}

Zelula barruko jarduera 3Dn eta denbora errealean ikusteko mikroskopio berri bat

2014/10/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zelula-barruko-jarduera-3dn-eta-denbora-errealean-
Irudien sekuentziak T zelula bat erakusten du (ezkerrean), itu-zelula batera gerturatzen eta hari itsasten. T zelula mEmerald-Lifeact plasmidoa ari da espresatzen (laranjaz); itu-zelula, berriz, tagRFP proteinarekin fusionatutako mintz-markatzaile bat (urdinez). Arg. Betzig Lab, HHMI

Abiadura handian eta eskala txikian gertatzen diren prozesu biologikoak ikusteko gai den mikroskopio optiko berri bat aurkeztu dute gaur. Enbrioi baten garapenetik hasi eta banakako proteinen mugimenduetaraino, denbora errealean eta 3Dn jasotzen du mikroskopioak gertatzen ari dena. Science aldizkarian aurkeztu dute mikroskopia teknika berria Howard Hughes Institutu Medikoko ikertzaileek. Hain zuzen, 2014ko Kimikako Nobel saridunetako bat da teknika garatu duen ikerketa-taldearen burua: Eric Betzig.

Prozesu biologikoak in vivo ikusteko mikroskopia teknikek bi muga dituzte. Batetik, oso eskala txikian gertatzen diren bereizmen handiko irudiak lortzeko zoom egitean, lagina kaltetu egiten du ikusteko igortzen den argiak. Bestetik, denbora gehiago behar dute irudiak hartzeko, eta horrek mugatu egiten du prozesu azkarrei jarraitzeko mikroskopioen gaitasuna.

Betzigen taldeak aurkeztutako teknika berriarekin asko murrizten da laginari egiten zaion kaltea, eta, handitu, mikroskopio optiko batekin azter daitezkeen prozesu biologikoen zerrenda. Mikroskopio berriaren gaitasuna 20 sistema biologikorekin probatu dute, eta irudi eta bideo ikusgarriak lortu dituzte. Hurrengo bideoan, esaterako, C. elegans zizarearen enbrioi baten muskulu-kontrakzioak ikus daitezke:

Movie S6 High Resolution from HHMI NEWS on Vimeo.

Argi-geruzako mikroskopiatik (Light Sheet Microscopy) abiatuta sortu dute teknika berria. Teknika horretan, laserrak baliatzen dituzte argi-geruzak sortu eta lagina sekzioka argiztatzeko. Argi-geruza zenbat eta meheagoa, orduan eta handiagoa mikroskopioaren bereizmena. Enbrioien garapenari in vivo jarraitzeko erabili izan da mikroskopia teknika hori, baina geruzak lodiegiak ziren eskala txikiagoko prozesuei jarraitzeko. Argi-geruzei sare-egitura emanez, argi-geruza ultrameheak sortzeko modua asmatu du Betzigen taldeak. Horrela, laginari kaltea murrizteko eta abiadura-bereizmena handitzeko bidea asmatu dute. Argi-geruza saretuko mikroskopia (Lattice Light Sheet Microscopy) izena jarri diote teknika berriari, eta probatu nahi duten ikertzaileek helbide honetan egin behar dute eskaera: http://www.janemia.org/aic

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia