}

Zenbaitek ez du Big Bang-ean sinisten

2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iazko apirilean, Big Bang-aren teoriaren alternatiba gisa, teoria berri bat aurkeztu zuten Ingalaterrako zenbait fisikarik. Orain sofistikatu egin dute teoria; dirudienez, zehaztasun matematiko handiagoa lortu dute.

Ekpyrotic Model edo The Big Splat izenak entzun daitezke teoria berri hori izendatzeko eta unibertsoa nola sortu eta nola desagertuko den azaltzeko modu zeharo bitxia da.

Gaur egun kosmosari buruz dugun ideia Big Bang-aren teorian oinarritzen da batik bat. Horren arabera, Unibertsoa leherketa erraldoi baten ondorioz jaio zen eta eboluzio-prozesu bati darraio: modu azeleratuan ari da hedatzen, hain zuzen ere.

Baina unibertsoaren sorrera azaltzen duen bestelako teoria bat aurkeztu zuten iazko apirilean Ingalaterrako Neil Turok-ek, Paul Steindhardt-ek eta horien lan-taldeetako kosmologoek. Teoria horren arabera, unibertsoa bost dimentsioko espazioan dauden lau dimentsioko bi ‘mintz’ erraldoiren arteko talkaren ondorioz jaio zen. Antza denez, elkarrengandik oso distantzia txikira bi mintz infinitu daude. Mintz horiek talka eginda eragin zuten energiak gure unibertsoan dagoen energia eta materia guztia sortu zuen. Gero mintzak aldendu egin ziren eta jaioberria den unibertsoak eboluzioan jarraituko du desagertu arte. Baina prozesua infinituraino luzatzen da, noizean behin mintzen arteko talka horiek gertatu eta dena berriro ere hasiko omen delako.

Turok-en aburuz, eredu berria matematikoki kontsistentea izateaz gain, estetikoki atsegina ere bada.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia