}

Zelula ametatik obulu funtzionalak sortzea lortu dute saguetan

2012/10/05 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zelula-ametatik-obulu-funtzionalak-sortzea-lortu-d
(Ezkerretik goitik hasita eta pausoz pauso) Birsortutako obulutegiaren fluoreszentziapeko irudia; induzitutako zelula ametatik eratorritako oozitoak hainbat fasetan eta, azkenik, sagukume ugalkorrak. Arg. Katsuhiko Hayashi

Zelula ametatik abiatuta, obuluak lehenengo eta sagu ugalkorrak ondoren sortzea lortu dute Japoniako Zientzia eta Teknologia Agentziako ikertzaileek, Kyoton. Ikerketaren emaitzak gaur argitaratu dira, Science aldizkariaren webgunean.

Mitinori Saitou ikertzailearen taldeak bi zelula ama mota erabili ditu obuluak sortzeko. Enbrioien zelula amak alde batetik, eta induzitutako zelula ama pluripotenteak bestetik, zelula helduetatik sortuak, azken horiek.

Zelula ama horiek eskuratzea izan da ikerketaren lehen urratsa, eta, bigarrena, saguen gonadetako zelulekin batera haztea, “birsortutako obulutegia” deritzon egitura sortzeko. Ondoren, egitura horiek saguei transplantatu diete, eta lau astez hazten utzi dituzte, zelulak oozito heldu bihurtu diren arte. Lau asteren buruan obuluak erauzi eta in vitro ernaldu ondoren, berriz ere txertatu dizkiete beste sagu batzuei. Ikerketaren azken emaitza sagukume bideragarriak izan dira, helduarora iritsi diren sagu ugalkorrak.

Horrenbestez, ikertzaileek frogatu dute posible dela saguen zelula ama enbrionarioetaik edo induzitutako zelula ametatik abiatuta obulu ugalkorrak sortzea. Ikerketa talde honek gauza bera egitea lortu zuen iaz espermatozoideekin, eta Cell aldizkarian eman zuten emaitzen berri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia