongi ulertu badugu, galdera horri erantzun zuzena emateko gai izango gara: platertxo hori igo egingo da.

Hala izango da, noski: kraskagailuaren besoak, erortzerakoan, nahiz eta platertxoaren gainean egon, lotuta zegoenean baino presio txikiagoa egingo du; eta, beraz, erorketaren tartetxoan platertxoa igo egingo da.

Nola pisatu zehazki

Askotan pisatzerakoan ez dakigu erabiltzen dugun balantzaren zehaztasuna zenbaterainokoa den. Baina, ongi pisatzeko zerk du garrantzi handiagoa balantzak ala pisuek? Inork biak garrantzi berekoak direla pentsatzen badu, oker dago. Nahiz eta balantza oso zehatza ez izan, pisatze ona egin daiteke, baldin eta pisu-andana ona badugu. Horretarako prozedura bat baino gehiago dago.

Horietako bat Mendeliev kimikari errusiar ospetsuak asmatu zuen. Prozedura horren arabera, beso-balantza bat erabili behar da. Hasteko, balantzaren platertxo batean, pisatu behar duguna baino pisu handiagokoa den zerbait jarri behar dugu eta gauza horren pisua beste platertxoan pisutxoak jarriz orekatu behar dugu. Hori egin ondoren, bigarren platertxo horretan pisatu nahi dugun gorputza jarriko dugu, eta behar diren pisutxoak kenduz berriro ere oreka lortuko dugu. Zer esanik ez, pisatu nahi genuen gorputzaren pisua eta kendu ditugun pisutxoenak berdinak izango dira, balantza ona nahiz txarra izan.

Prozedura horri "pisu konstanteko prozedura" deritzogu eta oso erosoa da baldin gorputz bat baino gehiago pisatu behar badugu. Kasu honetan hasieran jarritako gorputza ez da aldatu behar, pisaketa guztietarako balio du eta.

Beso-balantza erabili beharrean, malguki-balantza edo dinamometroa erabiliko bagenu, pisatu behar dugun gorputza dinamometroaren gakotik eseki ondoren, orratzak markatzen duen balioa irakurriko dugu. Gero, gorputza kendu eta pisutxoak ipiniko ditugu lehen markatutako balioraino iritsi arte. Orduan jarritako pisutxoen balioak neurtu nahi genuen gorputzaren pisua emango digu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia