Zelula amak, minbiziaren aurkako txerto
2018/02/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zelula amak minbiziaren aurkako txerto modura erabili ahalko liratekeela adierazi dute Stanford Unibertsitateko ikertzaileek. Zelula amek eta minbizi-zelulek aparteko antzekotasunak dituztela nabarmendu dute: batzuek zein besteek ez dute mugatua hazteko eta ugaltzeko gaitasuna. Gainera, bien mintzetan antzeko antigenoak azaltzen direla ikusi dutenez, tratatutako zelula amak gorputzean txertatu, eta immunitate-sistema minbiziaren aurka entrenatzeko erabili daitezkeela iradoki dute.
Saguekin egin dituzte probak, eta 10 sagutik 7tan tumoreen hazkuntza inhibitzea lortu dutela erakutsi dute Cell Stem Cell aldizkarian. Horretarako, lehenik, saguei azaleko edo odoleko zelulak hartu eta birprogramatu egin dizkiete. Lortutako zelula ama pluripotente induzitu horiek (iPS zelulak) irradiatu eta erreplikatzeko ahalmena kendu diete –teratomak sortzeko arriskua ekiditeko–. Saguei injektatuta, zelula ama inaktibatuok T linfozitoen erantzun antitumorala aktibatzen dutela ikusi dute.
Bularreko, azaleko eta biriketako minbiziarekin egin dute oraingoz proba, eta hiruetan antzeko emaitzak jaso dituzte. Etorkizunerako helburua pertsona bakoitzarentzat bere iPS zelulekin txerto indibidualizatua garatzea litzakeela dela adierazi dute, minbizi-mota askoren aurkako babesa lortzeko balioko lukeena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia