Zelula amak sortzeko errezeta berriak

Fibroblastoekin baino askoz errazago lor daitezke induzitutako zelula pluripotenteak abiapuntu gisa beste zelula-mota batzuk erabilita. Kaliforniako Stanford Unibertsitateko talde batek gantz-zelulekin lortu du fibroblastoen emaitzak hobetzea, eta Bostongo Massachussets Ospitale Orokorreko beste batek oreztetako zelulekin.

Induzitutako zelula amak sortzeko, larruazaleko fibroblastoak erabiltzen dira eskuarki: zelulak hartu, zelula-kopuru nahikoa handia izan arte hazi eta, birprogramatzeko, tratatu egiten dira. Oro har, hazteko hilabete inguru behar dute, eta 10.000 zelulatik batek lortzen du zelula pluripotente bilakatzea.

Beste zelula-mota batzuekin, berriz, aldatu egiten da beharrezko denbora eta lortutako arrakasta-ehunekoa. Stanford Unibertsitateko taldeak, adibidez, pare bat egunean prest zituen gantz-zelulak, tratatzeko. Desberdintasuna eskuratutako zelula-kantitatean datza: liposukzio bidez bi litro gantz atera zizkieten lau lagun gizeni, eta tratatu nahi ez zituzten zelulak garbitu besterik ez zuten egin behar izan. Gainera, tratatutakoan, ikusi zuten fibroblastoekin baino 20 aldiz eraginkorragoa zela erabilitako metodoa.

Irudia: Thefuturistics

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali